Aurrez aurre ez, baina negoziatzeko prest eseri dira Washington eta Teheran: Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi, alde batean; AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoff, bestean; eta bien artean, Omango Atzerri ministro Barr bin-Hamed al-Busaidi. Bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoa hobetzeko saiakera honetan, Iranek garatutako programa nuklearra izan dute hizpide, eta bi ordu eta erdi inguru iraun du bilkurak. Bukatu ondoren zabaldutako oharrean, Araghtxik esan du elkarrizketa «eraikitzailea» izan dela, eta jakinarazi du datorren astean egingo dutela negoziazioen bigarren txanda; ziurrenik, hilaren 19an. Halaber, AEBek adierazi dute eztabaida «aurrerapauso bat» izan dela.
Negoziazioak abiatu baino lehen Irango Atzerri ministroak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Witkoff eta bera bereizitako egongela banatan egon dira, eta Omango Atzerri ministroaren bitartekaritzaren bitartez hitz egin dute. Halere, bileraren ondoren aitortu du «zenbait minutuz» aurrez aurre hitz egin duela AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariarekin; hori bai, Omango Atzerri ministroa aldamenean zegoela. Hain justu, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, Al-Busaidik berretsi du eztabaida «positiboa eta eraikitzailea» izan dela. «Elkarrizketaren helburua zubi lana egitea izan da, eskualdeko eta munduko bakea, segurtasuna eta egonkortasuna bermatu ahal izateko», erantsi du.
Omango hiriburura iritsi berritan, Araghtxik nabarmendu du bere asmoa «akordio justu eta zintzo bat» erdiestea dela, eta, aurreratu duenez, AEBen helburua ere hori bada, «aukera handiak» egongo lirateke negoziazioetan aurrera egiteko. Irango Atzerri ministroak zehaztu du gaurko elkarrizketan programa nuklearraren inguruan eztabaidatu dutela, baina negoziazioetatik kanpo geratuko liratekeela Iranen misilen programa eta Teheranek Ekialde Hurbileko zenbait talde armaturi ematen dien babesa, hala nola Yemengo matxino huthiei edo Libanoko Hezbollah milizia xiitari. Washingtonek adierazi izan du, ordea, bere asmoa badela Iranen misilen programari eta eskualdeko talde horiei ematen dien babesaren inguruan ere hitz egitea.
Bada, Omango Gobernuko iturri ofizial bat aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Irango programa nuklearraren inguruan ez ezik, bi herrialdeen arteko balizko preso truke bati buruz eta eskualdeko tentsioari buruz ere hitz egiten dute elkarrizketan.
Bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, hitzorduaren inguruko adierazpenak egin ditu Trumpek: «Iran primerako herrialde handi eta zoriontsua izatea nahi dut; baina ezin ditu arma nuklearrak izan». Etxe Zuriko maizterrak mehatxu egin dio asteon Teherani, elkarrizketek arrakastarik ez badute Iran «arrisku larrian» egongo dela esateraino. Harago joan zen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu joan den larunbatean, erantsi baitzuen akordiorik erdiesten ez bada «aukera militarra» erabili beharko dutela.
Aurreneko agintaldian (2017-2021), Trumpek bertan behera utzi zuen 2015ean Iranek eta beste sei potentziek adostutako akordio nuklearra; itun hori sinatu zuten, hain justu, AEBek, Alemaniak, EB Europako Batasunak, Errusiak, Txinak eta Frantziak. Akordio horrek Iranen programa nuklearra mugatzen zuen, ituna babestu zuten potentziak hari ezarritako zigor ekonomikoak arintzearen truke. 2018an, baina, akordiotik atera zen Trump. Eta ordutik, Iranek nabarmen areagotu eta garatu du bere programa nuklearra; hori bai, hango agintariek behin baino gehiagotan esan dute beren helburua ez dela «arma nuklearrak» edota «bonba atomiko bat» sortzea.
Mobilizazioak Teheranen
Araghtxi eta Witkoff Omanera iritsi aurretik, milaka irandar kalera irten ziren atzo, AEBen eta Israelen aurkako mobilizazio jendetsu baten harira. Protesta horretan Palestinako eta Irango banderak atera zituzten, baita Washingtonen eta Tel Aviven aurkako zenbait kartel ere.
Nolanahi ere, Irango aiatola Ali Khameneiren aholkulari Ali Xamkhanik herrialdeko telebista publikoan egindako adierazpenen arabera, Khameneik ere espero du Washingtonen eta Teheranen arteko elkarrizketak «zintzoak» izatea, eta akordio bat erdietsi ahal izatea.