Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Bost urte mende erdia betetzeko. Munduan ez dago buruzagirik —monarkiak kontuan hartu gabe— Ekuatore Gineako presidente Teodoro Obiangek baino denbora gehiago daramanik agintean. Presidentea? Haren kargu ofizialak hala dio, baina, nazioarteko hainbat erakundek eta Ekuatore Gineako opositoreek salatzen dutenez, Obiangena ez da sistema demokratiko bat, diktadura bat baizik; gaur egun mantentzen den autokraziarik zaharrena, hain zuzen. Estatu kolpe baten bidez heldu zen Obiang boterera, 1979an; hala ere, hirugarren olatuko autokratekin zenbait ezaugarri komun ditu, hala nola nazionalismoa, errepresioa eta zuzenbide estatua mespretxatzea. Are gehiago, Juan Tomas Avila idazle eta opositore ekuatoreginearrak azaldu duenez, Obiangek «Ekuatore Gineako salbatzaile gisa» aurkezten du bere burua.
Beste hainbat opositore legez, Avila erbesteraturik dago, Bartzelonan. Kataluniara 2011n heldu zen, Obiangek eta nazioarteak —batez ere Espainiak— erregimenari ematen zioten babesa salatzeko gose greba egin ostean. 2013tik, halere, urtero doa Ekuatore Gineara. Haren ustez, Obiang «sobera handinahia» da, bai ekonomikoki, bai botereari dagokionez, eta «zinikoa»: «Bere ankerkeriaz harro dago». Izan ere, Obiangek Ekuatore Ginean ezarri duen sistemaren ezaugarri nagusietako bat errepresioa da. Yolanda Aixela-Cabre antropologoa eta Guinea Ecuatorial: ciudadanías y migraciones transnacionales en un contexto dictatorial africano (Ekuatore Ginea: herritarrak eta migrazio transnazionalak Afrikako diktaduren testuinguruan) liburuaren egileak dio gaur egun herrialdea «espetxe handi bat» dela; horregatik, herritarrak «beldurturik» bizi dira.
Beldurra, «indarkeriaz beteriko» erregimena delako. Beldurra, Avilak azpimarratu duenez, norbaitek Obiangen aurka egin dezakeen susmoa baldin badago «delituak asmatzen dituztelako». Beldurra, «zuzenbide estaturik» ez dagoelako: «Behin atxilotzen zaituztenean, ezin duzu zeure burua babestu, ez dago aurka egiteko gai den ezein indarrik; abokatuek ezin dute haien lana egin. Erregimenaren aurka babesgabetasuna da nagusi».
Obiangek bi eratara egiten dio aurre oposizioari. Alde batetik, fisikoki; hau da, errepresioa eta indarkeria haien aurka erabilita. Uztailaren 23an, esaterako, CPDS Demokrazia Sozialaren Aldeko Konbergentzia alderdiko buruzagi Francisco Ballovera opositorea atxilotu zuten espetxera janaria eramaten zien bitartean. Baina Balloverarena ez da aparteko adibide bat; are gutxiago espetxeratuei janaria eramaten ziela gatibu hartu izana. Aixela-Cabrek azaldu duenez, «errepresioa eta jazarpena hain dira bortitzak», non espetxeratuak janaririk gabe uzten dituzten: «Espetxeratzen bazaituzte ez dizute ez jatekorik ez edatekorik ematen; kartzelara janaria eraman ahal dizun seniderik ez baduzu, gosez hiltzen zara. Horri jipoiak, tratu txarrak eta torturak gehitu behar zaizkio».
«Behin atxilotzen zaituztenean, ezin duzu zeure burua babestu. Erregimenaren aurka babesgabetasuna da nagusi»
JUAN TOMAS AVILAIdazlea eta opositorea
Bestetik, Avilak nabarmendu du «garbi eta askeak ez diren hauteskundeak» izan direla. Obiang boterera heldu zenetik, 1979tik, egin dituzten sei hauteskundeak hark irabazi ditu; azkena 2022an, botoen %97 eskuratuta. Horietan zehaztutako diputatu, senatari eta zinegotzi oro Obiangen harikoa zen. 2016an lortu zituen emaitzarik txarrenak, botoen %93,5ekin. Hori dela eta, Herritarrak Berrikuntzaren Alde alderdiak diputatu bat eskuratu zuen, Obiangen sisteman zirrikitu bat zabalduz. Hura, baina, azkar itxi zuen erregimenak, legez kanpo utzi baitzuen alderdia egun gutxian.
«Ekuatore Ginean ohikoa da botoa ematera joan eta mahaian daudenek esatea ez dela beharrezkoa, jada norbaitek zure botoa emana zuela. Edota gutun azalik ez egotea, oposizioaren boto papera nork hartzen duen jakiteko», azaldu du Avilak. Ez da, hala ere, opositore baten iritzia soilik. EB Europako Batasunak 2020ko azaroaren 20ko hauteskundeen inguruan argitaratutako oharrean adierazi zuenez, Ekuatore Ginean izandako testuingurua «ez zen aproposa izan hauteskunde demokratiko, plural eta parte hartzaileak egin ahal izateko». Hori dela eta, herrialdeko agintariei eskatu zien «gobernantza demokratikoa» hobetu zezatela.
