'Tory'-ei aurre egiteko azken saioa

Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur, eta kontserbadoreak dira faborito

2010eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hauteskunde eguna da gaur Erresuma Batuan. Erabakia, beste behin,laboristena. Egoera dena delakoa izanda ere, Gordon Brownen alderdiaren alde bozkatu,edo boto praktikoaren alde egin erabaki behar dute; esan nahi baita, kontserbadoreen garaipen absolutua zapuztearren, liberal-demokraten alde egin ala ez. Laboristek, hala, bihotzarekin edo buruarekin bozkatzearen arteko muga jarri dute bi aukera horien artean. Alabaina, pragmatiko bihozgabeetatik hasi eta demokratiko erromantikoetarainoko anabasa laboristan, botoak ere galduko dituzte, segur aski. Demokraziaren tramiteetan nahastu gabe, errazago izango dute kontserbadoreek eta liberal-demokratek gaurkoan. Haien alde egin nahi duenak eskuinerantz, edo ez hain eskuinerantz egitearen artean aukeratu behar du.

Hauteskunde bezperan, eta boto-emaileak erakartzeko azken ahaleginetan, atzo, David Cameron Alderdi Kontserbadoreko buruzagiak eta Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak bat egin zuten diskurtsoan. Biak «borrokarako» prest agertu ziren; lehenengoa, «boto guztien» alde egiteko;«Erresuma Batuari etorkizun hobea» bermatzeko, berriz, bigarrena.

«Ez nuen inoiz pentsatuko hauteskunde hauek errazak izango zirela. Hauteskundeak, izan ere, beti bihurtzen dira desafio. Herritarrek ez dizute sekula oparituko agintea. Alderantziz, lan eginarazten dizute», adierazi zuen Cameronek, inkestak aldeizatearen harrotasunez. Boto asmoaren inguruan argitaratutako azken datuen arabera, Cameronek irabaziko ditu boto gehien; haatik, ez da seguru gehiengo osoa eskuratzerik izango duenik. Eta liberal-demokratekin negoziatu beharko duen -gobernua eratzeko Irlanda iparraldeko unionisten babesa ere alde izango luke, segur aski-.

Garaipena ez eskuratuagatik ere, Parlamentuan haren alderdiak nabarmen gora egingo duela jakitun, Nick Clegg hautagai liberal-demokratak «aldaketaren alde egin dezaten» eskatu zien atzo herritarrei. Boto baliagarriaren mamua baztertu nahi izan du hala.

Iragarritako aldaketak

Kontserbadoreak indartu izanak iragarri zuen lehen aldaketa. Eta Clegg hauteskunde lehiara ustekabean eta indartsu agertzeak, gauzak daudenetan bederen ez direla geldituko baieztatu zuen. 1974tik lehenengo aldiz, alderdi batek ere du izango gehiengo osoa Parlamentuan -boto asmoaren arabera, betiere-, eta Erresuma Batuko hauteskunde mapan aldaketak gertatuko dira. Ez akaso lehen begiratuan, haatik.

Erresuma Batuko hauteskunde sistemaren ondorioz, izan ere, mapan irabazle ageri direnak ez dira izan ohi agintean daudenak. Lehen begiratuan ikusten ez diren barruti txikiek izaten duteazken hitza. Horrela gertatu da orain arte: kontserbadoreak barruti handienen jabe izan dira; laboristek, berriz, txikienetan agindu dute. Eta hala ere, azken horiek egon dira gobernuan. Txikienak izanagatik ere, haienak baitziren barruti gehienak, eta Westminsterren barrutiko diputatu bat izendatzen dela aintzat hartuta, erraza da laboristen aldeko kalkulua.

Oraingoan, dena dela, ez du aspalditik laboristenak izandako barruti asko segurtatzerik izan Alderdi Laboristak. Brownen ospeak azken hilabeteetan jasandako beherakadak eta krisi ekonomikoaren eraginak, hain zuzen, haienak izandako gotorleku asko kontserbadoreen edo liberal-demokraten eskuetara igarotzea eragingo dute.

Ingalaterrako iparraldean gerta liteke hori. Ed Balls Hezkuntza ministroak ordezkaritza gal dezake Parlamentuan, eta eremu hartan kontserbadore bakar batek irabazteak izango lukeen esanahi politiko eta guzti, Cameronen gertuko batek eskuratuko luke harena izandako eserlekua. Kolpea historikoa litzateke, zalantzarik gabe.

Ingalaterrako hego-ekialdean eta East Anglian ditu Cameronek bere gotorlekuak; haiek dira herrialdeko eremurik aberatsenetakoak, eta, salbuespenak salbuespen, hango barruti denetan tory-ak atera ohi dira garaile. Bada konkistarako aukerarik ere, dena dela: Chris Huhne liberal-demokratek bozeramailearena den Eastleigh eskuratuko balu, garaipen garrantzitsua izango litzateke Cameronentzat.

Londresko metropolian laboristenak dira barruti gehienak. Iazko udal bozetan gertatutakoa, baina, inguru haietan laboristek jasan dezakeen atzerakadaren aurrerapen moduko bihurtu da. Haatik, Cleggen alderdiak klase ertaineko herritarren botoak eskuratuko ditu, bi alderdien arteko lehian eraginez.

Bestalde, Midlands edo erdialdeko barrutiak ere giltzarri izan daitezke gaurko bozetan; haietan izan ere, botoa irabazten ari denaren aldekoa izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.