Espainiako Auzitegi Gorenak inhabilitatu ondorengo egunean, Quim Torra herenegun arte Kataluniako presidente zenak kartzelan bisitatu zituen buruzagi independentista espetxeratuak, eta bideokonferentzia bidezko bilkura egin zuen erbestean diren buruzagi independentistekin. Lledonersko kartzelatik irten zenean, eskaria egin zien Espainiako Gobernuari eta Kataluniako alderdi politikoei: amnistia lege bat babestu dezatela, «preso politikoentzat eta 2.850 errepresaliatuentzat».
Torraren esanetan, Kataluniako gatazkaren konponbideak ezinbestean jaso behar ditu amnistia eta autodeterminazio eskubidea. Hori dela eta, nabarmendu du Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaiak bi puntu horiek jaso beharko lituzkeela gai zerrendan. «Gertatzen ari zaigun guztiarekin ere, elkarrizketa mahai horretan gaude, baina autodeterminazioari eta amnistiari buruz hitz egiteko. Idatziz ikusi nahi dugu [gai zerrendan]. Nahikoa da ustezko elkarrizketa bat irudikatzeko argazki eta bilera antzuez».
Presidente ohiak bere inhabilitazioaren kontrako helegitea aurkeztu zuen atzo bertan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Inhabilitazioa behin-behinean indargabetzeko eskatu dio auzitegiari, kautelazko neurri gisa. Dena den, adierazi du ez duela esperantza handirik Espainiako auzitegietan justizia lortzeko. Konstituzionalak urriaren 6an aztertuko du presidente ohiaren helegitea.
Gaur arratsaldean, berriz, parlamentuan agurtzeko aukera izango du, ganberak haren agerraldirako deitu duen ezohiko bilkura batean. PSCk iragarri du ez duela saioan parte hartuko.
Torrak bezala, ERCk ere gobernuen arteko elkarrizketa mahaia izan du hizpide, presidentearen kontrako epaiaren biharamunean. Gabriel Rufian Espainiako Kongresuko diputatuak elkarrizketa mahairako jarrera bateratu bat adosteko eskatu dio JxCri. «Ez luke zentzurik negoziazio horretara jarrera desberdinekin joateak».
Mahaian parte hartzeari uko egiteko eskatu die, aldiz, CUPek JxCri eta ERCri. Mireia Vehi diputatuaren esanetan, ez da ulergarria foro horretan parte hartzea, «[Espainiako] gobernuaren politika errepresioa denean».
Mahaia biltzeko prest jarraitzen duela esan du PSOEk, Adriana Lastra Kongresuko bozeramailearen ahotik, eta, aldi berean, Katalunian bozetara ahalik eta lasterrena deitzeko eskatu du, «aro politiko berri bat» hasi ahal izateko.
Torra inhabilitatu ostean, parlamentuak bi hilabeteko epea izango du beste presidente bat izendatzeko. Baina epea agortuz gero, automatikoki deituko dute hauteskundeetara, legeak hala aginduta. Sergi Sabria ERCren parlamentari taldeko buruak adierazi du otsailaren 7an izango direla bozak: «Matematika kontua da».
Aragones gobernuburu
Hauteskundeak egin artean, Pere Aragones presidenteordeak hartuko du Torraren tokia, behin-behinean eta eskumen mugatuak dituela. Hala adostu zuten JxCk eta ERCk presidentea inhabilitatu aurretik.
Generalitateko koalizio gobernua osatzen duten bi indarrek adostu dutenez, «presidentetzak berezkoak dituen espazioak hutsik» geldituko dira, eta Aragonesek, gobernuaren gidaritza hartuko duen arren, ez ditu presidenteari dagozkion funtzio guztiak bere gain hartuko.
Jarduneko gobernuak pandemia kudeatzea izango du lehentasun, eta, horretarako, kontseilaritza bakoitzaren eskumenak «muturreraino indartzea» hitzartu dute.
Bestalde, Torraren inhabilitazioak protestak eragin zituen herenegun. Bartzelonako CDRaren manifestazioaren ondoren izandako istiluetan, bost pertsona atxilotu zituzten mossoek.
Torrak amnistia babesteko eskatu die Madrili eta Kataluniako alderdiei
Kataluniako presidente ohiak bere inhabilitazioaren kontrako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. ERCk elkarrizketa mahairako jarrera adosteko eskatu dio JxCri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu