Thailandia

Thaksin Thailandiara itzuli da hamabost urtez erbestean egon ondoren

Lehen ministro ohia atxilo hartu dute, ustelkeria, monarkia iraintzea eta botere abusua egotzita.

Thaksin e bere alaba, Bangkokeko Don Mueang aireportutik ateratzen. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 22a
15:37
Entzun

Thaksin Shinawatra Thailandiako lehen ministro ohia herrialdera itzuli da gaur, hamabost urteren ondoren, eta zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote. 2001etik 2006ra izan zen lehen ministro, eta 2006an militarrek emandako estatu kolpe baten ondorioz kendu zuten kargutik. 2008an Thailandiako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindu, eta Erresuma Batura ihes egin zuen.

Zortzi urteko zigorra ezarri diote lehen ministro ohiari. Hasieran, hamar egunez bakartuta egongo da kartzelan, COVID-19aren protokoloarengatik eta osasun arazoengatik. 74 urte ditu Thaksinek. Ustelkeria, monarkia iraintzea eta botere abusua egozten dizkiote. Martxoan, Japoniako Kiodo telebista katean esan zuen itzulera gertu ikusten zuela, eta hamabost urtean kartzelan sentitu dela, familia ezin izan duelako ikusi.

Thaksinen hegazkina gaur goizean lurreratu da Bangkokeko Don Mueang aireportuan. Haren jarraitzaile talde handi batek egin dio harrera. Haren alabak barkamena eskatu die jarraitzaileei, aitak ezin izan baititu agurtu. Thaksinen arreba Yingluck Shinawatrak Facebook sare sozialean egindako argitalpen baten bidez jakin denez, Thailandiarako bidean Singapurretik pasatu zen lehen ministro ohia. Yingluck Thailandiako emakumezko lehen estatuburua izan zen, harik eta 2014an militarrek estatu kolpe bat jo eta kargutik bota zuten arte. Azkeneko bederatzi urteetan, erbestean bizi izan da, anaia bezalaxe.

Shetta da lehen ministro

Hiru hilabete baino gehiagoko blokeoaren ondoren, Thailandiako Parlamentuak lehen ministroa aukeratu du gaur: Shetta Thavisin. Thaksinek sortutako alderdiko kidea da Shetta, Pheu Thai taldekoa. Parlamentuan eta Senatuan gehiengoa lortuta irabazi du, 482 boto eskuratu baititu. Nahiz eta Pheu Thai ez zen izan hauteskundeetan boto gehien lortu zuen alderdia, parlamentuan akordioak egin ditu, eta, hala, agintea bereganatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.