Frantziako ezkerrean presidentegai bat gutxiago izango dute apirileko bozetan. «Alferrikako suspense bati amaiera» emateko, eta hauteskundeetara aurkezteko baldintza guztiak betetzeko modurik ez zuela argudiatuta, Christiane Taubira Justizia ministro ohiak jakinarazi du bere hautagaitza erretiratu duela.
Taubira izan zen iragan urtarril amaieran egindako primario popularraren bozketako garailea —kalifikaziorik hoberena lortu zuen, «ongi +»—, eta bazirudien horrek bultzada emango ziola haren kanpainari. Asteotan, ordea, ez du goranzko joerarik izan —inkestetan %3ren inguruan geratu da blokeatuta—, eta Ezkerreko Alderdi Erradikalak ere sostengua kendu dio.
Gainera, etzi amaitzen da lehia horretan parte hartzeko beharrezko 500 sinadurak aurkezteko epea, eta Justizia ministro ohia zailtasun handiak izaten ari zen kopuru horretara iristeko; Konstituzio Kontseiluak atzo jakinarazitako datuen arabera, Taubirak 181 besterik ez ditu jaso. «Hautetsi ugarik hitza eman ziguten arren, argi dago ez genuela lortuko 500 sinadurak biltzea», argudiatu du hautagai izandakoak, gaur egindako agerraldian.
Frantziako Justizia ministro ohiaren iritziz, «dispositibo administratibo» hori oztopo izan da primario popularraren «prozesu demokratikoarentzat», eta, egungo egoera ikusirik, uste du asteotako kanpaina «zorigaiztokoa» izango dela sinaduren sistemarentzat: «Eta hori albiste ona izango da».
Primario popularreko «inbestidura bozketa» irabazi ostean, Taubirak helburutzat jarri zuen ezkerreko presidentegaiak hautagaitza beraren eta programa komun baten inguruan elkartzea, baina ez da horretarako gai izan, gainontzekoek ezezkoa erantzun baitiote behin eta berriz.
Déclaration | Christiane Taubira https://t.co/xESZTdazmo
— Christiane Taubira (@ChTaubira) March 2, 2022
Horretaz kexu agertu da gaurko agerraldian, uste baitu ezkerrak ez duela «entzuten», eta ohartarazpena ere helarazi die sektore ideologiko horretako presidentegaiei: «Ezkerra ataka gaizto batean dago. Eskua luzatu dut, aldez aurretik eta baldintzarik gabe, baina ohartu gara [batasuna] ezinezkoa dela».
Taubirak «datozen asteetan» azalduko du noren alde egingo duen bozen lehen itzulian; agerraldian ez du inoren alde bozkatzera deitu, eta ez du ezer esan beste hautagai baten kanpainara batzeaz. «Ezkerrari eskatzen diot momentu historiko hau ez galtzeko», adierazi du.
Oraingoz, sektore ideologiko horretako Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa), Yannick Jadot (ekologistak), Fabien Roussel (Frantziako Alderdi Komunista), Anne Hidalgo (Alderdi Sozialista) eta Nathalie Arthaud (Langileen Borroka) lehiatuko dira bozetan. Horiez gain, Philippe Poutou (Alderdi Antikapitalista Berria) eta Anasse Kazib (hautagai independente marxista) 500 sinadurak bildu nahian ari dira.
Valls, Macronen alde
Taubiraren agerraldiaren aurretik, Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak jakinarazi du Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alde bozkatuko duela —oraindik ez du bere hautagaitzaren berri eman— aurten ere.
Twitter sare sozialera igotako mezu batean, Vallsek azaldu du egungo estatuburua dela «aukera posible bakarra», eta honakoa argudiatu du haren hautuaz: «Erantzukizun eta eskari babes bat da. Baita apustu bat ere».
« Pourquoi je voterai Emmanuel Macron »
— Manuel Valls (@manuelvalls) March 2, 2022
Retrouvez ma tribune dans laquelle j’explique les raisons pour lesquelles je déposerai un bulletin Emmanuel Macron les 10 et 24 avril 2022. pic.twitter.com/u4UvKCtKju
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia apirilaren 10ean egingo dute, eta bigarrena, bi aste geroago, hil horren 24an. Inkesten arabera, Macron pasatuko litzateke bigarren itzulira, eta harekin batera sailkatzeko moduan leudeke beste hiru hautagai: Marine Le Pen eta Eric Zemmour eskuin muturrekoak, eta Valerie Pecresse LR Errepublikanoak eskuindarraren presidentegaia.