Oposizioa Annobonen
Sistemak oposizioaren aurka gogor egin du herrialde barruan, Aixela-Cabreren ustez, Ekuatore Ginea «kartzela erraldoi bat» bihurtu arte. Halere, nolabaiteko oposizioa dago, bai herrialde barruan, bai erbestean. Annobongo irlako egoerak erakutsi du hori. Annobongo zenbait herritarrek independentzia aldarrikatu zuten, eta Ekuatore Gineako Gobernuak horren aurka egin du, Avilaren hitzetan «gobernu autokratikoak oso arduratuta baitaude separatismoaz». Annobongo herritarrak kalera atera ziren protesta egitera, eta, Ekuatore Ginean manifestazioak debekaturik daudenez, atxilotu eta Malabora eraman dituzte, 600 kilometrora. Erbesteratutako hainbat ekuatoreginearrek protesta egin dute azken asteetan, Bartzelonan, esaterako. Annobongoa, hala ere, adibide txiki bat da, oposizio gutxi baitago.
Antropologoaren ustez, oposizioa txikitzeko ekintzak Obiang boterera heldu aurretik hasi ziren: «[Francisco] Maciasen diktaduraren ostean heldu zen Obiangena, eta horren aurretik esperientzia kolonial oso bortitza pairatu zuten ekuatoreginearrek Espainiarekin. Horregatik, batzuei oso zaila egiten zaie konturatzea burua itxi dutela eta adierazpen askatasuna eta hobekuntza demokratikoak eskatzeko euren burua blokeatu dutela». Francisco Macias Nguema Espainiak kolonia utzi osteko aurreneko presidentea —eta diktadorea— izan zen. Boterera 1968an heldu zen, eta 1979an kendu zuten bertatik, Obiangek emandako estatu kolpe baten bidez. Macias Obiangen osaba zen, eta Obiang bere erregimenak ezarritako beldurraren eta bestelako ekintza errepresiboen oinordeko dela iritzi diote Avilak eta Aixela-Cabrek: «Ezin da Obiang ulertu Macias gabe».
Hartutako ezaugarrien artean «nazionalismoa eta kolonialismoari aurka egitea» daudela iritzi dio Avilak. Obiangen nazionalismoak, hala ere, ezberdintasunak ezartzen ditu Ekuatore Gineako herritarren artean. Herrialdean zazpi etnia bizi dira, nagusiki, eta fang etnia —Obiangena— da boterea biltzen duena. Haiek daude gobernuko postuetan, eta haiek kontrolatzen dute herrialdeko ekonomia. Are gehiago, Avilak nabarmendu duenez, Obiangek nahita mantentzen du «hain ezberdintasun handia» etnien arteko ekonomietan: «Obiangek uste du berea ez den etnia bat ekonomikoki indartsua izango balitz haren aurka egingo lukeela». Hori ekiditeko, Ekuatore Ginean ezin da enpresarik egon goi postuetan fang etniako herritarrik ez badu.
«Erregimenak gizartearen sustraiak herdoildu ditu. Diktadurak herritarren arimak jan ditu»
YOLANDA AIXELA-CABREAntropologoa
«Horri esker dirua kontrola dezakete», nabarmendu du Avilak. Izan ere, hori da Obiang eta haren ingurukoen helburu nagusietako bat: dirutza lortzea. Are gehiago, Aixela-Cabreren ustez, autokrazia legez definitzeaz gain «kleptokraziatzat» jo daiteke Ekuatore Gineako sistema. Eta joko horretan sartzen dira Mendebaldeko potentziak; batez ere AEB Amerikako Estatu Batuak eta Espainia. Avilak dio bi herrialde horietako enpresek interes ekonomikoak dituztela Ekuatore Ginean; batez ere petrolio ustiapena dela eta. Horregatik, Obiangen «hermetismoak» bere horretan jarraitzen duela uste du Avilak, Mendebaldearen ekonomiaren mesedetan diharduelako sistemak.
Aldaketen garaia
Agintean 45 urte egingo dituen arren, baliteke Obiangen buruzagitza laster amaitzea, osasunez larri baitago eta geroz eta agerraldi publiko gutxiago egiten baititu. Oinordekoa jada izendaturik daukala diote hainbatek —hala nola Avilak eta Aixela-Cabrek—: Teodoro Nguema Obiang Teodorin, bere semea eta herrialdeko presidenteordea. Antzina presidentearen agerraldiak zirenak orain berak bereganatu ditu —Annobongo kasuan, esaterako—. Antropologoak nabarmendu duenez, azken 45 urteak ez dira lerro zuzen bat izan, «askotan bere burua berrasmatu» baitu, betiere Ekuatore Ginea kontrolpean izanik: «Erregimenak gizartearen sustraiak herdoildu ditu. Diktadurak herritarren arimak jan ditu».
Aldaketa garaian dago orain murgildurik herrialdea, Teodorinek boterea bereganatzen duen bitartean. Dirua jada bereganatua baitu. Horren adibide da Suitzako zuzenbideak kapitalak zuritzeagatik 25 ibilgailu kendu eta horiek 27 milioi eurorengatik saldu izana isun modura, edota Frantzian delitu beragatik kondenatu izana.