Katalunia

Torra bigarrenez zigortu dute desobedientziagatik

Kataluniako Auzitegi Nagusiak hamabost hilabeteko inhabilitazioa eta 24.000 euroko isuna ezarri dizkio presidente ohiari politikari independentista presoen aldeko xingola garaiz ez kentzeagatik.

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohia —ezkerrean—, iragan martxoan, Bartzelonan, bere liburuaren aurkezpenean. MARTA PEREZ / EFE
ander perez zala
2022ko maiatzaren 11
12:10
Entzun

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak hamabost hilabeteko inhabilitaziora eta 24.000 euroko isunera zigortu du Quim Torra presidente ohia, politikari independentista presoen aldeko xingola Generalitatearen egoitzatik garaiz ez kentzeagatik. Bigarren aldia da Torra desobedientziagatik zigortzen dutela.

Epailearen arabera, frogatuta dago Kataluniako gobernuburu izandakoak ez zuela auzitegiaren agindua bete, 2019ko apirilean xingola zeraman afixa epe jakin batean kentzeko agindu ziotenean: «Eraikin publikoek interes orokorren zerbitzuan egon behar dute, eta ez herritar talde jakin baten zerbitzuan».

Akusatua ez da izan gaurko saioan —epaiketa iragan martxoaren 17an egin zuten—, Twitter sare sozialean azaldu zuen modura, ez zuelako «iruzur batean» parte hartu nahi; duela bi urte, argudiatu zuen agindua «legearen kontrakoa» zela, eta adierazpen askatasunerako eskubidea erabiltzen ari zela.

Torrari urte eta erdiko inhabilitazio zigorra jarri zioten auzi beragatik, 2019an, Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak exijitu zionean pankarta erretiratzeko, argudiatuta hauteskunde garaia zela. Gerora, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra berretsi zuen, eta agintariak Kataluniako Gobernutik atera behar izan zuen; horrek hauteskundeak aurreratzea eragin zuen, iazko otsailera.

Egun berean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Torrak lehen zigorraren kontra aurkeztu zuen helegitea; hain justu, Kataluniako Auzitegi Nagusiak betetzat eman du urte eta erdiko inhabilitazio hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.