Thailandia eta Kanputxea arteko muga gatazka gaiztotu egin da berriz ere

Liskarrengatik 20.000 herritar urrutiratu behar izan dituzte; bi herrialdeek lur eremu bera aldarrikatzen dute

2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Azken urteotan hainbatetan bezala, Thailandiak eta Kanputxeak aldarrikatzen duten lur eremuan liskarrak izan dira berriz ere. Bi herrialdeetako armadak elkarri tiroka aritu dira ostiraletik; gutxienez 11 soldadu hil dira —bost thailandiar eta sei kanputxear—, eta 30 inguru zauritu.

Ta krabei tenpluaren inguruan jazo dira oraingoan erasoak. XII. mendeko Khmer Inperioaren loraldian eraikitako tenplua da hori. Ez da bi herrialdeak tenpluen jabetzaren harira haserretzen diren lehen aldia. Otsailean, esaterako, zortzi lagun hil zituzten arrazoi beragatik, tartean zibilak.

Indarkeriaren gorakadaren ondorioz, 20.000 lagun euren etxeetatik urrutiratu dituzte Thailandian. Batzuk otsaileko gertakariez geroztik ez dira itzuli etxera, eta orain kanporatu dituztenek ere ez dakite noiz itzuli ahal izango diren.

Negoziazioak, etenda

Ta krabei tenplua eta beste hainbat duela milaka urteko khmer zibilizazioaren ondare dira. Kanputxeako Defentsa ministroak, atzo, Thailandiak Kanputxearenak diren tenpluen jabe egin nahi duela salatu zuen.

Joan den martxoan, hain zuzen ere, muga gatazka konpontzeko negoziazioetan parte hartzea onartu zuten bi herrialdeek Indonesiaren esku hartzearekin. Denbora gutxira, baina, Thailandia iritziz aldatu zen, kanpoko ikuskatzaileen presentziak egoera zaildu zezakeela argudiatuta.

Tenpluen jabetzaren liskarra indartu egin zen 2008an, Unescok gizateriaren ondare izendatu zituenean. Orduan Kanputxearenak zirela esan zuen erakundeak. 1962an, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak ere Kanputxeari eman zion arrazoia. Thailandiak, baina, Preah Vinear tenpluen multzoan, 4,6 kilometro karratuko eremua exijitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.