Eskura dituen bide judizial guztiak agortuko ditu Kataluniako Parlamentuak Quim Torra presidentea inhabilitatua izan ez dadin. Hala erabaki zuten atzo JxC Junts Per Catalunya, ERC eta CUPeko diputatuek, hiru taldeek adostutako mozio batean. «Estatu kolpetzat» jo zuten Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak Torra inhabilitatzeko hartutako erabakia, «katalanen borondate politikoaren» eta hango legeen eta erakundeen «aurkakoa» delako, eta zilegitasun osoa aitortu zioten egungo presidenteari bere karguan jarraitzeko. Horrekin batera, azpimarratu zuten Torrari ezarri ahal zaion «legedi bakarra» dela Kataluniako Estatutuak ezartzen duena eta hango parlamentuarena.
Akordioan ez dute aipatzen epaitegietako erabakiei desobeditzeko aukera, baina Torrak, bere hitzaldian, hori zabalik uzteko proposatu zien: «Planto egiteko garaia da, legebiltzar honen burujabetza eta bertako kideen bortxaezintasuna defendatzeko. Nahikoa da politika egin nahi duten epaitegiez eta batzordeez», esan zuen, eta gaineratu berak hala jokatu duela. «Demokraziaren aurkako erasoen aurrean, injustizia eta abusuen aurrean, desobedientzia, eskubide bat izateaz gain, obligazio bat ere bada edozein agintari eta herritarrentzat».
Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidentea inhabilitatu eta hurrengo egunean, ezohiko saio batera deitu zuten Kataluniako Parlamentuan. Hainbat alkate joan zen Torrari babesa ematera, eta herritarrek protesta egin zuten kanpoan, ANCk deituta. Parlamentuko taldeek hiru mozio aurkeztu zituzten: alderdi independentistek adostutakoa, Catalunya en Comu-Podem taldearena eta PSCrena. Horiek denek testu bateratu bat hitzartzeko aukeraz hitz egin bazen ere —ERCk hala eskatu zien—, azkenean ez zen halakorik gertatu. Saioa bertan behera uzteko eskatu zuten PPk eta Ciudadanosek.
Garai berriak
Torraren zilegitasuna defendatzeaz gain, hiru alderdiek galdegin zuten Kataluniaren autodeterminazio eskubidea, preso politikoen amnistia, atzerrira alde egin dutenen itzulera eta Kataluniako herritar guztien eskubide zibil eta politiko guztiak bermatzea. Xede horiek lortzeko, «akordio nazional batera» deitu zuten.
Puntu horiekin desadostasuna agertu zuten Catalunya en Comuko-Podem eta PSCko diputatuek. Bi talde horiek, euren testuetan, hauteskunde batzordea kritikatzera mugatu ziren. Sozialisten ustez, erakunde horrek Auzitegi Gorenaren esku utzi behar zuen erabakia. «Gauza bat da hori defendatzea, eta beste bat horrekin batera autodeterminazioa babestea», esan zuen PSCko Miquel Icetak, independentisten mozioarekin bat egin ez izanaz galdetu ziotenean. Icetak, halere, eskua luzatu zion Torrari, «Kataluniako instituzioak babesteko». Espainiako gobernu aldaketarekin batera «aro berri baten hasiera» iragarri zuen.
Catalunya en Comukoek, berriz, «autogobernuaren kontrako erasotzat» jo zuten hauteskunde batzordearen erabakia, eta salatu Espainiako «eskuinaren eta eskuin muturraren estrategiaren» parte izan dela, Espainiako gobernuburuaren inbestidura saioa «oztopatzeko».
Gobernuko bi alderdiek, berriz, batasun irudia eman zuten eztabaida saioan. ERCko bozeramaile Marta Vilaltak azpimarratu zuen errepresioaren aurrean «pitzadurarik» ez dagoela haien artean. «Talde berean gaude», esan zion presidenteari, eta berretsi zuen epaitegietan edozer gertatuta ere eurek proposatuko dutela Torra izatea Kataluniako Gobernuaren burua Espainiakoarekin osatu asmo duten elkarrizketa mahaian.
JxCko Albert Batetek, berriz, azpimarratu zuen ez zela sozialistez fidatzen. «Orain artekoa zuzendu nahi baduzue, ekintzak nahi ditugu, eta ez hitzak. Orain duzue horretarako aukera».
CUPeko Carles Rierak Torraren «desobedientzia keinua» babestu zuen, eta burujabetza kalean defendatzera deitu zuen. «Autodeterminazioa ez da negoziatzen».
Torraren zilegitasuna defendatu du Kataluniako Parlamentuak
Alderdi independentistek adostu dute bide judiziala agortzea, presidentea inhabilitatua izan ez dadin, eta autodeterminazio eskubidearen aldeko apustua berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu