Isilik geratu da, eta gazte indigenen ahotsa inoiz baino ozenago entzun dute munduko hedabideek. Greta Thunberg Fridays For Future gazte erakundeko ekintzaile suediarra entzuteko gertu ziren ehunka kazetari, kamera eta bisitari klima krisiari buruzko COP25eko bileraren prentsa areto nagusian, Madrilgo Ifema Erakustazokako gune urdinean. Berehala bota zuen Thunbergek kazetariak harri eta zur utzi zituen iragarpena: «Ohartu gara hedabideen arreta dezente piztu dugula, eta erabaki dugu arreta hori bideratzea hegoalde globaleko eta komunitate indigenetako gazteen ahotsa entzun dadin. Luisa Nebauer eta biok ez dugu hitz egingo gaur».
Aretoa lepo beteta zegoen ordurako, nahiz eta segurtasuneko arduradunek bost minutu lehenago hutsarazi zuten, segurtasunaren izenean. Atzera ere barrura sartzeko, sekulako ilarak eta bultzadak izan ziren kazetarien eta kontrolatzaileen artean, Thunbergen agerraldiak piztu zuen oihartzunaren seinale.
Gazte indigena talde batek hartu zuen oholtza, eta kantu batekin hasi zen agerraldia. Marshal Uharteetako eta Filipinetako bi gaztek ohartarazi zuten bizitzen ari diren egoeraren larria. «Klima aldaketari Marshall Uharteek egiten dioten ekarpena %0,00001 da. Itsasoa bi metroz gora igotzen bada, guk galduko dugu itsasoaren gainean ditugun bi metro bakarrak». Filipinetako ordezkariak ere antzeko mezua eman zuen: «Filipinetako herritarren %40k arrisku zuzena daukate klima aldaketa dela eta, herrialderik ahulena baikara. Hemen zareten agintari globalak: zuen azken aukera da egin behar duzuena egiteko».
«Supremazismo zuria»
Ondoren, beste ideia bati heldu zioten. Rose Whippie Hego Dakotako ekintzaileak gogora ekarri zuen, esaterako, oliobide batek zer desmasia eragin zituen euren herrialdean. «Gure ibaiaren ur sakratuak gaixotu dituzte. Bost tributako gazteek borroka egin dugu, baina ez da nahikoa izan». Ingurumenaren alde aritzen diren indigenen aurka egiten ari diren hilketak ere salatu zituen: «Ama lurra babesteagatik hiltzen ari zaizkigu. Supremazismo zuria gu hiltzen ari da».
Nakabuye Hilda ekintzaile ugandarrak ere antzeko ideia bati heldu zion. «Afrikan klima krisiaren ondorioak pairatzen ari gara, hegoalde globalekoa izatea bekatu bat balitz bezala. Klima krisia beste arrazakeria mota bat da, beste apartheid mota bat da», nabarmendu zuen. «Zenbat eskola ordu gehiago galdu beharko ditugu mundua jabe dadin gure sufrimenduaz?», galdetu zuen, Fridays For Future erakundeak ostiraletan egiten dituen protestak gogoratuta.
Angela Valenzuela txiletarrak gogor kritikatu zuen bere gobernuaren jarrera, eta salatu zuen munduak han gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei«ez ikusiarena» egin diela.Txile, COP25eko presidentetzari eutsita, bere aurpegia «garbitzen» saiatzen ari dela adierazi zuen. Nabarmendu zuen,halaber, merkatuaren aldetikez dela etorriko sekula irtenbiderik.
Azkenik, Hego Dakotako ordezkariak erantzun zion kazetari batek Thunbergi egindako galdera bati: «Indigenoi sekula ez zaigu galdetzen zer behar dugun». Atzo, behintzat, munduak ozen entzun zituen euren aldarriak.
Thunbergen bozgorailutik mintzatu dira munduko gazte indigenak
Thunberg isilik geratu da agerraldi batean, erakartzen duen arreta hegoalde globaleko gazteengana bideratzeko. Salatu dute isurketarik ia eragin ez arren krisiaren kalterik handienak jasaten ari direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu