Presa hidroelektriko handi bat eraikitzen ari dira Tanzanian, eta adituek egina dute ohartarazpena: proiektuak eragingo du ehiza erreserba ospetsu baten zati bat urperatuta geratzea, baita herrixkei eta mangladiei beharrezkoa duten ura kentzea ere. Eta horri beste arazo bat gehitu behar zaio: proiektuaren kritikoak beldur dira nola erantzungo duen gobernuak, eta horrek isilarazi egin ditu. Izan ere, adituen ohartarazpenei kasu egin beharrean, agintariek kritikoak espetxeratzeko mehatxua egin dute.
Yale Environment 360 aldizkarian eman dute gertakariaren berri. Mangladi ugari daude Tanzanian; Rufiji ibaiaren deltak Afrika Ekialdeko mangladi multzo handiena osatzen du, eta komunitateek kudeatzen dituzte. Gainera, horien hedadura handitu egin da azken urteetan. Askoren iraupena, ordea, arriskuan jartzen du gobernuak abiatutako proiektuak. Hainbat ekologistaren arabera, Afrikan inoiz eraiki den proiektu hidroelektriko kaltegarrienetako bat izan daiteke ingurumenarentzat.
Hain zuzen, Tanzaniako Gobernuak Afrikako bigarren presa hidroelektrikorik handiena eraikitzeko asmoa berretsi du, Rufiji ibaitik gora dagoen haitzarte batean. Aurten bertan amaitzea espero dute.
Adituek ohartarazi dute ondorio kaltegarriak izango dituela: besteak beste, mangladiak hil egingo dira, arrainak desagertu, eta ozeanoa delta higatzen hasiko da; herrixkak desagertzea ekarriko du horrek.
Halaber, proiektuak arriskuan jarri ditu babestutako bi eremu handi: Selous ehiza babeslekua –hor ari dira presa eraikitzen–, Unescok gizadiaren ondare izendatutako lekua, eta Rufijiko delta. Presa eraikitzeko lanak 2019an jarri ziren martxan.
Kritikoen arabera, urtegiak Selous erreserbaren %2 inguru soilik hartuko du, baina hezegune garrantzitsuak suntsituko ditu, eta hainbat espeziek erabiltzen dituzten migrazio ibilbideak blokeatu.
Proiektuak gaindituta dauzka legez egin behar diren ingurumen inpaktuaren ebaluazioak, baina salatu dute txosten horien edukiak desegokiak direla.