Sare sozialen bidez egin du iragarpena Quim Torra Kataluniako presidente ohiak: ez da gaur aurkeztuko Bartzelonako auzitegian egin dioten epaiketara, «fartsa bat» dela iritzita. «Ez diot zilegitasunik emango epaiketa politiko bati neure presentziarekin». Babesa eskatu die nazioarteko auzitegiei, eta konponbide bakarra independentzia dela gaineratu du.
Avui em tornen a jutjar per desobediència. No legitimaré un nou judici polític amb la meva presència. Demano empara als tribunals internacionals. L’única solució, la independència. Ací teniu el meu comunicat (https://t.co/KGkuEJch2e) i el vídeo: pic.twitter.com/7IC1eftHow
— Quim Torra i Pla (@QuimTorraiPla) March 17, 2022
Bigarren aldiz epaitu dute gaur Torra. Generalitateko Jauregitik adierazpen askatasuna eskatzeko pankarta bat ez kentzea leporatu diote. Xingola horia zeukan pankartak, Kataluniako prozesuaren presoei sostengua agertzeko.
2020. urtean, Generalitateko presidente ohia inhabilitatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hurrengo urtean, epaiari arrazoia eman zion atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta, hala, Torrari agortu egin zitzaion bidea Espainiako auzitegietan. Hori dela eta, «Europako prozedura judiziala» hasiko zuela iragarri zuen.
Desobedientzia ekintza iragartzeko, bideo bat argitaratu du Torrak. Horri laguntzeko plazaratu duen agirian, salatu du «epaiketa politikoa» dela, eta gaineratu Espainiako Estatuak independentismoaren aurka duen «estrategia errepresiboaren parte» dela.
«Babesa eskatzen diet nazioarteko epaitegiei, ez dudalako onartzen Espainiako justiziaren zilegitasuna, ez baititu errespetatzen nazioarteko itunak eta oinarrizko eskubide unibertsalak».
Torrak gogoratu du Europako Kontseiluak Espainiari eskatu diola utzi diezaiola politikari katalanei jazartzeari.
«Uste dut zilegitasun osoa dagoela giza eskubideen aldeko pankartak jartzeko espazio publikoetan». Gogoratu du une honetan Ukrainaren aldeko pankartak daudela.
Independentistak ere kritikatu egin ditu. Deitoratu egin du independentismoa gauza ez izatea «erantzun bateratu eta irmoa» emateko Espainiari. «Independentzia lortzea zenbat eta gehiago berandutu, orduan eta okerrago geure herrialdearentzat».
Lehen ere kritikatu izan du Kataluniatik emaniko erantzun eskasa, besteak beste BERRIAri emaniko elkarrizketa batean: «Kataluniako Parlamentuan ez da izan jauzi kolektibo bat egiteko gehiengorik».
Putin eta Espainia
Europako Kontseiluak Espainiari eginiko eskaera izan da mintzagaietako bat epaiketan. Fiskalak 20 hilabeteko inhabilitazioa eskatu du Torraren aurka, eta gutxietsi egin du Europako erakundearen erresoluzioa, hura onartu zen biltzarrean 324 kideetatik 100 bat baino ez zeudela argudiatuta.
Fiskalak esan du kargudun politikoek adierazpen askatasun mugatua dutela kargudun gisa, ez herritar gisa. Gaineratu du Generalitatearen Jauregiko balkoian ezin dela edozein pankarta jarri, eta Torrari egotzi dio «intsumisio instituzionalez» aritzea agintaldiaren azken hilabeteetan.
Gonzalo Boye defentsako abokatuak, berriz, Errusia eta Espainia parekatu ditu: «Vladimir Putinek Europako Kontseilutik alde egin du, hari ere traba egiten ziotelako erakundearen erresoluzioak, eta ez duelako nahi Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bere kontra ebaztea».