Zoriak eraman zuen Lierni Fernandez Roman (Donostia, 1983) Etiopiara. Arkitekto teknikoa da ogibidez, baina langabezian geratu zen 2008ko krisiaren ondorioz lan egiten zuen eraikuntza enpresa itxi zutenean. Ez zuen «ezerk» Euskal Herrira lotzen, eta aukera hori baliatuta joan zen Madrilera lehenbizi, eta Wukrora (Etiopia) ondoren. Hiru hilabetera luzatu zen hiru astekoa behar zuen bidaia, eta, azkenean, zazpi urte eman zituen han. Gaur egun, Euskal Herrian bizi da, baina lotura estua du Etiopiarekin, bereziki Tigrayrekin. Egoaizia elkartearen bitartez —horko proiektu arduraduna da—, eskualde horretan izan zen iragan otsailean. Aurten bi urte beteko dira Tigrayko Gobernuak eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak su etena adostu zutela, baina, haren arabera, «gatazkak oraindik badirau» Tigrayko lurretan.
Bi urte iraun zuen TPLFren eta Etiopiako Gobernuaren arteko gatazkak; 2020ko azaroan hasi zen, Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek armada Tigrayra bidaltzea erabaki zuenean, ustez TPLFk aurrez base militar baten kontra egindako eraso bati erantzuteko. Ordurako, Euskal Herrian bueltan zen Fernandez, eta urrutitik erreparatu zien gatazkaren nondik norakoei, baina gerrateak ez zuen «ezustean» harrapatu. Dioenez, azken urteetan nabarmen areagotu zen etnien arteko tentsioa, eta «eraso txikiak» gero eta ohikoagoak ziren: «Oromian bizi nintzenean, ohikoak ziren han bizi ziren Tigrayko biztanleen aurkako erasoak. Etxeak erretzen zizkieten, eta ia egunero egoten ziren liskarrak».
Gatazkak berak baino gehiago, Etiopiako Gobernuak izan zuen borrokatzeko modu «zitalak» harritu zuen Fernandez. «Tigray setiatu zuten, erabat. Lehorreko eta aireko mugak itxi zituzten, eta urik, elikagairik eta osasun baliabiderik gabe utzi zuten eskualdea; jakinda [gerra hasi aurretik] eskualdea ja egoera zaurgarrian zegoela». Borrokek eragindako kalteak gutxi ez, eta aspaldiko lehorterik bortitzenak izan dituzte azken bi urteotan.
Hargatik, bertako nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak hobetzera bideratuta daude Egoaizia elkarteak Tigrayn bultzatzen dituen zenbait proiektu. «Errepideak berriro ere irekita daudenez, Tigrayra eraman ditzakegu nekazaritza tresnak, hala nola aitzurrak, haziak, ongarri organikoak, animaliak… eta gero formakuntza bat ematen dugu».
Etiopiako armadak eta TPLFk gerra hasi eta bi urtera sinatu zuten su etena, 2022ko azaroaren 3an. Nolanahi ere, egoerak ez du hobera egin, Fernandezen hitzetan. «Nahiz eta su etena adostu zuten, oraindik ez dago bake akordiorik, eta tentsio handia dago; besteak beste, Etiopiako Gobernuak ez dituelako bete bere garaian egin zituen promesak». Hitzemandakoen artean dago, kasurako, Eritreako tropak Tigraytik ateratzea.
Horiek horrela, Fernandezek azaldu du oraindik ere liskarrak, erasoak eta Tigrayko biztanleen aurkako eskubide urraketak «etengabeak» direla Eritreako soldaduek okupatutako lurretan. «Guk, boluntario humanitario gisa, oso zail daukagu haiek okupatutako lurraldeetara sartzea. Oso kontrolatuta daude, eta baimen asko eskatzen dituzte». Gatazkaren bigarren urtera arte, Etiopiako Gobernuak ez zuen onartu Eritreako armadaren parte hartzea.
Kafe baten bueltan
Egoaiziako proiektu zuzendariak azaldu duenez, zenbait txostenen arabera 120.000 emakume inguru bortxatu zituzten 2020ko azarotik 2022ko azarora. Baina uste du «askoz ere bortxaketa gehiago» izan zirela. «Oso bortitzak dira Tigrayko emakumeek kontatu dizkiguten bizipenak. [Etiopiako Gobernuko eta Eritreako armadako soldaduen] Helburua zen ahalik eta minik handiena eragitea: euren haurren aurrean bortxatzen zituzten emakumeak, edo haien senideei agintzen zieten elkar bortxatzeko».
Eraso horiek «trauma larriak» eragin dizkiete Tigrayko emakumeei, baina gehienek isilpean egin behar izan diote aurre jasandako minari. Beste dozenaka herrialdetan bezala, bortxaketa «tabua» da han, eta «estigma asko» daude sexu abusuen inguruan. «Bortxatzen bazaituzte, zure errua da; uste dute ez zenuela nahikoa egingo erasoa eragozteko, eta senideek arbuiatu egiten zaituzte», azaldu du Fernandezek.
Horren harira, gerraostean emakumeentzako espazio seguruak antolatzen hasi ziren; eta «kafe erritualak» baliatu zituzten horretarako. «Erritual horiek emakumeek osatutako espazio bat izan dira tradizionalki: haiek erabakitzen dute nor gonbidatu, eta haiek gidatzen dute zeremonia osoa». Ia bi ordu iraun ohi duen erritual horretan, kafe bihia txigortzen dute lehenbizi; gero, birrindu egiten dute, eta, azkenik, bizpahiru aldiz edaten dute kafea. Zeremoniak badu eginkizun espiritual bat, «pentsamendu eta emozio txarrak kanporatzea»; baina, era berean, emakumeek elkarrekin hitz egiteko duten momentu bakanetakoa da.
Egoaiziako kideen bitartekaritzarekin, Tigrayko emakumeak hasiak dira, apurka-apurka, gerratean jasandako bortxaketei buruz hitz egiten, eta elkarrekin saretzen. «Oso hunkigarria da elkar nola laguntzen duten ikustea». Bestalde, proiektuak balio izan du hainbat komunitatetan bakartuta zeuden emakumeak —gerragatik etxea utzi eta beste eremu batera desplazatu behar izan zutenak— talde baten parte bilakatzeko. «Emakume horietako askok eskerrak ematen dizkigute [bortxaketen inguruan] hitz egiteko espazio seguru bat sortzeagatik. Askok esaten dute espazio horiengatik ez balitz ziurrenik bere buruaz beste egingo zutela».
Hogeita hamar urte atzera
Fernandez eta Egoaiziako kideak bi aldiz izan dira Tigrayn gatazka armatua bukatu zenetik: Etiopiako Gobernuak eta TPLFk su etena sinatu ondoren eskualdeko mugak ireki zituztenean lehenbizi, eta joan den otsailean ondoren. Uste zuenaren kontrara, Fernandezek «itxaropentsuago» ikusi zituen Tigrayko biztanleak lehen bidaia hartan, iragan otsailean baino. «[Su etena adostu zutenetik] Urtebete pasatu ondoren, Etiopiako Gobernuak ez ditu bete hitzemandakoak. Tigrayko biztanleek ez dute gerraren aurreko bizimodua berreskuratu, eta etsita daude. Ni izan nintzen zazpi urteetan, ikusi nuen garapen bat, hobera joaten ari zirela, baina, gerraren ondorioz, beste hogeita hamar urte egin dute atzera».
Gobernuaz gain, Fernandezek nazioartea jotzen du aurrera egin ezin horren erantzuletzat; besteak beste, eskualdera ez delako «nazioarteko laguntzarik» iristen. Laguntza humanitario urriaren ondorioak «zuzenean» pairatzen dituzte Tigrayko biztanleek, eta, gainera, nazioartearen «interesik ezaren jakitun» daude. «Abandonatuak sentitzen dira, nazioarteak adierazten baitu bigarren mailako gatazka bat dela. Iruditzen zait haiek ere hasi direla hori barneratzen».
Egoera makurra gutxi ez, eta azken hilabeteotan berriro ere gora egin dute Etiopiako Gobernuaren eta Tigrayren, eta zenbait etniaren arteko tentsioek. «Gatazka berriz hasiko den beldur handia dago», esan du Fernandezek. «Gerra hasi baino lehen zuten bizimodua oso xumea zen, baina, behintzat, lasai eta bakean bizi ziren. Eta esango nuke horixe dela orain gehien eskatzen dutena: bakea».
Nolanahi ere, «bakea» iritsi artean lanean jarraituko dutela azpimarratu du Fernandezek, nahiz eta elkartea txikia den eta bazkide gutxi dituzten. Egoaiziak 25 urte beteko ditu datorren urtean, eta, ekintza humanitarioko eta lankidetzako proiektuez gain, Euskal Herrian bertan ere badituzte zenbait proiektu: besteak beste, kontsumo arduratsua sustatzea helburu dutenak. «Oso gogor ari gara lanean, baliabideak bilatzen eta egin dezakeguna egiten, baina talde txikia gara. Hortaz, norbaitek parte hartu edo lagundu nahiko balu, gure ateak irekita daude».