Pertsonen trafikoa, prostituzio behartua, bortxaketak, indarkeria eta xantaiak. Hori jasan behar izaten dute migratzaileek Afrikan eta handik Europara egiten dituzten bidaietan, tortura Afrikako migrazio bideen «etapa guztietan» baitago, OMCT Torturaren Kontrako Mundu Erakundeak salatu duenez.
Gerald Staberock OMCTko idazkari orokorraren arabera, gaur egun «tortura eta bestelako tratu txarrak nonahikoak dira migrazio bideetan», eta azken urteotan «nabarmen» handitu dira. Staberockek atzo egin zituen adierazpenok, Torturaren Bideak: Afrikan desplazatzen diren pertsonen kontrako abusu zikloak dokumentuaren aurkezpenean; horretan, OMCTk bildu egin ditu migratzaileek jasaten dituzten indarkeriak eta xantaiak.
Txostena bi urteko lanaren ondorio da, eta, hura osatzeko, hainbat testigantza entzun dituzte, Afrikako zortzi herrialderen egoera aztertzearekin batera: Niger, Txad, Tunisia, Kenya, Uganda, Mali, Sudan eta Senegal. Ondorioa argia da: abusuen eta torturen atzean mugako agenteak eta talde kriminalak daude batez ere.
«Lehen behaketa hauxe da: Libia ez dela migratzaile afrikarrentzako toki arriskutsu bakarra. Premiazkoa da Afrikako gobernu guztiak ohartzea nolako garrantzia duten beren mugetako, polizien kontroletako eta atxikitze zentroetako tortura kasuek», azaldu zuen Aminata Dieyek, txostena osatzeaz arduratu den lantaldeko buruak.
Mezu hori kritika batekin lotu zuen, gobernuei eta gobernuz kanpoko erakundeei zuzendua: «Azken hamarkadotan, garapenerako proiektu humanitarioek arreta jarri dute errefuxiatu estatusa dutenak babesteko kontzientziazio kanpainetan eta migrazio irregularrari adorea kentzean. Aldi berean, baina, ez ikusiarena egin zaie igaroan doazenen giza eskubideen urraketa larri guztiei».
Ideia horrekin batera, txostenak dio EB Europako Batasunak eta hango estatu kideetako batzuek Afrikako zenbait herrialderekin sinaturiko migrazio akordioen ondorio ere badela migratzaileek abusu horiek jasateko arriskua handitu izana. Hau da, EBk mugak «kanpora atera izanak aurreikusi zitezkeen ondorio argiak» eragin dituela: «Premiazkoa da modu kritikoan berriz gogoetatzea EBren kanpora ateratzeko politikez, eta berriz definitzea Afrikaren mugetako azpiegiturekiko nazioarteko babesa. Sarritan, errepresioz eta abusuz beterik daude», Dieyeren arabera.
Izan ere, itun horien «gardentasun falta» agerikoa da, eta horrek zaildu egiten du giza eskubideen errespetua bermatzea.
«Sakoneko» lehen lana
OMCTk atzo aurkezturiko txostena lehena da migratzaileek jasaten dituzten abusuak «sakon» aztertzen. Hori osatzeko, «250 migratzaile, asilo eskatzaile eta errefuxiatu» baino gehiago elkarrizketatu dituzte, baita zenbait langile humanitario eta gobernuen ordezkari ere.
Atentzio handiena Europarako bidea egitea erabakitzen dutenek ematen duten arren —batez ere itsaso bidez doazenek—, Saharaz hegoaldeko Afrikako migrazioa kontinente barrukoa izaten da gehienbat —herrialde batetik besterakoa—; azken datuen arabera, iazko abendurako 33,4 milioi lagun zeuden desplazatuta.
Hain justu, migrazioaz aritu zen atzo Ghanako presidente Nana Akufo-Addo, europarlamentuan emandako hitzaldi batean. Han, adierazi zuen «hobeagoa» dela «Afrikaren ekonomia babestea, horretarako funtsak eratzea eta hala aukera ekonomikoak sortzea», Europarako migrazioa gelditzeko inbertsioak egitea baino; horretarako, EBren eta Afrikako Batasunaren artean merkataritza akordio «bidezkoago bat» egiteko eskatu zuen.
Tortura Afrikako migrazio bideen «etapa guztietan» dagoela salatu dute
Torturaren Kontrako Mundu Erakundeak migratzaileek jasaten dituzten indarkeriak eta xantaiak bildu ditu. Oro har, agenteek eta talde kriminalek egiten dituzte abusuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu