Krimeari Errusiako Federazioarekin bat egiteko atea ireki izana, bere probetxuan baliatu nahi du Transnistriak. Sobiet Batasuna desegiten ari zen unean, Dniester ibaiaren ekialdeko eskualdea Moldaviatik bereizi egin zen 1991n, eta de facto estatu independente baten gisa jokatu du, nazioartearen onarpenik jaso ez arren. Krimeak orain egin duena duela hogeitaka urte egin zuen Transnistriak, eta, sobietar errepublikak estatu independente bihurtu zirenetik, Errusiako Federazioarekin bat egiten tematu da.
Errusiera hiztunei naziotasuna eskuratzea erraztu eta eskualde bat federazioari batzeko bidea irekiko lukeen legedia aztergai dauka Errusiako parlamentuak, propio Krimeari zuzendua. Eta ate hori Transnistriari ere zabaltzeko aukerarik ba ote dagoen aztertzeko eskatu diote Dumari, Transnistriako parlamentuko bozeramaile Irina Kubanskikhek Itar Tass agentziari jakinarazi dionez.
Zer ikusia badute orain Krimean gertatu denak eta duela 23 urte Transnistrian bizi izan zutenak. Artean SESBeko kide zela, Moldaviako Parlamentuak errumaniera aldarrikatu zuen hizkuntza ofizialtzat. Horrek piztu zuen Transnistriako gehiengo eslaviarraren haserrea, eta 1991ko abenduaren 1ean independentzia aldarrikatu zuten. Erreferendumean, aldeko botoak %97,5 izan ziren, orain Krimean bezalatsu.
Alde bakarreko burujabetza adierazpena berresteko, beste erreferendum bat egin zuten Transnistrian 2006ko irailaren 17an. Moldaviak galdeketa horri batere sinesgarritasunik aitortu ez arren, ofizialki parte hartzea %78,6koa izan zen, eta Errusiari batzearen aldeko botoak %97,1 izan ziren.
Garai hartako erroldako datuen arabera, Transnistriako biztanleen %60 inguru eslaviarrak dira —errusiar jatorrikoak %30,3 eta ukrainar jatorrikoak %28,8—, eta moldaviar jatorrikoak, berriz, kultura latinoaren sustraikoak, %34.
2011ko abendutik Jevgeni Xevtxuk da Transnistriako presidentea, baina independentzia aldarrikatu ondoreneko hogei urteetan Igor Smirnov izan zen estatu burua. Eta agintea uztear zela, independentziaren 20. urteurreneko ekitaldian —Errusiako eta Ukrainako agintariak baino ez ziren joan nazioartetik—, Moldaviako «nazionalista faxistak» salatzearekin bat transnistriarrak «beti» Errusiarekin egongo zirela aldarrikatu zuen: «Errusiako inperioaren muga bat da Transnistria».
SESB desegitean, Moldaviak eta Transnistriak aldi berean aldarrikatu zuten burujabetza, eta ia bost hilabeteko gerraizan zuten 1992ko martxoa eta uztaila artean: mila hildako izan ziren. Errusiako armadak baseak zituen herrialdean, eta haien laguntzarekin Transnistriko indarrak nagusitu ziren. Errusiak bermatzen du ordutik 4.163 kilometro koadroko eskualdearen izaera, militarki eta ekonomikoki. Baina Moldaviarekin harreman diplomatikoak baditu Moskuk.
Errusiako Feredazioko kide bihurtzeko eskaerarekin batera, Transnistriako agintariek Moskuri ohartarazi diote Moldaviak Europako Batasunarekin sinatzekoa duen elkartze akordioak eskualdeko egoera okertu egingo duela. Nicolae Timofti Moldaviako presidenteak, baina, «okerreko bidean urratsik ez egiteko» ohartarazi dio Errusiari.
Ukraina. Krisi politikoa
Transnistriak egokiera baliatu egin nahi du, Errusiari lotzeko
«Okerreko bidean» urratsik ez egiteko ohartarazi dio Moldaviako presidenteak Moskuri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu