Torra eta Sanchez izango dira gobernuen arteko elkarrizketa mahaiko buru

Espainiako eta Kataluniako presidenteek adostu dute hil honetan biltzea. Sanchezek «politika epaitegietatik ateratzeko» konpromisoa hartu du

Pedro Sanchez eta Quim Torra, atzo, Generalitatearen jauregian egin zuten bilerako une batean. ALBERTO ESTEVEZ /EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa atzo bildu ziren, Kataluniako Generalitatearen jauregian. Kataluniako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko elkarrizketa mahaiari nola bide eman aztertzea zen bileraren arrazoi nagusia, eta argitu ziren zenbait kontu: hila amaitu baino lehen bilduko dira bi gobernuak, eta ordezkaritzen buruak bi presidenteak izango dira. Sanchezek ez zuen askoz gehiago argitu nahi izan, ez hitz egindakoaz, ez mahaian landu beharreko gaietan izango duen jarreraz. «Eztabaidarako batzordearen buru izateko nahia» duela adierazi zuen bilera bukatutakoan, baina onartu zuen ez dela erraza izango bitartekari bat adostea, JxCateko ordezkariek eskatu duten moduan. Torrak, berriz, mahaia «ahal bezain pronto» martxan jartzearen alde egin zuen, eta Sanchezi egotzi zion oraindik ez duela ezagutzen haren proposamenik.

Elkarrizketak ordu eta erdi iraun zuen, eta amaitutakoan egin zuten agerraldia, lehenik Sanchezek eta ondoren Torrak. Erabat diskurtso ezberdina egin zuten bi presidenteek. Proposamen zehatzez baino, «elkarrizketaz eta berreraikitzeaz» jardun zuen Sanchezek. Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen «bestearen arrazoiak ulertzea», baina ezinbestean gauzak zailduko dituen baldintza batekin: «Elkarrizketa da bidea, baina legearen barruan egin behar da». Hitzaldian zehar hainbat aldiz errepikatu zituen «itxaropena», «aurrera egitea», «bat egitea»... baina, proposamenei dagokienez, Torrari emandako «berriz elkartzeko agenda» aipatu besterik ez zuen egin.

Txosten horretan, Espainiako presidenteak 44 puntu proposatzen ditu, sei ataletan banatuta: elkarrizketa politikoari eta instituzioak eraberritzeari buruzko atalean, «politika epaitegietatik ateratzeko eta memoria demokratikoa mantentzeko» konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak.

Proposamenetara

Gainontzeko ataletan landu diren gaiak oso zabalak dira: aurrekontu autonomikoak, elkarlanaren hobekuntza eta gizarte politikak, besteak beste. Torrak, hori ere «garrantzitsua» dela aitortu zuen arren, «gatazkaren errora» jotzeko eskatu zion Espainiako presidenteari: «Gai horiek ezin dute gatazka politikoa ezkutatu».

Torrak adeitasuna eskertu zion Sanchezi, baina argi utzi zuen «adeitasunetik proposamenetara igarotzeko garaia» dela. Kritika hori egin zion Espainiako presidenteari: «Ea Sanchezek baduen asmorik gatazka benetan konpontzeko; gure proposamena badakit, baina Espainiako Gobernuarena ez». Bi dira nagusiak: «Guk autodeterminazio eskubidea erabili ahal izatea eskatzen dugu, baita errepresioa eta epaitegietako gatazkak amaitzea ere; Espainia ez da mugitu autodeterminazioaren gaian, eta errepresioaren amaierari buruz, berriz, ez dut erantzunik jaso». Dena den, Torrak aldebiko konponbideen alde egin zuen, eta gogorarazi zuen beraiek beti egon direla prest «negoziazio mahaian esertzeko». Azken helburua, esan zuenez, «herriaren nahia errespetatzea da».

Azken egunotan, ERCk Torrari diputatu akta kentzeko emandako aldeko botoaren harira, nabarmen handitu da Kataluniako bi alderdi independentista nagusien arteko tentsioa. Halere, Generalitateko buruak azpimarratu zuen badela «adostasun bat autodeterminazio eskubidearen inguruan», eta garrantzitsuena «independentisten ahotsa hartzea» dela. Elkarrizketa mahairako baldintza gisa jarri zuen presoak askatzea eta erbesteratuak itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.