Putinek galdetu du ea nori egiten dion mesede Moskuko erasoak

Atentatuaren ustezko egileei terrorismo delitua egotzi diete; baliteke heriotza  zigorra ezartzea. Errusiako presidenteak esan du badakitela «muturreko islamistek» egin zutela erasoa.

Ostiraleko erasoan hildakoen omenez loreak jarri dituzte Moskuko Crocus City Hall antzokiaren aurrean. MAXIM XIPENKOV / EFE
Ostiraleko erasoan hildakoen omenez loreak jarri dituzte Moskuko Crocus City Hall antzokiaren aurrean. MAXIM XIPENKOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 25a
11:30
Entzun

EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du Moskuren aldirietan pasa den ostiralean egindako erasoa, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du, gaur, badakitela «muturreko islamistak» izan zirela egileak. Baina galdera bat egin du, orduz geroztik hartutako neurriez hitz egiteko agerraldi batean: «Nori egiten dio mesede gertatutakoak?». Eta hori ikertzeko eskatu du. Hala, nabarmendu du «Kieveko erregimena» Errusian egiten ari den «erasoen barruan» kokatu behar dela Moskukoa. 

Terrorismo karguak egotzi dizkiete erasoaren ustezko egileei. Bart hartu du erabakia Errusiako auzitegi batek, eta, epaiketa egin artean, bi hilabeterako behin-behineko atxiloaldia ezarri diete ustez erasoa egin zuten lauei eta beste hiru ustezko konplizeri. Errusiako hiriburuko aldirietako antzoki batean gauzaturiko atentatuaren egiletzat jotzen dituzte laurak. Azken datuen arabera, gutxienez 137 pertsona hil eta 180 baino gehiago zauritu zituzten.

Erasoarekin lotura dutelakoan, 11 lagun hartu zituen atxilo FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak herenegun: ustezko lau erasotzaileak eta ustezko beste zazpi konplize. Atzo, Errusiako Ikerketa Batzordearen aurrean deklaratu zuten lau susmagarriek. Atxilotuetako bat gurpil aulkian eraman zuten, eta guztiak ere lesio zantzuak eta aurpegian ubeldurak zituztela agertu ziren deklaratzera; lautik hiruk aitortu zuten atentatua egin izana. Gaur, atxilotuen egoeraz eta jasotako tratuaz galdetuta, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek ez du adierazpenik egin.

Errusian heriotza zigorra legezkoa da, eta Dmitri Medvedev presidente (2008-2012) eta lehen ministro ohiak (2012-2020) ez du zalantzarik zer zigor ezarri beharko litzaiekeen susmagarriei. «Hil egin beharko genituzke?», galdetu du bere Telegrameneko kanalean; eta erantzuna ere eman du: «Hala izan beharko luke, eta hala izango da».

«Etxe Zuriarentzako galdera bat: ziur zaudete Estatu Islamikoa izan dela?».

MARIA ZAKHAROVAErrusiako Atzerri Ministerioko bozeramailea

Atzo, EIk bideo bat argitaratu zuen erasoa berak egin zuela berresteko —ostiral gauean bertan argitaraturiko bideo batean ere esan zuten haiek egin zutela atentatua—. Talde armatu jihadistaren menpeko Amaq albiste agentziak atzo zabalduriko irudietan, Crocus City Hall antzokiko erasoaren «eszena esklusiboak» ikus daitezke, azpidatzietan jartzen duen moduan. «Kristauen aurkako eraso odoltsu» gisa definitu du joan den ostiraleko atentatua. EIren Khorasan probintziako adarrak hartu du bere gain erasoa —batez ere Afganistanen, Iranen, Pakistanen eta Errusian jarduten duen adarra da hori—.

EI errekrutamenduak egiten ari da Tajikistanen eta Asia erdialdeko beste sobietar errepublika ohi batzuetan, eta Moskuko erasoaren lau susmagarriak tajikistandarrak direla adierazi dute. Kremlinek, ordea, ez du hitz egin nahi talde armatu jihadistaren egiletzaz; Peskovek esan du ikerketak iraun bitartean ez dutela aurrerapenik iragarriko. Bitartean, Errusiako zenbait hedabidek eta Putinek berak Ukrainari egotzi diote erasoarekin lotura izatea.

Kievek ukatu egin du atentatuarekin zerikusirik duela, eta AEB Ameriketako Estatu Batuek ere atzo baieztatu zuten EIk egin zuela erasoa. Washingtonek ez dio garrantzirik eman lau susmagarriek Ukraina aldera ihes egin nahi izateari —Moskutik hego-mendebaldera bidean atxilotu zituzten— , eta erantzule bakarra EI dela ziurtatu du. Baieztapena zalantzan jarri du Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak: «Etxe Zuriarentzako galdera bat: ziur zaudete Estatu Islamikoa izan dela? Berriz pentsa dezakezue?». Komsomolskaia Pravda egunkariari adierazi dionez, AEBak bere «tutoretzapeko» estatua —Ukraina— babestu nahian ari dira, erasoaren egiletza soilik EIri egotzita.

Frantzia, «alerta terroristan»

Moskuko atentatua Estatu Islamikoak bere gain hartu ondoren, Frantziako Gobernuak «alerta terrorista» maila gorenean ezarri zuen atzo. Talde armatu jihadistak eraso ugari egin ditu Frantzian, eta horregatik hartu du erabakia Frantziako Segurtasun Kontseiluak.

Gabriel Attal lehen ministroak X sare sozialean eman du alerta egoera larritzearen berri: «Ikusita Estatu Islamikoak bere gain hartu duela erasoaren erantzukizuna, eta talde hark gure herria mehatxatu izan duela, erabaki dugu maila gorenera igotzea Vigipirate plana [Frantziako segurtasunerako alerta sistema]: eraso larrialdira». Frantziako presidente Emmanuel Macronentzat, «neurri koherentea» da, Moskuko atentatua bere gain hartu duen talde berak Frantzian ere saiakerak egin dituelako.

Jende ugari batzen duten ekitaldiek kezkatzen dute Frantziako Gobernua. Parisen bertan, kasurako, lau hilabete barru egingo dituzte Olinpiar Jokoak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.