Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak Mugitu Aurrera alderdia desegiteko agindu du

Hamar urteko inhabilitazioa ezarri die auzitegiak Mugitu Aurrera alderdiko 11 kideri.

Pita Limjaroenrat Aurrera Egin alderdiko burua auzitegi konstituzionaletik ateratzen erabakia entzun ostean. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Pita Limjaroenrat Aurrera Egineko burua auzitegi konstituzionaletik ateratzen erabakia entzun ostean. RUNGROJ YONGRIT / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko abuztuaren 7a
13:30
Entzun

Mugitu Aurrera alderdia desegiteko agindua eman du Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak. Iazko hauteskundeetan boz gehien lortu zituen alderdia izan zen, eta haren programako puntuetako bat da monarkiaren aurkako kritikak kartzelarekin zigortzen dituen legea aldatzea. Auzitegiarentzat, hori «mehatxu bat» da, eta horregatik hartu du alderdia desegiteko aho batezko erabakia. Urtarrilean ere, auzitegi berak monarkia «iraultzeko» saiakeratzat hartu zuen alderdiaren proposamena.

Alderdiak zigor kodeko 112. artikulua aldatu nahi zuen. Artikuluak erregearen aurkako delituak eta kritikak zigortzen ditu, eta hiru eta hamabost urteko kartzela zigorrak jasotzen ditu halakorik egiteaz akusatutakoentzat. Gainera, edozeinek salatu dezake pertsona bat monarkia kritikatzeagatik. Azken puntu hori aldatu eta salaketa erregeak soilik egin ahal izatea zen alderdiaren asmoa.

Desegiteaz gain, hamar urteko inhabilitazioa ere ezarri die auzitegiak alderdiko 11 kideri; besteak beste, Pita Limjaroenrati, Mugitu Aurrerako buruari. Borrokarako deia egin die hark jarraitzaileei: «Hautsezina naiz, ez naiz hilko. Mundu honetan desagertu ezin diren gauzak daude, etengabe haziko direnak. Bidaia berri bat hasi da. Jarrai dezagun batera». Inhabilitatuak izan ez diren gainontzeko 140 diputatuek 60 egun izango dituzte alderdi berri bat sortu edo beste batean izena emateko.

Bigarren aldia

Ez da lehen aldia Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak alderdi bat desegiten duena. Izan ere, 2020ko otsailean Etorkizuna Aurrera alderdia desegin zuen, Mugitu Aurrera alderdiaren aurrekoa. Legez kontra finantzatua egoteaz akusatuta desegin zuten alderdia. Etorkizuna Aurrerak «demokraziaren itzulera, hauteskunde askeak eta justuak, eta kontsentsu politikoa berrezartzea» aldarrikatzen zuen. Desegiteak protestak eragin zituen herrialdean; horietan lau pertsona hil ziren, eta beste 1.634 zigortu zituzten manifestazioetan parte hartzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.