Frantziako ezkerrean presidentegai bat gutxiago izango dute apirileko bozetan. «Alferrikako suspense bati amaiera» emateko, eta hauteskundeetara aurkezteko baldintza guztiak betetzeko modurik ez zuela argudiatuta, Christiane Taubira Justizia ministro ohiak atzo jakinarazi zuen bere hautagaitza erretiratu duela.
Taubira izan zen iragan urtarril amaieran egindako primario popularraren bozketako garailea—kalifikaziorik hoberena lortu zuen, «ongi plus»—, eta bazirudien horrek bultzada emango ziola haren kanpainari. Asteotan, ordea, ez du goranzko joerarik izan —inkestetan %3aren inguruan geratu da blokeatuta—, eta Ezkerreko Alderdi Erradikalak ere sostengua kendu dio.
Gainera, bihar amaituko da lehia horretan parte hartzeko beharrezko 500 sinadurak aurkezteko epea, eta Justizia ministro ohia zailtasun handiak izaten ari zen kopuru horretara iristeko; Konstituzio Kontseiluak herenegun jakinarazitako datuen arabera, Taubirak 181 besterik ez du jaso. «Hautetsi ugarik hitza eman ziguten arren, argi dago ez genuela lortuko 500 sinadurak biltzea», argudiatu zuen hautagai izandakoak, atzo egindako agerraldian.
Frantziako Justizia ministro ohiaren iritziz, «dispositibo administratibo» hori oztopo izan da primario popularraren «prozesu demokratikoarentzat», eta, egungo egoera ikusirik, uste du asteotako kanpaina «zorigaiztokoa» izango dela sinaduren sistemarentzat: «Eta hori albiste ona izango da».
Primario popularreko «inbestidura bozketa» irabazi ostean, Taubirak helburutzat jarri zuen ezkerreko presidentegaiak hautagaitza beraren eta programa komun baten inguruan elkartzea, baina ez da horretarako gai izan, gainontzekoek ezezkoa erantzun baitiote behin eta berriz.
Horretaz kexu agertu zen atzoko agerraldian, uste baitu ezkerrak ez duela «entzuten», eta ohartarazpena ere helarazi zien sektore ideologiko horretako presidentegaiei: «Ezkerra ataka gaizto batean dago. Eskua luzatu dut, aldez aurretik eta baldintzarik gabe, baina ohartu gara [batasuna] ezinezkoa dela».
Taubirak «datozen asteetan» azalduko du noren alde egingo duen bozen lehen itzulian; agerraldian ez zuen inoren alde bozkatzera deitu, eta ez zuen ezer esan beste hautagai baten kanpainara batzeaz. «Ezkerrari eskatzen diot momentu historiko hau ez galtzeko», adierazi zuen.
Oraingoz, sektore ideologiko horretako Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa), Yannick Jadot (Ekologistak), Fabien Roussel (Frantziako Alderdi Komunista), Anne Hidalgo (Alderdi Sozialista) eta Nathalie Arthaud (Langileen Borroka) lehiatuko dira bozetan. Horiez gain, Philippe Poutou (Alderdi Antikapitalista Berria) eta Anasse Kazib (hautagai independente marxista) 500 sinadurak bildu nahian ari dira.
Valls, Macronen alde
Taubiraren agerraldiaren aurretik, Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak jakinarazi zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alde bozkatuko duela aurten ere —estatuburuak oraindik ez du bere hautagaitzaren berri eman—.
Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean, Vallsek azaldu zuen Macron dela «aukera posible bakarra», eta honako hau argudiatu zuen haren hautuaz: «Erantzukizun eta eskari babes bat da. Baita apustu bat ere».
Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzulia datorren apirilaren 10ean egingo dute, eta bigarrena, bi aste geroago, hil horren 24an. Inkesten arabera, Macron pasatuko litzateke bigarren itzulira, eta harekin batera sailkatzeko moduan leudeke beste hiru hautagai: Marine Le Pen eta Eric Zemmour eskuin muturrekoak, eta Valerie Pecresse LR Errepublikanoak eskuindarraren presidentegaia.
Presidentetzarako bozak Frantzian
Taubirak bere hautagaitza erretiratu du
Frantziako Justizia ministro ohiak azaldu du ez zuela lortuko bozetara aurkezteko 500 sinadurak biltzea. «Datozen asteetan» jakinaraziko du noren alde bozkatuko duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu