Tempiko auzia, Greziako Gobernuaren jarrera ezbaian jarri duen tren istripua

Otsailaren 28an bi urte bete ziren, Grezian bi trenek elkar jo eta 57 lagun hil zirenetik. Azken hilabeteetan gobernuaren aurkako protestak ugaritu egin dira, Atenasek auziaren inguruan izandako jarrera gaitzesteko.

Gizon bat, lore batzuk uzten Tempiko tren istripua gertatu zen lekuan, Grezian, urtarrilaren 26an. APOSTOLIS DOMALIS / EFE
Gizon bat, lore batzuk uzten Tempiko tren istripua gertatu zen lekuan, Grezian, urtarrilaren 26an. APOSTOLIS DOMALIS / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 14a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dut oxigenorik. Hitzok irakurri ahal izan dira azken asteetan Greziako hainbat hiritan antolatu dituzten protestetan. Otsailaren 28an bi urte bete ziren Tempi hiriko tren geltokitik gertu, Egeo itsasoaren kostaldean, bi trenek elkar jo eta 57 lagun hil zirenetik; eta, 24 hilabete baino gehiago igaro diren arren, oraindik ez dute argitu bidaiariak zeramatzan tren batek eta merkantzia tren batek zergatik jo zuten elkar eta merkantziak zergatik egin zuen eztanda. Are gehiago, Greziako Gobernuari leporatzen diote eztanda horren arrazoia ezkutatu izana.

Denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiago korapilatzen ari da Grezian hildako gehien eragin duen tren istripuaren auzia, egungo gobernua kolokan jartzeraino. Martxoaren 7an zentsura mozioa bozkatu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroaren gobernuaren aurka, istripuaren ostean izandako jarreragatik, oposizioak uste baitu gertatutakoa ezkutatzen aritu dela. Eta Mitsotakisek karguari eustea lortu bazuen ere —gobernuko Demokrazia Berria alderdiak 300 eserlekuetatik 156 ditu—, Greziako Gobernua kinka larrian dago. Protestak jendetsuak izan dira, eta 100.000 pertsona inguru ere bildu dituzte Atenasen, antolatzaileen arabera.

Oposizioak afera hori baliatu nahi duen arren gobernua alda dadin, manifestari gehienek beste helburu bat dute, Alex Litsardakis kazetariaren hitzetan: «Egiaren berri izan nahi dute, besterik ez: gobernuak gai kimikoak zergatik ezkutatu zituen jakin». Litsardakis duela bi urte hasi zen gaia jorratzen, eta hainbat komunikabidetan eman du haren berri; Reuters berri agentzian, adibidez.

Gobernuak eskatuta, ikerketa talde independente batek txosten bat kaleratu zuen bigarren urteurrenaren bezperan, auziari argia emate aldera. Txosten horretan adierazitakoaren arabera, «geltokiko arduradunaren hanka sartze batengatik» jo zuten elkar bi trenek. Auziak, ordea, itzal asko ditu oraindik, eta manifestariak hainbat egunetan irten dira kalera gobernua erantzule dela salatzeko. «Ez zen istripu bat izan: hilketa bat izan zen», entzun izan da protesta jendetsuetan. Polizia hainbatetan oldartu zaie manifestariei, eta liskarrak izan dira horren eraginez.

Tesalonikan (Grezia), martxoaren 5ean manifestazioaren ostean izandako liskarrak. ACHILLEAS CHIRAS / EFE

Tesalonikan (Grezia), martxoaren 5eko manifestazioaren ostean izandako liskarrak. ACHILLEAS CHIRAS / EFE

«Talkaren ostean jendea hiltzen entzun izanak harrabotsa eragin du herrialdean», azaldu du Litsardakisek. Azpimarratu duenez, gobernuak «egia ezkutatzeko» egindako ahaleginak Greziako herritarren haserrea areagotu duen arren, protesta jendetsuek lotura dute, nagusiki, audio batzuk entzun izanarekin.

Izan ere, auziaren inguruko tentsioak gora egin du azken hilabeteetan: familiek eskatutako ikerketek aurrera egin dute, eta, ondorioz, argitara atera dira trenean zeuden batzuen sakelako telefonoetako audioak. Horrelako istripu bat gertatzen denean, zenbait telefonok automatikoki deitzen dute larrialdi zerbitzuetara, mikrofonoa zabalik dela. Beraz, trenean zihoazen gazteen ahotsak entzuten dira audio horietan, laguntza eske. Horiek horrela, Litsardakisek uste du audioek bi gauza utzi dituztela agerian. Batetik, kolpearen ostean jendea oraindik bizirik zegoela, eta bestetik, «asko» talkaren osteko eztandan hil zirela.

Kimikoak ezkutatu

Gobernuak auzian izandako jarrera salatzen dute manifestariek. Izan ere, istripua izan eta hurrengo hilabeteetan narratiba argi bat plazaratu dute Greziako agintariek: bi trenek elkar jotzea istripu bat izan zela, eta bidaiaririk ez zuen trenak zeramatzan ondasunek ez zutela zerikusirik izan jendea hiltzearekin. Are gehiago, adierazi zuten telefonoen bateriek eragin zutela eztanda, Litsardakisek gaitzetsi duenez.

Hilabeteek aurrera egin ahala, kazetari eta ekintzaileek zalantzan jarri zituzten hipotesi horiek, eta, familiek eskatutako ikerketen bitartez, ondorioztatu dute bidaiaririk gabeko trenak gai kimikoak zeramatzala. Are gehiago, Litsardakisek nabarmendu duenez, gobernuak berak esana du «lehen ezinezkoak ziren hipotesiak orain balekoak» izan daitezkeela.

Baina gobernuak zergatik ezkutatu zuen ia bi urtez trenak gai kimiko horiek zeramatzala? Litsardakisek argi du: «Gai kimikoak zeudela onartuz gero, legez kontrako salerosketak zeudela onartu beharko lukete». Hain zuzen, trenak disolbatzaileak zeramatzan, eta halakoen salerosketa, kontrolatua ez bada, ez da legala, kazetariak azpimarratu duenez.

«Talkaren ostean jendea hiltzen entzun izanak harrabotsa eragin du herrialdean»

ALEX LITSARDAKISKazetaria

Litsardakisen iritziz, audioek ez dute soilik balio izan auziaren inguruko frogak azaleratzeko: «George Floyden kasuarekin alderatu daiteke. Bai, Poliziak askotan hil ditu herritar beltzak AEBetan, baina bideoan ikusteak bestelako eragina izan zuen. Hemen antzekoa gertatu da: azkenera arte sufritu zutela entzuteak eta horretaz konturatzeak zeresan handia eman du». Jendeak nolabaiteko «konexioa» nabaritu duela dio kazetariak, hildako gehienak nerabeak zirelako: «Herritarrak kalera irten dira hildakoak beren seme-alabekin identifikatzen dituztelako. Protestan ari diren gazteek, bestalde, beren gurasoak ikusten dituzte hildakoen gurasoei begiratzean».

Horiek horrela, herritar askorentzat auzia «pertsonala» bihurtu da, kazetariaren esanetan. Horregatik, audio horietan entzuten zen neska gazte baten hitzak bihurtu dira protesten leloa nagusia: «Ez dut oxigenorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.