Emakume transen aurkako politikari gogor ekin dio Donald Trump AEBetako presidenteak: agindu exekutibo bat sinatu berri du emakumezko atleta transak kanporatzeko emakumezkoen kiroletatik. Zehazki, eskolarteko eta unibertsitateetako kirol ligetan ezarriko du araua, eta, haren arabera, finantzaketa ukatuko die emakume transen parte hartzea baimentzen duten ikastetxeei.
Agindu exekutiboaren oinarrian AEBetako arau federal bat dago: IX. Titulua. Edonola ere, zeresana eman du Trumpen administrazioak arau horretan inguruan egin duen interpretazioak. Izan ere, IX. Tituluaren xedea da eskola kiroletan sexu diskriminaziorik ez izatea. Horren arabera, kiroletan ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeek ezin dute finantzaketa publikorik jaso. Trumpen interpretazioa, baina, oso bestelakoa da: «Emakumeen kiroletan, gakoa baldin bada emakumeei aukerak ematea, parte hartzeak segurua eta bidezkoa izan behar du denentzat berdin, eta horrek esan nahi du emakumezkoen kirola emakumeentzat soilik gorde eta zaindu behar dela».
Arauak eragina izanen du, halaber, kirol profesionalean, eta, are, AEBetara kirol txapelketaren batean parte hartzera doazen atleten baimenetan; besteak beste, 2028an Los Angelesen egitekoak diren Olinpiar Jokoetan: Trumpek iragarri du sarbidea «ukatuko» dietela «beren burua emakume gisa aurkezten dutenei», legeari «iruzur» egitea egotzita. Horrez gain, Etxe Zuriak presioa areagotu du AEBetako eta nazioarteko kirol federazio nagusiek ere debeka dezaten atleta transen parte hartzea. Trumpen prentsa idazkari Karoline Leavittek argi eta garbi adierazi zuen atzo: «Presidenteak espero du Olinpiar Batzordeak eta NCAAk (unibertsitate kirolaz arduratzen diren eragileen elkarteak) ez dietela baimenik emanen gizonei emakumezkoen kiroletan parte hartzeko. Eta, agindu exekutiboa sinatuta, presio kanpaina publiko bat abiatu dugu erakunde horiek bide zuzena har dezaten».
Orain arte sinatu dituen agindu exekutibo guztiekin egin bezala, sinatze ekitaldia bera ikuskizun bihurtu du Trumpek: dozenaka emakume eta neska zisgenero gonbidatu ditu Etxe Zurira, zuzenean ikus zezaten nola sinatzen zuen agiria, eta argazkia atera du denekin. Ekitaldian, eskuin muturrak sarritan zabaldutako gezur bat ere errepikatu du AEBetako presidenteak: «Gogoan duzue iaz, Parisko Olinpiar Jokoetan, gizonezko boxeolari batek emakume bati urrezko domina kendu zionekoa? Emakumea boxeolari fina zen, txapelduna, baina hasi eta 46 segundora erretiratu egin behar izan zuen, gizonezko horren oldarraldi basatiaren ondorioz». Imane Khelif boxeolari aljeriarraz ari zen Trump, baina hura ez da gizonezkoa, ezta emakume transa ere: zis emakumea da. Eskuinaren kanpaina mediatiko baten ostean, ordea, Emakumezkoen Munduko Boxeo Txapelketatik kanporatu zuten.