J. D. Vance izango da presidenteordea, Trumpek irabaziz gero

Egin dioten erasoa aintzat hartuta, errepublikanoen kongresua «herrialdea batzeko» erabiliko duela esan du. Bidenek azpimarratu du politikaren «tenperatura» jaitsi beharra dagoela.

Donald Trump erasoa gertatu eta gutxira, joan den larunbatean. DAVID MAXWELL / EFE
Donald Trump erasoa gertatu eta gutxira, joan den larunbatean. DAVID MAXWELL / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 15a
19:55
Entzun

Donald Trumpen aurkako atentatuaren harira, Joe Biden AEBetako presidenteak batasunerako deia egin du azken orduetan. Herrialdeko politikaren «tenperatura» jaisteko ere eskatu du Etxe Zuriko maizterrak. Eta ematen du Trump ados dagoela horrekin, zeren ostegunean Alderdi Errepublikanoaren kongresuaren amaieran ematekoa den diskurtsoa aldatu du, Washington Examiner egunkariari emandako elkarrizketa batean nabarmendu duenez. «Herrialdea batzeko aukera daukat».

Beraz, tonua apaltzeko asmoa du azaroaren 5ean egitekoak diren AEBetako presidentetzarako hauteskundeetarako errepublikanoen hautagaiak, 2017 eta 2021 artean herrialdeko presidente izandakoak. «Hau [erasoa] gertatu izan ez balitz, diskurtsoa zoragarria izango zen, inoizko izugarrienetako bat. Egiazki, emango dudan diskurtsoa guztiz diferentea izango da». Gaur hasi da kongresua, Milwaukeen, eta ostegunean bukatuko da; bertan, Trumpen hautagaitza berrestekoak dira alderdiak herrialdeko 50 estatuetan dituen 2.400 ordezkariak. Trumpek bozak irabazten baldin baditu presidenteordea nor izango den iragarriko dute, bide batez. Hain justu, gaur iragarri dute James David Vance Ohioko senataria izango dela AEBetako presidenteordea, Trumpek hauteskundeak irabazten baditu.

Presidentegai errepublikanoa da hauteskundeak irabazteko faboritoa, inkesten arabera; areago Biden presidente eta presidentegai demokratak azken asteetan egin dituen hanka sartzeen ondorioz. Atzo gauean —goizaldea Euskal Herrian—, ordea, irmo mintzatu zen audientziarik handieneko tartean herritarrei mintzatzeko telebistaz emandako diskurtsoan. «Hautetsontzietan konpon ditzagun gure artekoak. Horrela egiten dugu: hautetsontzietan, ez balekin. Herritarrek dute Amerika [AEBak] aldatzeko ahalmena, ez hiltzaile bat izan daitekeen batek».

Balak aipatu zituen Bidenek, eta Trumpek, larunbatean Pennsylvania estatuko herri batean ematen ari zen mitinean tiroz zauritua izan ondoren, Truth Social bere sare sozialean nabarmendu zuen «ez sinesteko modukoa» zela gertatutakoa. Mitinaren eremutik kanpo zegoen teilatu batetik tiro egin zioten. Baina kontuan hartu behar da AEBek, azken erroldaren arabera, 333 milioi biztanle dituztela eta, zenbait ikerketak diotenez, 393 milioi arma daudela, armadako kideenak alde batera utzita. AEBak dira, hain zuzen, armak edukitzeko eta erabiltzeko orduan murrizketa gutxien ezartzen duten herrialdeetako bat; konstituzioaren bigarren zuzenketak —1791koa da— horretarako aukera ematen die herritarrei.

Karguak kendu

Trumpek hainbat epaiketa ditu zabalik presidente zenean, aurretik zein ostean legez kontra jokatzea leporatzen baitiote. Horietako bat 2021ean Etxe Zuritik dokumentu klasifikatuak bere Floridako etxera eramateagatik. Epaileak argudiatu duenez, fiskala izendatzeko orduan hanka sartze bat egon zen. Hori dela eta, Trumpi karguak kendu eta kasua ixtea erabaki du. Karguak kendu izana ospatu eta haren aurkako «beste epaiketa guztiak» ixteko eskatzeko baliatu du presidente ohiak Truth Social sare soziala. Are gehiago, karguak aurrekoan jasotako tiroarekin lotu eta haren aurkako «eraso politiko oro» amaitzea eskatu du.

Indarkeria normalizatzearen kontra mintzatu zen Biden: «Gure usteak oso sendoak izanagatik, ezin dugu indarkeria erabili, inoiz. AEBetan ezin dugu jarraitu bide hori ibiltzen. Indarkeriarik ez du tokirik AEBetan; salbuespenik gabe. Kito». Eta zerrendatu egin zituen herrialdeko jardun politikoarekin zerikusia izan duten eta «onartezinak» iruditzen zaizkion indarkeria kasu batzuk: Kapitolioaren aurkako erasoa —Trumpek justifikatutakoa—; Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente (demokrata) zenaren senarrari egindakoa; edo, besteak beste, Gretchen Whitmer Michigan estatuko gobernadorea (demokrata) bahitzeko saiakera.

13

Zenbat atentatu egin dituzten AEBetako presidente edo presidente ohien kontra. 1835ean Andrew Jackson AEBetako presidentea hil zutenetik, hura eta larunbatean Donald Trumpen kontra egindakoa aintzat hartuta, hamahiru atentatu egin dituzte herrialdeko presidente zirenen edo presidente izandakoen kontra.

Alderdi Errepublikanoak Kongresuan dituen zenbait diputatuk eta senatarik, baina, Biden bera egin dute erasoaren erantzule. Vance senatariak X sare sozialean idatzi duenez, mitineko erasoa ez zen izan «gertakari bakan bat». «Bidenen kanpainaren premisa nagusia da Donald Trump presidentea faxista autoritario bat dela, eta kosta ahala kosta atxilotua izan behar duela. Erretorika horrek eragin zuen hilketa saiakera». Tim Scott senataria harago joan da, sare sozial berean: «Argi esan dezagun: ezker muturrak eta Trumpi faxista edo zerbait okerragoa deitzen dioten hedabide korporatiboek bultzatutako hilketa saiakera bat da hau».

Bidenek esan izan du Trump demokraziarentzako mehatxu bat dela, besteak beste, ez duelako onartzen 2020ko hauteskundeetako porrota; baita darabilen hizkera xenofobo eta autoritarioagatik ere. Politico hedabideak kaleratu duenez, AEBetako presidenteak Alderdi Demokrataren diru emaileekin hitz egin zuen telefonoz lehengo astean, eta esan zien Trump «jopuntuan» jartzeko ordua dela. «Joe Bidenek eman ditu aginduak», idatzi du X-n Mike Collinsek, errepublikanoen Ordezkarien Ganberako diputatu batek.

Bien bitartean, FBIk erasoa ikertzen jarraitzen du. Oraingoz, jakinarazi du Trumpi ustez tiro egin zion pertsonak, Thomas Mathiew Crooksek (20 urte), bere kabuz egin zuela erasoa, bere aitak erositako fusil batekin. Erasoa egin eta segundo eskas batzuetara hil zuten AEBetako zerbitzu sekretuek —presidente ohien zerbitzura ere badaude—. Plazaratu dituzten datuen arabera, Alderdi Errepublikanoko kide gisa erregistratua zegoen Crooks, baina duela hiru urte hamabost euroko dohaintza bat egin zion Alderdi Demokrataren inguruko talde bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.