Kosovoko gerraren biktima guztiengatik samina adierazi zuen atzo Hashim Thaci herrialdeko presidente ohi eta UCK Kosovo Askatzeko Armadaren lider izandakoak. Kosovorako Auzitegi Bereziaren aurrean egin zituen adierazpen horiek, Hagan (Herbehereetan), haren eta UCK gerrilla albaniarreko beste hiru buruzagi ohiren kontrako epaiketaren bigarren egunean. Thacik ukatu egin zituen leporatzen zaizkion gerra krimenak, eta gaineratu zuen epaileek bere errugabetasuna aitortzea espero duela.
Jazarpena, erailketa, tortura eta pertsonen desagertze behartua egozten dizkie akusazioak Kosovoko agintari ohiari —2016 eta 2020 bitartean izan zen presidente, eta 2008tik 2014ra lehen ministro— eta beste hiru auzipetuei. Delitu horiek UCK Jugoslaviaren aurka matxinatu zen garaian egin zituzten, akusazioaren arabera, 1998 eta 1999 bitartean.
«Atsekabea eta samina sentitzen ditut gerra izugarri horren biktima guztiengatik, haien etnia, erlijioa edo afiliazio politikoa edozein dela ere», esan zuen Thacik epaimahaiaren aurrean. Bere burua errugabetzat jo zuen beste behin, eta ziurtatu zuen Kosovo «historiaren alde onean» dagoela.
Aurretik, defentsa abokatuek hartu zuten hitza auzitegian, eta argudiatu zuten Thacik ez zuela UCKren jardun osoa kontrolatzen, gerrillaren komandante nagusia izan arren. «[Gerrilla] Eskualdeetako komandanteek kontrolatzen zuten», Gregory Kehoe abokatuaren esanetan. Defentsak gogor kritikatu zituen UCKren krimenak, baina tokian tokiko agintari militarrei egotzi zien horien ardura.
Batez ere, oposizioa
Fiskalen arabera, baina, Thacik eta UCK-ko beste hiru buruzagi ohi auzipetuek kanpaina bortitz bat zuzendu zuten aurkari politikoen aurka, eta Kosovon gutxiengoa diren herritar serbiarren eta erromanien kontra, herrialdearen gaineko kontrol osoa eskuratzeko. Salatu dute ehunka lagun kartzelatu zituztela baldintza izugarrietan, eta 102 hil zituztela. Akusazioak zehaztu duenez, biktima gehienak albaniarrak ziren. Hau da, Kosovon gehiengoa den etniakoak —biztanleen %90—.
Serbiak eta Kosovok, EBk hauspotuta, harremanak normalizatzeko akordio bat sinatu eta aste batzuk geroago hasi da epaiketa. UCK-ko kideak apenas ikertu dituzten gerran gertatutakoengatik, eta, hain zuzen, hori traba izan da bi herrialdeen erlazioa onbideratzeko orduan.
Kosovorako Auzitegi Berezia 2016an sortu zuten, eta UCK-k gerra gatibuei ustez emandako tratu txarren berri jasotzen duen txosten bat du oinarrian, Europako Kontseiluak egina. Thacik presidente kargua utzi zuen 2020an, auzipetua izan eta gutxira.
Serbiak, berriz, sistematikoki egin dio uko gutxienez mila desagerturen gorpuak dituzten hobi komunak non dauden argitzeari. NBEren arabera, 1.600 inguru dira oraindik Kosovoko gerran desagertutakoak.
Thacik, akusazioei uko
Kosovoko presidente ohiak «samina» adierazi du biktima guztiengatik. Defentsaren esanetan, ez zuen UCK gerrillaren gaineko kontrola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu