Tentsioak gora egin du Venezuelako karriketan eta nazioarteko harremanetan

Istilu larriak izan dira presidentetzarako hauteskundeetan «iruzurra» izan dela salatzeko protestetan. Venezuelak harreman diplomatikoak hautsi ditu Amerikako zenbait herrialderekin.

Venezuelako hauteskundeetako emaitzen kontrako protesta, atzo, Caracasen. HENRY CHIRINO / EFE
Venezuelako hauteskundeetako emaitzen kontrako protesta, atzo, Caracasen. HENRY CHIRINO / EFE
Iker Tubia.
2024ko uztailaren 30a
14:00
Entzun

Igandeko presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak onartzen ez dituzten herritarrak karrikara atera ziren atzo, Caracasen. CNE Venezuelako Hauteskunde Batzordeak Nicolas Madurori aitortu zion garaipena, botoen %51 eskuratu zituela iragarrita. Baina emaitza horiek onartzen ez zituztenak karrikara atera ziren atzo: manifestari anitz bildu ziren Mirafloresko Jauregiaren inguruan, presidentearen etxean, eta Venezuelako hiru hiritan Hugo Chavezen estatuak bota zituzten. Protestetan istilu larriak izan ziren, eta atxiloketa anitz. Oposizioak salatu du «iruzurra» izan dela hauteskundeetan, eta Madurok, berriz, «estatu kolpea emateko saiakera» salatu du.

Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, atzoko protestetan izandako istiluetan bi lagun hil zituzten, eta dozenaka lagun atxilotu. Madurok esan zuen «indarkeriazko ehun eraso terrorista» izan zirela herrialdean, eta horien atzean «faxistak» zeudela. «Ez dugu onartuko Venezuela 2014ko, 2017ko eta 2019ko iluntasunera itzultzerik», esan zuen.

Gaur protestak eginen dituzte bi aldeetakoek. Oposizioak manifestazioetarako deia egin du 11:00etarako —17:00etan, Euskal Herrian—, eta chavismoak gobernuaren alde karrikak hartzeko eskatu die herritarrei, «hauteskundeetako emaitzak defendatzeko». Maduroren aldeko manifestazioak 14:00etan izanen dira —Euskal Herrian, 20:00etan—, herrialde osoan.

Karrikan tentsioa handitzen ari da herenegungo hauteskundeetako emaitzak jakin ondotik, baina baita nazioartean ere. Herrialde askok ez dituzte onartu hauteskundeen emaitzak, eta CNEri eskatu diote argitara atera ditzala hauteskundeetako aktak. Beste herrialde batzuek babesa agertu diote Madurori, eta herrialdean «esku hartzeko saiakera» gaitzetsi dute.

Hauteskundeetako emaitzak zalantzan paratu dituzte, besteak beste, Peruk, Txilek, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Japoniak eta Europako Batasunak. «Gardentasuna» eskatu dutenen artean dago Brasil, bestelako diskurtso batekin, nolanahi ere. Atzo Celso Amorim Brasilgo presidentearen nazioarteko aholku emailea Madurorekin bildu zen, eta, O Globo egunkari brasildarraren arabera, Venezuelako presidenteak esan zion «hurrengo egunetan» hauteskundeetako aktak argitaratuko dituztela. Bestalde, Txinak, Kubak eta Nikaraguak, besteak beste, babesa eskaini diote Madurori, eta hauteskundeetan lortutako emaitzengatik zoriondu dute presidentea.

Nazioarteko eragile asko presioa egiten ari dira hauteskundeetako aktak argitaratu ditzaten. Giro nahasi horretan, Venezuelak diplomazialariak kendu ditu Erdialdeko eta Hego Ameriketako zazpi herrialdetatik: Argentinatik, Txiletik, Costa Ricatik, Perutik, Panamatik, Dominikar Errepublikatik eta Uruguaitik. Eta herrialde horiek Venezuelan zituzten diplomazialariak botatzea ere erabaki du Caracasek. Herrialdean «esku hartzea» leporatu die Venezuelako kantzilertzak herrialde horiei, eta «Washingtonen menpeko eskuineko gobernuak» izatea egotzi die ohar batean.

Oposizioaren datuak

Marina Corina Machado Venezuelako oposizioko buruaren arabera, haiek irabazi zituzten igandeko hauteskundeak, eta «egia frogatzeko aukera» dutela esan zuen. Prentsari egindako adierazpenetan, esan zuen hauteskunde akten %73 eskuratu dituztela, haien jarraitzaileek eta boluntarioek hauteskunde egunean «erreskatatuta». Haien datuen arabera, akta horietan Madurok 2.759.000 boto eskuratu zituen, eta Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioko koalizio nagusiko hautagaiak, 6.275.000.

«Garaipena agerikoa, frogagarria eta matematikoki atzeraezina» dela esan du Machadok: «Abantaila oso handia da: estatu guzietan irabazi genuen, estratu eta klase sozial guzietan. Falta diren aktetan Madurok irabazita ere, hauteskundeak galduko lituzkete. Haiek halako hiru boto lortu ditugu. Herrialde honetako presidente berria Edmundo Gonzalez Urrutia da». Haiek emandako datuak webgune batera igoko dituztela iragarri du Machadok.

Venezuelako Hauteskunde Batzordeak emandako datuak bestelakoak dira. Horien arabera, GPP Polo Patriotiko Handia koalizio chavistak botoen %51,2 eskuratu zituen igandean, eta oposizioko hautagai nagusiak, Edmundo Gonzalezek, botoen %44,2. CNEn egindako agerraldi horretan jaso zuen Madurok 2031. urtera arte presidente izateko akreditazioa, eta elkarrizketarako prest agertu zen. «Venezuela hobeago batera goaz, eta bakeak nagusitu beharko du. Ez dadila inor saiatu karrikak asaldatzen».

VENEZUELAKO FISKALTZAK MACHADORI EGOTZI DIO HAUTESKUNDE SISTEMA SABOTATZEA

Venezuelako Fiskaltzak herenegungo presidentetzarako hauteskundeen aurkako ustezko sabotaje saiakera bat ikertuko du. Caracas hiriburuan atzo eginiko prentsaurreko batean, Venezuelako fiskal nagusiak, Tarek William Saabek, adierazi zuen CNE Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak «eraso informatiko» bat jasan zuela datuen transmisio sisteman, eta PUD Plataforma Unitario Demokratikoa oposizioko koalizioko Maria Corina Machadori leporatu zion erasoaren antolatzaileetako bat izatea.

 

Sabotaje saiakera Ipar Mazedoniatik egin zela ziurtatu zuen Saabek, Venezuelako Fiskaltzaren informazioaren arabera —ez zuen jakinarazi—, eta CNEk jasotako datuak «manipulatzea» zuen helburu. Machado lehiatu behar zen berez Maduroren aurka, baina, iragan urtarrilean, hamabost urtez kargu publiko bat hartzeko inhabilitazioa ezarri zioten. 

Machadoz gain, fiskal nagusiak oposizioko kide Lester Toledori eta Leopoldo Lopezi ere leporatu zien eraso informatikoa antolatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.