Martxa Berdearen 37. urteurrena dela eta, Mohamed VI.a Marokoko erregeak urteroko hitzaldian UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariari eskatu dio Tindufeko errefuxiatu sahararren errolda berritu bat egiteko. Argeliako Gobernuak dio Tindufeko kanpamentuetan 165.000 errefuxiatu daudela, baina UNHCRek 90.000 biztanle inguru daudela kalkulatu du. Erroldak garrantzia izango luke Mendebaldeko Sahararen estatusari buruzko erreferendum batean. Monarkak Mendebaldeko Saharari autonomia mugatu bat emateak nazioartean gero eta babes handiagoa daukala ere baieztatu du.
Sahararrak haserre agertu dira adierazpenok direla eta. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko agintariek, komunikatu batean, «etsigarritzat» jo dituzte adierazpen horiek, eta salatu dute Mohamed VI.ak «betiko jarrera kolonialistari» eusten diola.
Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeko Mendebaldeko Sahararako ordezkari Christopher Ross zenbait aldetako ordezkariekin batu da azken egunotan. Atzo iritsi zen Aljeriara, eta Abdelaziz Buteflika presidentearekin batu da, bira bukatzeko.
Tindufeko errolda eguneratua eskatu dio Mohamed VI.ak UNHCR-ri
Erregeak esan du gero eta babes handiagoa duela Sahararrei autonomia emateak; haserretu egin ditu horrek sahararrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu