Pedro Castillo Peruko presidente ohia defendatzeaz arduratzen den abokatu taldeko kidea da Guido Croxatto, eta, bertzeak bertze, Eugenio Zaffaroni du taldekide, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrean epaile izandakoa. Castillo preso dago abenduaren 8az geroztik, Barbadilloko kartzelan. Han espetxeratua dute Alberto Fujimori presidente ohia ere, gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik. Peruren independentziaren urteurrena ospatu zuten atzo.
Zergatik erabaki zenuten Castillo [Pedro, Peruko presidente ohia] defendatzea?
Hura kargutik kentzeko prozesua legearen kontrakoa izan zelako, eta Peruko oinarri sozialekin eta herritar baztertuekin konprometitua dagoelako. Horregatik kartzelatu dute, ez bertze deusengatik...
Matxinada armatua egin izana leporatzen diotelako ere bai...
Bai, armarik gabeko matxinada armatu bat. 10 urteko alaba Alondrarekin autoan zihoala Castillori apuntatzeko erabilitakoak, horiek dira tartean izan diren arma bakarrak. Castillok hitzaldi bat eman bertzerik ez zuen egin.
Epaileek erran dute Castillok egindakoa matxinada dela berdin-berdin, argudiatuta «bertze egoera batean hagitz arriskutsua» izanen zela hori egitea.
Astakeria hutsa da hori; gainera, Cesar San Martin epaileak oker larri bat egin du ebaluazio juridikoa gauzatzeko orduan, delituak ez baitira inoiz epaitzen gertatu direnaz bertzelako garai eta leku batean gertatu balira bezala. Preseski, ekintza bat arriskutsutzat jotzeko argudiatzen baldin bada bertze baldintza batzuetan arriskutsua izanen litzatekeela, agerian gelditzen da ez zela hala izan.
Zertan datza defentsaren estrategia?
Hasteko, Auzitegi Konstituzionala auzian sartzea da asmoa, onar dezan Castillo kargutik kentzeko prozesua konstituzioaren aurkakoa izan zela, Kongresuko araudia urratu zuenez gero. Ez zen izan matxinada saiakerarik, ezta konspirazio saiakerarik ere, horretarako bi lagunek edo gehiagok parte hartu behar baitute, eta hitzaldia Castillok bakarrik sinatua du. Eta, bertzalde, Castillo ez zuten inongo deliturik egiten harrapatu, Mexikoren enbaxadara bidean atxilotu baitzuten, alabak hara zeramala, eta ez matxinada betean. Gainera, Castillok ez zuen inongo asmorik ihes egiteko, ezta estatu kolpe bat emateko ere: zurrumurruak bertzerik ez dira. Ikuspegi juridikoa aintzat hartuta, baieztatzen ahal dut kargugabetzea legez kanpokoa dela, eta hori gauzatzeko prozesua konstituzioaren kontrakoa. Edozein modutan, prozesu konstituzional bat abiatu behar da, eta presidentearen jarduna eteteko edo hura inhabilitatzeko Kongresuak zehaztua duen araudiaren arabera jokatu, baina, horretarako, Castillo karguan paratu behar da berriz, eta, gero, dagokion erabakia hartu.
Bertzalde, zer estrategia duzue nazioarteari dagokionez?
Batetik, Nazioarteko Zigor Auzitegira joko dut, salatzeko egungo presidente Dina Boluarteren gobernuak 70 hilketa egin dituela; eta, bertzetik, Atxilotze Arbitrarioetarako Nazio Batuen Batzordera, prozesua arbitrarioa izan baita, eta kargugabetzea, berriz, konstituzioaren aurkakoa. Hau da, teknikoki, Castillo da oraindik Peruko presidentea. Boluarte ari da boterea usurpatzen, eta, hain zuzen, bera auzipetu behar dute konspirazioa eta estatu krimenak egiteagatik.
Otsailaren 3an, Barbadilloko kartzelan izan zinen, Castillo bisitatzen. Zertarako baliatu zenuten bisita?
Castillo diskriminatu egiten dute: funtsezkoa da hori jakinaraztea. Fujimoriren kartzela berean dute, biak berdinak balira bezala, baina ez da hala. Fujimori kriminala da, jende andana hil zuen, eta Castillok ez dituen zenbait pribilegio ditu espetxean. Bertzeak bertze, Fujimorik edonoren bisitak hartzen ahal ditu, eta Castillok, aldiz, ez. Gainera, Castillo zakar tratatzen dute.
Zenbaitek adierazi dute Castillok hanka sartu zuela Kongresua desegitea erabaki zuenean, oposizioak ez baitzituen boto aski hura kargutik kentzeko, bertzeak bertze.
Abokatua naizenez gero, haren eskubideak defendatzea dagokit, ez haren ideiak. Presidente izanik ere, ez zuen epaiketa politikorik izan, ezta bere burua defendatzeko eskubiderik ere. Ahal den neurrian, arlo politikoa eta juridikoa bereizten saiatzen naiz. Hori bai, Castillok hasiera-hasieratik sentitu zuen Kongresua jazartzen ari zitzaiola, eta 140 lege proiektu geldiarazi zizkioten legebiltzarrean. Zaffaroniren eta haren kide garenon ustez, 1993ko konstituzioak eragin du Peruko sistema politikoa kudeatzeko hagitz zaila izatea, eta, are, ez du egonkortasun politikoaren alde egiten. Horiek horrela, Castillo erreforma bat abiatzen saiatu zen, eta konstituzioa berritu zedila galdetu zuen, haren boto emaileek egin bezala. Hala, kontra egin zion sistema bidegabe eta arrazista batek ezarritako statu quo-ari.
Zure irudiko, Castillorekin gertatu dena jazarpen judizialtzat har daiteke?
Bai, ez da dudarik. Castilloren auzia zera bertzerik ez da, Latinoamerika guziko buruzagi progresistek jasaten duten pertsekuzioaren bertze adibide bat. Fujimoriren garaian egindako kontzesio batzuk aurten iraungiko dira, baita Peruko baliabide naturalen kudeaketa enpresa transnazionalen esku utzia duten lege kontratuak ere. Beraz, logikoa da enpresa horiek eginahalak eta bi egin izana Castillo preso sar zezaten, ez zutelako nahi hura gobernuan egotea kontratu horiek negoziatzeko garaian, errana baitzien ez zizkietela berrituko.
Aurreko martxoan, Kolonbiara joan zinen Gustavo Petro presidentearekin solas egitera, eta, preseski, Petro da Castilloren defendatzailerik sutsuenetako bat, Lopez Obrador Mexikoko presidentearekin batera.
Nire aburuz, Petro da egun Latinoamerikan dagoen liderrik baliotsuena. Trebakuntza intelektual izugarria du, baina, aldi berean, konpromiso praktiko irmoa ere bai, eta pertsona xumea da. Ordu eta erdi egon nintzen harekin solasean: interes handia zuen Peruko egoera eta Castillo bera zertan ziren jakiteko, nahiz eta hagitz informatua zegoen, eta defentsaren argudioen berri ere izan nahi zuen. Irizpen baten laburpena eman nion, eta leitu zuen, zalantzarik gabe. Izan ere, alde egin nuelarik, gure argazkia paratu zuen Twitterren, testu labur batekin: «Guido Croxattorekin bildu naiz, Peruko presidente Pedro Castilloren abokatuarekin». Ezin argiago erran.
Guido Croxatto. Abokatua
«Teknikoki, Castillo da Peruko presidentea»
Latinoamerika guziko buruzagi progresistek «jasaten duten pertsekuzioaren bertze adibide bat» da Peruko presidente kargugabetua nozitzen ari dena, haren defentsak salatu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu