Etiopia

Tigrayko gatazka nazioartekotu egin da

Etiopia iparraldeko eskualdeko indarrek Eritreako hiriburua bonbardatu dute. Milaka herritarrek Sudanera egin dute ihes; gerran sartzen hurrengo estatua bihur liteke.

Debretsion Gebremichael TPLFren buruzagia, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 16a
12:14
Entzun

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak operazio militar «azkar bat» hitzeman zuen iparraldeko Tigray eskualdean, baina, ia bi asteren ostean, agintariak espero baino gehiago zaildu da gatazka. Tigrayn agintean dagoen TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak nazioartekotu egin du gobernu federalarekin duen liskarra, atzo Eritreako hiriburua bonbardatuta. Sudanek ere zeresana izan lezake gatazka horretan, milaka herritar herrialde horretan sartu baitira erasoetatik ihesi; eta, zeharka bada ere, gerrak eragina izan lezake Somalian ere; batez ere, Al-Shabaab milizia islamistaren aurkako borrokan. Finean, Afrikako Adarraren egonkortasuna dago jokoan.

Getachew Reda TPLFren bozeramaileak Twitter sare sozialaren bidez eman zuen gatazkaren noranzkoa alda dezakeen erasoaren berri: «Tigrayko Defentsa Indarrek Tigrayn erasoak egiteko erabili dituzten Eritreako instalazioak jo dituzte, Asmara [hiriburuko] aireportua tartean». Lau leherketa zenbatu zituzten Asmaran, baina oraingoz inork ez du eman hildakoren berririk. Etiopian bertan ere, liskarrak Tigraytik kanpora zabaldu dira, TPLFk Amhara eskualdea ere bonbardatu baitu asteburuan; zehazki, Bahir Dar eta Gonder hirietako aerodromoak. Azken horretan hamar lagun hil dituzte, osasun iturrien arabera.

Egoera militarra bestelakoa den arren, Etiopiako lehen ministroak uste du bere soldadu federalak «gai» izango direla «beren kabuz helburu militarrak lortzeko». Abiyek hilaren 4an eman zuen Tigrayren aurkako operazioaren berri, argudiatuta TPLFk armada federalaren base bati eraso egin ziola; Etiopiako Gobernuak salatu zuen Tigrayn egiten ari diren ekintza «oldarkor eta ilegalak» konstituzioa eta ordena konstituzionala «arriskuan» jartzen dutela, baita herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen ere.

Horren harira, gobernu federalak sei hilabeteko larrialdi egoera ezarri zuen iparraldeko eskualdean, eta parlamentuak Tigrayko Gobernua desegin, eta legealdia «legez kanpokotzat» jo zuen hilaren 14an eginiko saioan; horren ordez trantsiziorako gobernu bat eratzea onartu zuten diputatuek.

Etiopia iparraldeko Tigray eskualdea. Nazio Batuen Erakundea

Gatazkak egunotan izan duen garapena ikusita, badirudi TPLF bere burua defendatzen ari dela. International Crisis Grouperen arabera, Tigrayko alderdiak 250.000 miliziano mobilizatzeko gaitasuna luke, eta horri gehitu behar zaio armada federalaren Iparraldeko Komandoko militarren erdiak aliatu egin zaizkiela, Foreign Policy aldizkariak jakitera eman duenez.

Eritreak harreman txarra izan du historikoki TPLFrekin, eta Isaias Afwerki herrialde horretako presidenteak harreman ona du Etiopiako lehen ministroarekin, bi estatuen arteko bake akordioa lortu zutenetik; Abiyek horren harira jaso zuen Bakearen Nobel saria, iaz.

Halere, Asmarak adierazia du ez duela gatazkan parte hartu; kontrako iritzia du, ordea, TPLFren buruzagiak, atzo adierazi baitzuen «hainbat frontetan» ari direla borrokan Eritreako soldaduen eta tankeen aurka. Horrekin batera, NBE Nazio Batuen Erakundeari eta AB Afrikako Batasunari eskatu zien Etiopiako lehen ministroaren erasoaldia salatzeko: «Abiy Ahmed da giza sufrimendua eragiten ari dena, Tigrayko herritarren aurkako gerra elikatzen ari dena».

Al-Faxqako muga

Mendebaldeko mugan, Etiopiaren eta Sudanen arteko mugan dagoen Al-Faxqaren egoera izan liteke gatazka are gehiago nazioartekotu dezakeen auzia. Egun, Addis Abebak Sudanen subiranotasuna aitortzen du eremu horretan, baina praktikan ez du pausorik eman muga zehazteko, eta horrek gatazka diplomatikoak eragin ditu.

Horri begira, Etiopiako lehen ministroak Amhara eskualdeko gobernuaren babesa espero lezake Tigrayko gerran, Al-Faxqa bere eskualdearen partetzat baitu. Baina Etiopiako lehen ministroak jarrera horri eusteak bizilagunaren haserrea eragin lezake, Al-Faxqako Triangelua deituriko eremuaren kontrola nahi baitu; alde horretatik, Khartumek Addis Abebari presio egin liezaioke Tigrayko mugan armen eta elikagaien joan-etorriak ahalbidetuz, eta, zeharka bada ere, TPLFren aldeko jarrera hartuz.

Gatazka hasi zenetik, 25.000 herritarrek egin dute ihes Sudanera, NBEren arabera, eta litekeena da datozen egunetan are gehiago iristea herrialde horretara. Hildakoen kopuruaz ez dago xehetasunik, ehunka izan direla jakinarazi da, baina errefuxiatuek aire erasoak deskribatu dituzte, eta matxeteak erabili dituztela aipatu; Amnesty Internationalek, gainera, mugako Mai Kadra herrian «zibilen sarraski bat» egon dela salatu zuen iragan astean.

Eraso horretaz, Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak iragan asteburuan adierazi zuen «egoeraren kontrola galtzeko arriskua» dagoela, eta horrek ondorio larriak eragingo lituzkeela herrialdean. Horregatik, eraso horiek ikertzeko eskatu zuen, eta «gerra krimenak» izan daitezkeela adierazi.

Etiopiako giza eskubideen batzordeak, iragan astean jakinarazi zuenez, Tigrayra talde bat bidaliko du hilketa horiek ikertzeko helburuarekin.

Somalian, aldiz, beldur dira Tigrayko gerrak eragina izango duela Al-Shabaab milizia islamistaren kontrako borrokan. Izan ere, Etiopiak milaka soldatu ditu bi herrialdeen arteko mugan milizia horri aurre egiteko, baina dagoeneko 600 inguru handik atera ditu, bere iparraldeko eskualdera bidaltzeko.

Muqdishoren kezka da inguruan soldadu gutxiago izateak Al-Shabaabi balioko diola bere burua berriz antolatzeko eta indarra berreskuratzeko, nahiz eta ABren misioak han jarraitu.

Tentsioa, aspaldidanik

Talde etniko nagusiak tentsio handiko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik TPLF gobernu nazionalean egon zen, harik eta 2018an EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu nazionalaren arteko tentsioa nabarmena izan da.

Berez, aurtengo abuztu amaieran ziren Etiopian hauteskundeak egitekoak, baina gobernuak horiek atzeratzea erabaki zuen, COVID-19aren pandemiak sortutako egoera dela medio. Aldiz, Tigray eskualdean bai, han egin zituzten parlamenturako bozak, iragan irailean, herrialdeko lehen ministroari pultsu argia botaz. Etiopiako Gobernuak legez kanpokotzat jo zuen bozketa, eta tentsioa are gehiago areagotu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.