Italia

Tortura delitua, tiraderetara

Italiako lehen ministro Giorgia Meloniren gobernuak indargabetu egin nahi du tortura delitua, nahiz eta frogatuta egon segurtasun indarrek eta espetxeetako zaintzaileek bortizkeria baliatu izan dutela.

Santa Maria Capua Vetere espetxeko (Italia) kameretako irudietako batzuk. BERRIA.
Marco Santopadre - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Tortura delitua baliogabetu nahi du Italiako lehen ministro Giorgia Meloniren gobernuak, nahiz eta segurtasun indarrek eragindako indarkeria kasu ugariren berri izan. Adibidez, Veronan lau polizia eta inspektore bat atxilotu zituzten, babesgabeak torturatzeagatik —atzerritarrak ziren tratu txarrak salatu zituztenetatik gehienak—. Milanen, maiatzean, emakume transexual bat jipoitu zuten lau udaltzainek. Iazko uztailean, berriz, Erromako lau polizia baimenik gabe sartu ziren ijito familia baten etxean: gazte gor-mutu bat jipoitu, leihotik bota, eta zauri oso larriak eragin zizkioten.

Baina, batez ere, espetxeetan gertatu dira indarkeria ekintzarik larrienak. 2020ko apirilean, hainbat espetxetako presoek protesta egin zuten, salatzeko pilatuta zeudela, ez zutela osasun artarik, eta, beraz, COVID-19arekin kutsatu eta hiltzeko arriskua zutela. Espetxeetako langileek indarkeriazko zigorrekin erantzun zuten, eta, horien ondorioz, hamahiru pertsona hil ziren, eta dozenaka zauritu. Egunotan, Santa Maria Capua Vetere kartzelako 105 zaindari, mediku eta funtzionario epaitzen ari dira Napolin.

Antigone elkarteak 30 urte daramatza presoen eskubideen alde lanean, eta Napoliko auziari ez ezik, San Gimignano (Siena), Turin, Ivrea eta Modenako espetxeetako presoen aurkako indarkeria kasuei ere erreparatzen die. Elkarteko abokatua da Simona Filippi, eta argi du Melonik tortura delitua indargabetzeko adina babes lortzea«denboran atzera» egitea litzatekeela: «Bertan behera geratuko lirateke torturagatik inputatutako akusatu guztien aurkako epaiketak. Horrez gain, torturak egin dituztenen zigorrak ere berrikusi, eta asko kalera irtengo lirateke».

Asko dira Meloniren proposamenarena aurka daudenak, eta manifestazio ugari ere egin dituzte urte hasieratik, tortura delitua indargabetzearen aurka. Baina guztiak ez datoz bat. Eskuineko alderdiek, polizia sindikatuek eta komunikabide kontserbadoreek diote «sagar ustel batzuk» baino ez daudela, hau da, tortura kasu gutxi batzuk daudela. Filippi ez dator bat horrekin: «Espetxean bere botereaz baliatzen denak badaki lankideen eta medikuen konplizitatea duela, horiek ez dituztelako salatzen presoek jasaten dituzten torturak. Kartzelak toki itxiak dira: gehiegikeriak ez dira oharkabean igarotzen. Laguntasun giro horrek babestu egiten ditu torturatzaileak». Abokatuak ohartarazi du, gainera, zenbaitetan erasotzaileak gutxi batzuk diren arren, beste askotan espetxezain asko izaten direla erantzuleak. Horixe gertatu da Santa Maria Capua Vetere kartzelan.

Polizia, «babesik gabe»

Legeak hamar urte arteko zigorrak ezartzen ditu tortura delituetarako, hamabi artekoa torturatzailea polizia denetan, eta 30 artekoa torturen eraginez presoa hil bada. Baina eskuin muturrak hori indargabetu nahi du, argudiatuta segurtasun indarrak «babesik gabe» uzten dituela eta «kalte» egiten diola haien «izen onari».

Filippi ez dator bat eskuinaren baieztapenarekin. Haren esanetan, egun indarrean dagoen legeak debekatu egiten du edozein indarkeria mota erabiltzea presoen aurka baldin eta «bortxazko jokabide bat gelditzeko» edota ihesaldi bat eteteko ez bada. «Baina funtzionarioek urratu egiten dute legea, mendekua hartzeko eta beren boterea erakusteko. Askotan, atzerriko presoek jasaten dituzte gehiegikeriak, inguruan jende gutxiago ezagutzen dutenez zailagoa baitute gertatutakoa salatzea».

Antigonek ez ezik, giza eskubideen aldeko beste hainbat erakundek eta ezkerreko alderdiek ere gaitzetsi dute Meloniren asmoa. Nazio Batuen Erakundeak berak ere ohartarazi du «atzerapauso arriskutsua» litzatekeela.

Tortura delitua 2017an sartu zen indarrean, baina, orduan ere, askok kritikatu zuten neurria, uste baitzuten legean jasotzen zen edukia ez zetorrela bat herrialdeak sinatutako nazioarteko hitzarmenekin. Antigone elkartea, ordea, ez zen iritzi berekoa: «Guk ontzat eman genuen, delitua onartzeak berak eragin handia izan zuelako, baita kulturalki ere. Benetan uste genuen auzitegiek legea zabalduko zutela denborarekin. Tamalez, epaiketa asko atzera bota dituzte, nahiz eta frogak sendoak izan».

Abokatuak aipatutako epaiketetako bat izan zen 2020ko martxoan Modenako espetxean gertatutakoaren ingurukoa. Pandemia betean, Barne Ministerioak eten egin zituen senideen bisitak, argudiatuta koronabirusa zabaltzeko arriskua zegoela. Zenbait espetxetan, telefono dei gehiago egiteko aukera eman zieten presoei, baina ez guztietan. Ondorioz kartzela askotan protestak piztu, eta Poliziak indarrez geldiarazi zituen. Modenako espetxean bederatzi preso hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.