Pentagonoak «terrorismoari» aurre egiteko duen gaitasuna eta eragingarritasuna zalantzan jartzen ditu AEB Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkari Donald Rumsfeldek asteazkenean USA Today egunkariak helarazi eta Rumsfelden sinadura duen barne dokumentuan. Besteak beste, Irak, Afganistan eta Al Kaeda erakundearen kontra hartutako neurriak aski izan diren galdetzen du estatu idazkariak gero Pentagonoko funtzionarioei helarazi txostenean. «Terrorismoaren kontrako gerra galtzen edo irabazten ari gara? Nire ustea da oraindik ez ditugula benetan arrakasta garrantzitsuak erdietsi, nahiz eta bide zuzenean dauden neurri logikoak eta arrazoizkoak hartu ditugun, baina aski al dira?». Horixe da urriaren 16ko data duen testuan irakur daitekeen galdera.
Halaber, irailaren 11ko erasoaren ondotik Al Kaeda erakundearen kontra abiatu gerraren eraginkortasuna zalantzan jartzen du.
Txostena argitara eman egunean bertan dokumentuan idatzitakoa justifikatzen saiatu zen Rumsfeld. Bere helburua Pentagonoko funtzionarioek gogoeta egitea zela zehaztu zuen. «Galderak egiten ditut. Ez ditut erantzuten».
Agirian idatzitakoa ez dela orain arte berak eta AEBetako presidente George Bushek esandakoarekin kontraesanean jartzen adierazi zuen Rumsfeldek.
Bost hildako Iraken
Bien bitartean, AEBetako soldadu bat eta lau irakiar hil ziren atzo Iraken izan erasoetan. Soldadua Bakuban hil zen, konboiaren kontra izan erasoan. Iparraldean bi irakiar hil ziren, oliobide baten kontrako erasoan eta Mosulen beste bi, soldaduen kontrako istiluetan.
Bestetik, Erresuma Batuko alderdi laboristak George Galloway diputatua bota egin du alderditik, Irakeko erasoaren eta Tony Blairren kontra eginiko adierazpenengatik. Erresuma Batuko soldaduei Irak okupatzeko «legez kanpoko aginduak» ez betetzeko eskatu zien Gallowayk.
«Terrorismoaren aurkako gerraren» eragingarritasuna auzitan jarri du Rumsfeldek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu