Tel Avivi egin dio eraso Hezbollahk

Talde xiitak hogei misil jaurti ditu Tel Aviv eta Haifa inguruan, Israelgo armadaren azpiegiturei eraso egiteko. Israelek, berriz, Beiruteko Rafik Hariri ospitalearen inguruak bonbardatu ditu, eta hamahiru lagun hil.

Beiruteko Rafic Hariri ospitalearen inguruak, bart, Israelen erasoaren ostean. EFE
Beiruteko Rafic Hariri ospitalearen inguruak, bart, Israelen erasoaren ostean. EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 22a
19:00
Entzun

Bihar hilabete beteko da Israelek Libanoren aurkako azken oldarraldia hasi zuela, Beirut lehen aldiz bonbardatu zuela, eta, gaur, Hezbollah Libanoko talde xiitak Israelen aurkako gerran beste pauso bat eman du: Tel Avivi eraso egin dio. Israelgo hiririk handienetan bigarrena bonbardatu du, iazko urrian Hezbollahren eta Israelen arteko ika-mikak areagotu zirenetik lehen aldiz irismen ertaineko misilak erabilita. Erasoa, hala ere, ez da soilik Tel Aviven kontrakoa izan, Haifa hiria eta Israel iparraldeko beste zenbait eremu ere izan ditu jomugan Hezbollahk. Israelgo armadaren arabera, guztira hogei misilekin egin dute erasoa, eta horietako bostek Tel Aviv jo dute.

Erasoa bere gain hartu du Hezbollahk, «Palestinaren eta Libanoren defentsan» egin duela adierazita. Horren helburua Israelgo armadaren azpiegiturak izan direla nabarmendu du, Telegram bidez: armadak Haifan duen itsasontzi basea eta Tel Aviv hegoaldeko zerbitzu sekretuen egoitza bat, hain zuzen. Israelgo armadak ez du kalteen berri eman, eta adierazi du jaurtitako misil «asko» antzeman eta behera bota dituztela. Poliziak, ordea, jakinarazi du zenbait etxe hondatu dituztela. Eta, herrialdeko zenbait hedabidek kaleratu dutenaren arabera, pertsona bat zauritu dute erasoan.

Gauzak horrela, larrialdia ezarri dute Tel Aviven, eta hiriko Ben Gurion aireportuko joan-etorriak eten dituzte behin-behinean. Hainbat hegazkin konpainiak, halere, aurretik etenak zituzten Tel Aviverako hegaldiak; hala nola Ryanairrek, Air Francek eta United Airlinesek.

Hezbollahren azpiegitura militarrei eraso eginda erantzun du Israelek. Talde xiitak Beiruten dituen zenbait baseri egin diela eraso jakinarazi du Israelgo armadak; besteak beste, itsasontzi base bati. «Txalupa azkarrak zituen base bat izan dugu jomuga. Horiek Israelgo uretan erabili nahi zituen Hezbollahk, Israelgo armadari eraso egiteko», argudiatu du Israelgo armadak. Israelek, hala ere, ez dio soilik Beiruti egin eraso. Azken orduetan, Hezbollahren azpiegituren aurka egin duela adierazita, hamaika bonbardaketa egin ditu Israelek Libanon. Gaur goizaldean 230 «helbururi» eraso diela esan du; Hezbollahk Israelen aurka erabiltzen dituen droneen hiru baseri, besteak beste.

Israelek Libanon azken orduetan egin dituen erasoak, ordea, ez dira azpiegitura militarren kontrakoak izan soilik. Izan ere, bart Beiruteko Rafik Hariri ospitalearen ingurua bonbardatu zuen. Eraso horretan gutxienez hamahiru lagun hil dituzte militarrek, eta 57 zauritu, Libanoko Osasun Ministerioak ohar bidez gaur jakinarazi duenez. Zaurituetako zazpi «oso larri» daudela adierazi du ministerioak. Gainera, ospitalean «kalte handiak» eragin dituzte. Ospitale hori Libanoko garrantzitsuenetarikoa da. Israelek gaur erail dituen zibilak kontuan hartuta, iazko urriaren 8tik hona 2.500 lagun baino gehiago hil ditu armadak Libanon, eta 11.600 inguru zauritu; horietako gehienak, azken hilabetean.

Ez dirudi Israelen erasoak luze gabe amaituko direnik. Libano hegoaldeko zenbait gune —Al-Haush eta Tiro hiriak, esaterako— ebakuatzeko agindua eman du Tel Avivek: «Hezbollahtik gertu dagoen edonor arriskuan dago». Herritarrei beren etxeak uzteko agindu eta gutxira gune horietan bonbardaketak egon direla argitaratu dute Libanoko zenbait hedabidek. Gazan legez, duela hilabete oldarraldia areagotu zuenetik ohikoa da Israelek hiriak ebakuatzeko aginduak ematea. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuek diotenez, 1,2 milioi lagun inguru daude Libanon beharturik desplazatuta, eta Israelen «ebakuazio aginduek» Libanoko lurren %20 eragiten diete, gutxi gorabehera.

Giza eskubideen aldeko erakundeak hasiak dira ohartarazten Israelek behartutako desplazamendu horien arriskuez. Gaur, adibidez, Save The Children GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du azaleko gaixotasunak, kolera edota ur bidez kutsatutako gaixotasunak izateko arriskuan daudela 400.000 haur baino gehiago. Erakundeak nabarmendu duenez, «jende pilaketek, babeslekuen azpiegitura eskasak, eta ur eta saneamendu instalazio faltak» eragin dute arazoa. Izan ere, salatu du Libano barruan lekualdatutako 1,2 milioi lagunen artean gaixotasunak hedatzen hasi direla.

Nazioarteko harremanak indartu

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinken gaur heldu da Israelera eta Netanyahurekin batzartu da. Israelgo lehen ministroaren bulegoak zabaldutako oharraren arabera, Netanyahuk azpimarratu du Yahya Sinwar Hamaseko buruzagiaren heriotza lagungarria izan daitekeela Hamasek iazko urrian bahitutakoen askapenerako. Netanyahurekin bat etorri da Blinken, AEBtako Estatu Idazkaritzako bozeramaileak jakinarazi zuenez. Halere, Blinkenek nabarmendu du aukera hori baliatu behar dela «bahituak askatu eta Gazako gerrari amaiera emateko».

Iran ere ari da Ekialde Hurbileko herrialdeen buruzagiekin biltzen. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak hamar herrialdetako buruzagiekin egin ditu bilerak azken bi asteetan; Egiptokoekin eta Jordaniakoekin, esaterako. Gaur, Kuwaiten egon da. Han egin duen prentsaurrekoan jakinarazi du Irango bizilagun denekin akordio bat lortu duela: «Guztiek ziurtatu digute ez dutela onartuko Irango Errepublika Islamikoaren aurka beren lurra edo aire eremua erabiltzea». Gainera, Israeli ohartarazi dio Irani eraso eginez gero «modu berean» erantzungo lioketela. Eskualdeko herrialdeekin ez ezik, nazioarteko beste potentziekin ere indartu nahi ditu harremanak. Hori dela eta, bihar Errusiara joango da ministroa.

Palestinan pobrezia IAZ HALAKO BI IZANGO da

NBGP Nazio Batuen Garapen Programak gaur jakinarazi duenez, pobrezian dauden palestinarrak iaz halako bi izango dira aurten. Haien aurreikuspenen arabera, urte amaieran herritarren %74,3 pobrezian egongo dira, aurten beste 2,61 milioi palestinar egoera horretan daudelako. 2023ko abenduan %38,8 zeuden pobrezian. Langabeziak ere gora egin duela ohartarazi du NBGPk: urte bukaeran palestinarren %49,9 lanik gabe egongo dira, hau da, iaz baino ia hamabost puntu handiagoa izango da langabezia. 

Gainera, gizartearen garapena adierazten duten hainbat ezaugarritan 69 urte egingo dute atzera: hau da, 1955ean zeuden mailara jaitsiko dira Gazan. Zisjordanian, berriz, hamasei urte egingo dute atzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.