Errefuxiatuen krisia. Kios uharteko egunerokoa

Tranpa greziarra

Errefuxiatuen kopurua duela hiru astekoa halako sei da Kiosen: otsailaren 26an, 500 ziren; gaur, ia 3.000. NBEk kudeatzen dituen egiturak gainezka egitear daude.

Irangoa da Arash, eta arrebarengana doa Alemaniara; Atenasera eramango duen ferrya hartzeko zain dago Kiosen. DANIEL RIVAS.
Kios
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Goizaldeko ordu biak dira, eta Kios uharteko hiru bizilagun kostaldea zaintzen ari dira, muino batetik. Haietako bat oihuka hasi da. Besoa eskuin aldera mugitzen du. Orban beltz bat dago uretan, hondartzatik metro gutxira. Iluntasuna erabatekoa da, baina zerbait ikusi du itsasoan.

Txalupa puzgarri bat da. Korrika abiatu dira mendi magalean behera, argirik piztu gabe. Zurrumurruak entzuten dira, urrun. Zurrumurruak ahots bihurtu dira, eta 50 lagun aurkitu dituzte hondartzan. Zutik daude, elkarrekin, artalde baten moduan. Txalupa desagertu da.

Boluntarioek itsas pasealekuko biltegi batera eraman dituzte errefuxiatuak. Arropa lehorra gordetzen dute han. Haur bat negarrez ari da, eta ez dute aurkitzen haren neurriko arroparik. Gizon edadetu bat aulki batean eseri da, norbaitek noiz lagunduko zain. «Sei hilabete daramatzat jendea hondartzatik ateratzen, baina ezin dut saihestu gauero negar egitea». Toula da, Kios uharteko boluntarioetako bat, negar zotinka hizketan.

Otsaileko azken asteetan eta martxoko lehenengoetan 800 errefuxiatu baino gehiago iristen ari dira egunero uhartera; Kios Pireoko portuarekin lotzen duen ferryan, aldiz, ehun lagunek bakarrik bidaia dezakete egunero. Kopurua handitu egiten dute igandeetan: 400.

Lehorreratu, arropa eta oinetakoak aldatu, eta errefuxiatuak Vialgo errolda zentrora eramaten dituzte autobusean. Han pasatzen dute lehen gaua, hirian errefuxiatuentzat prestatutako lau zentroetako batera eraman aurretik: portukora, Soudako hondartzakora, Tabakikako lantegi zaharrekora edo Dipetheko elizakora.

Batzuek sakelakoak pizten dituzte, senideei ondo daudela jakinarazteko. Turkian erositako telefono txartelen estaldura iristen da Kiosera, Turkiatik zazpi kilometro eskasera baitago.

Biltegiko lurrean botata geratu dira 50 oinetako pare, bustita eta hondarrez beteta. Gaurko bidaiari guztiak afganiarrak izan dira, irandar bat salbu. Minutu batzuk geroago, beste txalupa bat iritsiko da, eta arropa kaxak nahaspilatuta egongo dira berriro. Aurten, 534 lagun ito dira Egeo itsasoan, Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera. Gaurko taldeak bere bizitza arriskuan jarri du, baina orain Grezian barrena bidaiatzen ari da.

Parentesia

Kiosen, irteerak lausotu egiten dira. Mazedoniako muga itxita—martxoaren 9tik— eta ferryan bidaiatzeko kopuruak mugatuta, errefuxiatuak irletan erroldatzen dira asiloa eskatzeko. Arash, Irango katoliko bat, bere txakurrarekin bidaiatzen ari da Alemaniara. Han bizi da bere arreba. Lau egun behar izan zituen uharteetatik kontinentera iristeko txartela erosteko.

Kiosen portuko errefuxiatuentzako zentroan lo egin zuen. Gaur egun, 270 lagun daude han. Karpa zuri bat da, luzanga, itsas agintaritzaren ondoan jarria. Familiek lurrean lo egiten dute, burusiekin tapatuta. Erdian berogailuak daude.

Guztira, 2.400 errefuxiatu inguru daude Kios uharteko errefuxiatuentzako zentroetan. Europako Batasuneko eta Turkiako buruzagiak hitzarmena egin duten honetan, UNHCRek (Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria) kudeatzen dituen azpiegiturak gainezka egitear daude. Errefuxiatu kopurua duela hiru astekoa halako sei da gaur egun: otsailaren 26an, 500 ziren; gaur egun, ia 3.000.

Mugara bidean doa Arash. Kiosen zain pasatu zituen orduak. Zain gosaltzeko, zain bazkaltzeko eta zain afaltzeko. Oinarrizko errutina hori, ordea, arriskuan dago muga itxi zutenetik. 43.700 errefuxiatu daude Grezian, 8.700 Egeo itsasoko uharteetan. Kopurua handitzen ari da egunero, eta elikagaiak kudeatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeak aztertzen ari dira nola eutsi eguneko hiru otorduei.

«Eskerrik asko guri laguntzeko Europa zeharkatzeagatik», esan die Mariok Gipuzkoatik joandako Zaporeak proiektuko kideei. Jatorri greziarreko argentinarra da Mario. Uhartea bisitatzen ari da. Zaporeak egitasmoko kideek errefuxiatuentzako otorduak prestatzen dituzte duela astebetetik. Nazioarteko elkartasuna iritsi aurretik, greziarrek beren kabuz aurre egin zioten krisi humanitarioari.

Kios uharteko itsasarte txiki batean, borda batean, bikote gazte bat bizi da. Gauero zaintzen dute kostaldea. Ia derrigortuta hasi ziren, udan: «Gure txakurrak zodiaken motorrak entzuten zituen, eta zaunka egiten hasten zen. Ez genuen gau oso bat lo egin uztailean eta abuztuan». Errefuxiatuak haien itsasarteko hondartzan lehorreratzen zirenean, bikoteak arropa lehorrak uzten zizkien, eta baita txabola bat ere, atseden hartzeko. Gero, errefuxiatuak oinez joaten ziren porturaino, ferrya hartzera.

Kiosen, boluntarioek lana banatzen dute egunero. Bertako batzuek janaria prestatzen diete errefuxiatuei. Baita zenbait alemaniarrek, suitzarrek eta euskal herritarrek ere. Euskal Herritik joandako itsas salbamenduko talde batek itsasoa zaintzen du; mundu guztiko boluntarioek, berriz, lurretik kontrolatzen dute txalupen etorrera. Europako Batasuna eta Turkia bildu dira, eta Kios uharteko bizilagunek badakite, azken hilabeteetan egin duten moduan, egunero atera beharko dutela kalera, laguntza eskaintzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.