Marcelo Rebelo de Sousa

Telebistatik presidentetzara

Komunikabideetako pertsonaiarik ezagunenetakoak aise irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak; politikariei kritika zorrotzak egitea izan da orain arte haren eginkizunetako bat.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Marcelo Rebelo de Sousa kontserbadoreak lortu du herritarren babesa presidente izateko (%52). Kanpainak iraun bitartean, gainerako hautagaiak promesak egiten aritu dira, eta hark, berriz —Portugalgo pertsonaia mediatikoenetakoak (Lisboa, 1948)—, paseatuz igaro du denbora, jendearekin egonez eta besarkatuz, «jendea maitasun beharrez» baitago, haren ustez. Bere poltsikotik ordaindu du kanpaina, eta libre joan da, alderdi baten babesik gabe, nahiz eta 1974tik PSD alderdi sozialdemokrataren militantea den. Haren izaera bitxiak eta gainerako ordezkarien indarrik ezak eraman dute presidente izatera —abstentzioa %51koa izan da—.

Portugalgo pertsonaia ezagunenetakoa izanik, presentzia irabazia izan du komunikabideetan azken urteotan egin duena egiten: politikariak xaxatzen, kritika zorrotzak egiten eta pedagogia eginez esplikatuz Portugalgo politikaren egunerokoa. Semanario aldizkaria sortu zuen, eta Expresso zuzendu. TSF irratiko hizlaria ere izan da, eta RTP eta TVI telebista kateetan aritu da azken hamabost urtean. Kazetari izateaz gainera, Zuzenbide katedraduna da, eta politikarekin umetatik izan du harremana: haren aita kritikatua izan zen semea ministeriora eramaten zuelako. Marcello Caetano diktadorearen garaiak ziren.

PSDko militantea bada ere, aurreko lehen ministroaren eta bere alderdiko Passos Coelhoren kontra TVI katean egiten zituen kritikak entzutera ohituak zituen herritarrak. Gauza bera egin zuen 80ko hamarkadan, Expresso aldizkarian, Pinto Balsemaorekin, bere alderdikoa eta, horrez gainera, aldizkariaren jabea zenarekin.

Politika sozialistekin lan egin beharko du hemendik aurrera, Antonio Costa sozialista baita lehen ministro eta parlamentuko burua, sozialistek komunistekin, ezkerreko blokearekin eta berdeekin egindako akordioari esker. Presidenteak gobernuak hartzen dituen erabakiei betoa jar diezaieke, legeak Auzitegi Konstituzionalera bidal ditzake, eta batez ere, parlamentua desegin dezake. Baina ez dirudi Costarekin lan egiteak, printzipioz, arazoak sortuko dizkionik; izan ere, aspalditik ezagutzen dute elkar Costak eta Rebelo de Sousak. Negoziatzen malguak dira, eta jarreraz eta iritziz aldatzen badakite, Portugalgo hedabideek zabaldutakoaren arabera. Hain zuzen, hori izan da presidente berriaren mezu nagusia: denekin hitz egiten saiatuko da egonkortasuna lortze aldera, «ez gehitzeko beste krisi bat ateratzen ari garen krisi honi».

«Baketze sozial, ekonomiko eta politikoa birsortu nahi dut Portugalen. Aro berri bat hasteko garaia da». Hitz horiek izan dira lehen hauteskundeak irabazi osteko lehen adierazpenak. «Lehenik eta behin, batasun nazionala bultzatu nahi dut, zauriak itxiz eta zubiak eraikiz. Zenbat eta batuago, orduan eta indartsuago izango gara». Ezberdintasun soziala izan du hizpide, eta lan egingo duela justizia sozialaren eta egonkortasun politikoaren alde. Katolikoa den aldetik, Frantzisko aita santua jarri du eredu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.