Donald Trumpek asteartean AEB Ameriketako Estatu Batuetako bozetan lortutako emaitzek «kezkatu» egin dute Laia Balcells politologoa (Granollers, Herrialde Katalanak, 1980). Hautagai errepublikanoak presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen, eta Kongresuan gehiengoa lortzeko bidean da. Georgetown unibertsitateko irakasleak uste du ez zaiela garrantzia kendu behar hautagai errepublikanoak kanpainan egindako promesei: «Askoz ahalmen handiagoa izango du aurreko agintaldian baino». Balcellsek bideodei bidez hitz egin du BERRIArekin; Washingtonen bizi da, baina Michigandik erantzun die galderei; hain zuzen, Trumpek demokratei kendu dizkien estatuetako batetik.
Berriz ere AEBetako presidente izango da Trump, baina oraingoan Senatuan gehiengoa izango du, eta Ordezkarien Ganberan ere esku-eskura dauka. Zer esan nahi du horrek?
Kasik botere absolutua izango duela. Gainera, aurreko agintaldian zehar [2017tik 2021era presidente izan zen Trump] epaile oso kontserbadoreak jarri zituen Auzitegi Gorenean. Ez dira independenteak, errepublikanoak dira, eta Trumpi immunitatea emango diote agintaldian zehar nahi duena egiteko. Haren aurkako auzibide judizialak erori egingo dira, eta hark indultuak emango dizkie urtarrilaren 6ko ekintzengatik [2021ean, Trumpen dozenaka jarraitzailek AEBetako Kapitolioa hartu zuten] zigortuak izan zirenei. Kontrapisu bakarra estatuek egin ahal izango diote.
AEBak herrialde federala izateak modua emango dio horri?
Hori da. Kaliforniako Gobernadoreak, esaterako, iragarri du abenduan estatu horretako asanblearekin batzartuko dela. Zenbait lege egingo dituzte Trumpen erabakiengandik babestu ahal izateko. Baliteke eredu berari jarraitzea Massachusettsek ere. Autonomia sentimendu handia duten estatuak dira, eta gehiengo demokrata dutenak.
Estatu horiek irla modukoak bihurtuko dira pertsonak babesteko, Trumpen politikek kalte egiten badiete. Estatu Batuak zatikatu egingo dira. Tentsioa areagotuko da gobernu federalaren eta estatuetako gobernuen artean. Sezesio hitza ere entzun dut, eta posible da estaturen batek hori planteatzea. Pisu handia du hitz horrek AEBetan; izan ere, hegoaldearen sezesioak edo bereizketak eragin zuen AEBetako gerra zibila [1861-1865].
«Auzitegi Gorena bere alde izanda, agian gai izango da konstituzioaren aurkakotzat jo izan diren zenbait erabaki aurrera eramateko»
Zer aldatu da Trumpek lehen aldiz bozak irabazi zituenetik?
Oraintxe konferentzia akademiko batean nago, eta, hemen, jendea kezkatuta dago. Hori desberdina da 2016aren aldean. Orduan sorpresa sentsazioa nagusitu zen. Ez genekien zer gertatuko zen, ez genuen oso ondo ezagutzen gizon hori, ezta zer egin nahi zuen ere. Orain, arazoa da ezagutzen dugula.
Lau urtez presidente izan zen eta, 2020ko bozak galdu ostean, boterean geratzen saiatu zen. Lider autoritarioak goratzen ditu, 2016an baino agenda erreakzionarioagoa du, eta alboan duen jendeak oso muturreko ideiak ditu. Gainera, zenbait asmo inolako lotsarik gabe adierazten ditu; gauza jakin batzuk esateko estigma desagertu egin da.
Esaterako?
Paperik gabeko etorkinen deportazio handi bat egingo duela agindu du.
Hori bideragarria da?
Zaila da aurreikuspenak egitea: ez dakit gizon honek nondik jo dezakeen. Praktikan, oso zaila da deportazio hori gauzatzea. Paperik gabeko milioika etorkin daude herrialde honetan; zer egin behar du, etxez etxe haien bila joan? Logistika aldetik ez dakit zer asmo duen, eta, egia esan, ez dut horretan pentsatu nahi. Beldurra ematen dit. Gainera, zenbait ekonomialarik esan dute AEBetako ekonomiari kalte handia eragingo liokeela horrelako deportazio batek.
Iragarri dituen zein beste neurrik kezkatzen zaitu?
AEBetan ius soli printzipioa indarrean da, hau da, herrialdean jaiotzen den orok eskuratzen du bertako nazionalitatea. Hori konstituzioan dago, baina Trumpek aldatzeko asmoa adierazi du. Auzitegi Gorena bere alde izanda, agian gai izango da konstituzioaren aurkakotzat jo izan diren zenbait erabaki aurrera eramateko.
Gainera, askoz ere ahalmen handiagoa izango du aurreko agintaldian hasitakoei jarraipena emateko. Adibidez, AEBak atera nahi izan zituen Nazio Batuen barneko zenbait erakundetatik, baina ez zuen astirik izan. Ezagutza handiagoa izateaz gainera, trabarik jarriko ez dion jendea du inguruan. Pertsona autoritarioa da, eta guztia ondo egiten duela esaten dion jendeaz baino ez da inguratzen. Hori da kezkatzen nauten gauzetako bat: ez duela inguruan kritika egingo dion inor.
Jende asko garrantzia kentzen ari zaio kanpainan esandakoei: «Ez du egingo, aurrekoan ere ez zuen egin». Nahiko nuke oker egon, baina nik ez dut hala pentsatzen. Politikariek zerbait esaten dutenean, egin nahi dutelako esaten dute, eta Trumpek, ahalmena badu, egin egingo du.
«Politikariek zerbait esaten dutenean, egin nahi dutelako esaten dute, eta Trumpek, ahalmena badu, egin egingo du»
Nori egingo diote mesede Trumpen politikek?
Aberatsei, berari eta bere familiari. Trumpek berak dirudunagoa eta boteretsuagoa izan nahi du. Eta dirudunago eta boteretsuago egingo ditu Elon Musk, Jeff Bezos eta beste zenbait bilioidun. Jende askok esan du erosteko ahalmena galdu duelako bozkatu duela Trumpen alde, baina aurrera eraman nahi dituen politika ekonomikoek inflazioa are eta gehiago handiagotzea ekarriko dute. Esaterako, muga zerga gehiago jartzeak prezioak garestitzea ekarriko du. Beraz, ez dakit botoa eman dioten horiek onurarik jasoko duten: baliteke haien erosketa ahalmena are eta gehiago murriztea.
Erosahalmenak behera egin izanaren errua egotzi diete [AEBetako presidente Joe] Bideni eta demokratei. Baina Ukrainako gerra, pandemia eta beste hainbat faktore ez daude demokraten esku.
Eta demokratek zertan ez dute asmatu?
Inkestetan gorakada izan zuten [Alderdi Demokratako presidentegai Kamala] Harrisek Bidenen lekukoa hartuko zuela jakinarazi zutenean, baina lehenago egin behar zuten hori. Horrela hauteskunde primarioak egiteko denbora eduki zezaketen, eta, agian, babes handiagoa izango lukeen presidentegai bat hautatu.
Harrisek ez al zuen babes hori?
Karisma gutxi duela esan izan da, eta arrazaren eta generoaren faktoreek ere ez dakit zenbaterainoko eragina izango zuten; herrialde hau oraindik oso arrazista eta matxista da. Apustu arriskutsua zen.