Torrak Europan salatuko du bere inhabilitazioa, Espainiako bidea agortuta

2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Quim Torra Generalitateko presidente ohia inhabilitatu zuen epaiari arrazoia eman zion atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta, hala, Torrari agortu zaio bidea Espainiako auzitegietan. Hori dela eta, «Europako prozedura judiziala» hasiko duela iragarri zuen atzo. «Nire helegitea Auzitegi Gorenak ukatu izanak modua ematen zidan nire auziaren defentsan Europako prozedura judiziala abiatzeko, eta Auzitegi Konstituzionalak berriz ere helegitea atzera bota izanak bidea libre utzi dit auzia Europara eramateko», adierazi zuen ohar batean, Konstituzionalaren ebazpena jakinaraztearekin batera.

Presidente ohiaren arabera, Konstituzionalak bere eskaria onartu ez izanak «erakusten du inongo auzitegik ez dituela katalanak babesten independentistak izate hutsagatik jasaten duten jazarpenetik». Itxaropena Europako justizian jarrita daukala azaldu zuen, eta espero duela arrazoia emango diotela hango auzitegiek. Era berean, bere aurkakoa «Kataluniako independentismoaren aurkako errepresio politikoaren eta judizialaren kasu bat gehiago» dela salatu zuen, eta halakoak 2.800 baino gehiago direla ohartarazi.

Aurrekoen ildotik

2019ko abenduan eman zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiak Torraren aurkako lehen epaia, preso dauden Kataluniako buruzagi politikoen aldeko pankarta bat kentzeko Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduari entzungor egiteagatik. Erabaki hori berretsi zuen Auzitegi Gorenak irailean. Kataluniako presidente kargutik kendu zuten Torra, eta galarazi egin zion urte eta erdiz kargu publiko bat izatea.

Presidente kargugabetuak helegitea jarri ondoren, Konstituzionaleko epaileek ebatzi behar zuten auzia, eta atzo ebatzi zuten, aurreko bi auzitegiek hartutako erabakian berretsiz. Ez zuten aho batez hartu, hala ere, Juan Antonio Xiol Rios epaileak aurkako boto partikularra aurkeztu baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.