Kataluniako prozesu subiranista. Inhabilitazioak

Torra eta Junqueras inhabilitatzeko agindu du Hauteskunde Batzordeak

PSOEk adierazi du batzordea ez dela Torra inhabilita dezakeen auzitegi bat. Presidenteak ezohiko bilkura batera deitzeko eskatu dio parlamentuari. ERCk Kontseilu Nazionala bilduko du gaur, erabakien ondorioak aztertzeko

Agerraldia. Gobernuko kide guztiek babestu zuten Torra. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Atzo, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu kargua kentzeko agindua eman zuen, eta erabaki bera hartu zuen Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiarekin ere —eurodiputatu hautatu zuten—. PPk, Ciudadanosek eta Voxek aurkeztutako eskariak aztertu ondoren, eskuineko indarrei arrazoia eman die. Hortaz, Torra Kataluniako presidente gisa kargugabetzeko agindu du —Generalitateko presidente kargurako ezinbestekoa da Kataluniako diputatu izatea—.

Hauteskunde Batzordeak ez du itxaron Espainiako Auzitegi Gorenak Torraren eta Junquerasen auziak argitu arte. Kataluniako Auzitegi Nagusiak urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri zion Torrari desobedientzia delituagatik, eta defentsaren helegitea aztertzeko du orain Gorenak. Junquerasen kasuan, berriz, eurodiputatu izaera eta hari dagokion immunitatea aitortu zizkion Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, eta epaiak zein ondorio izan behar dituen ebaztea dagokio.

Bi erabakiak Hauteskunde Legearen 6.2 artikuluan oinarritu ditu batzordeak. Artikuluak bigarren puntuan dio ezin direla hautatuak izan «matxinada, terrorismo, Administrazio Publikoaren kontrako edo Estatuko Erakundeen kontrako delituengatik» zigortuak izan direnak, «nahiz eta epaia irmoa ez izan». Batzordearen iritziz, Torrak desobedientziagatik jaso duen zigorra arrazoi nahikoa da hari diputatu akta erretiratzeko. Gorenak Junqueras hamaihiru urteko espetxealdira eta beste hainbesterako inhabilitaziora zigortu zuela argudiatu du. PPk, Ciudadanosek eta Voxek Hauteskunde Batzordeari eskatu zioten Junquerasen inhabilitazioa jakinaraz diezaiola Europako Parlamentuari, eta hala egingo du.

Hauteskunde Batzordeak bilera luze baten ondoren eman du erabakien berri. Ez da erabateko adostasuna izan Torraren auzian; batzordeko hamahiru kideetako seik erabakiaren kontrako boto partikularra eman dute. Kritikoek argudiatu dute Hauteskunde Batzordeak ez duela eskumenik auziaren gainean ebazteko; hala ere, batzordearen gehiengo kontserbadoreak Torra inhabilitatzeaerabaki du.

Presidenteak Auzitegi Gorenera jotzeko aukera izango du, baina bitartean Kataluniako Parlamentuak izango du Hauteskunde Batzordearen erabakia gauzatzeko ardura.

Ikusi egin beharko da parlamentuko mahaiak eta Torrentek kargugabetzeari bide emango dioten ala ez. Erabakia ez betetzeak Torraren zilegitasuna defendatuko luke, baina baliteke ondorio judizialak izatea mahaiko kideentzat. Beste aukera bat ere badago: Katalunian hauteskundeak aurreratzea. Modu bat izan daiteke batzordearen erabakiari aurrez aurre kontra egin gabe hari izkin egiteko.

Torrak presaz bildu zuen Gobernu Kontseilua inhabilitazioaren berri izan ondoren. Gobernua Generalitatearen jauregian bilduta zegoen bitartean, ANCk deitutako elkarretaratzea egin zuten herritarrek kanpoan.

Gobernu bilkuraren ostean, gaurko ezohiko osoko bilkura batdeitzeko eskatu zion Torrak Roger Torrent parlamentuko presidenteari, ganberaren konfiantza jasotzeko. Torrentek 17:00etarako deitu du bilkura.

Presidenteak esana zuen parlamentuak bakarrik kargugabe dezakeela, eta ziurtatu du karguan jarraituko duela. Batzordearen erabakia «estatu kolpe» gisa izendatu du.

PSOE: «Ez da auzitegi bat»

PSOEk ere Torraren inhabilitazioa izan zuen hizpide atzo. Adriana Lastra sozialisten Kongresuko taldeko bozeramaileak hedabideen aurreko adierazpenak egin zituen, galderarik erantzun gabe. Lastraren esanetan, «Espainiako Hauteskunde Batzordea ez da auzitegi bat», Torra inhabilitatzeko ahala duena. Haren esanetan, «organo jurisdikzional gorenak», hau da, Espainiako Auzitegi Gorenak erantzun behar dio Torraren auziari. «Demokraziak bidea egingo du»,gaineratu zuen.

ERCk Kontseilu Nazionala deitu du gaur goizerako, Hauteskunde Batzordearen erabakiek «egutegi politikoan» izan dezaketen eragina aztertzeko. Espainiako inbestidura eztabaidatzen hasiko da gaur, eta ERCk PSOErekin adostua du Pedro Sanchez presidente inbestitzeko bozketan abstenitzea. Inbestidura akordioak jasotzen du Kataluniako gatazkan «politikaren judizializazioa» eteteko konpromisoa.

Torraren inhabilitazioari buruzko erabakiak bete-betean eragingo dio Kataluniako Gobernuaren etorkizunari. Batetik, gobernuaren osaketa alda dezakeelako Torra kargugabetuz gero. Parlamentuak du batzordearen erabakia gauzatzeko ardura, eta, kargutik kenduko balu, Pere Aragones presidenteordeak hartuko luke Torraren lekua. Jarduneko presidentea litzateke, eta mugatuta izango lituzke zenbait funtzio. Esaterako, ezingo luke bozetara deitu.

Bestetik, gobernuak eta parlamentuak hartu beharko dituzten erabakiek tentsioa areagotu dezakete JxCren eta ERCren arteko harremanean —lehendik ere arantzaz beteta dago—.

Abokatuaren eskea

Bestalde, Puigdemonten eta Toni Comin Kataluniako kontseilari ohiaren kontrako euroagindua bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Estatuaren abokatuak Espainiako Auzitegi Gorenari. Abokatuak Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai batean oinarritu du eskaria. Epai horretan, Puigdemonti eta Comini eurodiputatu izaera aitortu die Luxenburgoko auzitegiak, eta, beraz, immunitatea dagokiela ebatzi du.

Belgikako Justiziak Puigdemonten eta Cominen kontrako euroagindua baztertu duela jakin ondorengo egunean aurkeztu du idatzia Abokatutzak. Auzia aztertu duen Bruselako lehen isntantziako epaileak EBko Jusitizia Auzitegiaren epai bera hartu du aintzat euroagindu eskaria alboratzeko. Hala, Belgikako Justiziak bertan behera utzi du Pablo Llarena instrukzio magistratuak Puigdemonten eta Cominen aurka aurkeztu duen hirugarren euroagindua ere.

Estatuaren abokatuak Comin eta Puigdemont epaitu ahal izateko neurriak eskatu dizkio, halaber, Llarenari. Europako Parlamentuan suplikatorioa aurkeztea galdegin dio, ganberak bi eurodiputatuen zigorgabetasuna indargabetu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.