BANGKOK. Thailandiako errege Maha Vajiralongkornek urtebetera murriztu zuen atzo lehen ministro ohi Thaksin Shinawatraren zortzi urteko espetxe zigorra. «Ustelkeria, monarkia iraintzea eta agintekeria» egotzita zigortu zuten. Thailandiako Auzitegi Gorenak 2008an eman zuen hura atxilotzeko agindua, baina erbestera ihes egin zuen. Erresuma Batuan egon da hamabost urtez, eta joan den astean itzuli zen herrialdera.
Hegazkinak Thailandian lur hartu bezain laster, Thaksinek erregearen barkamena eskatu zuen. Hark atzo eman zuen erantzuna: barkamena onartu zuen. Monarkiaren arabera, Thaksinek aitortu egin ditu leporatutako delitu guztiak, eta, aske geratu ondoren, «kartzelan irabazitako gaitasunak, esperientzia eta jakintasuna erabili ahal izango ditu nazioaren, gizartearen eta herriaren onerako». Horrez gain, erregeak Thaksinen osasun arazoak ere aipatu zituen zigorra murrizteko arrazoien artean. Lehen ministro ohiak 74 urte ditu, eta bihotzeko arazoak ditu.
Thaksinen zigorra urtebetera jaitsi du erregeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu