Talibanek 35 zibil hil dituzte Afganistanen, eta NATOko soldaduek, 75 ekintzaile

Ekintzaileen eta eraikuntza enpresa bateko segurtasun langileen arteko tiroketan hil dira zibilak

2011ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Afganistango Paktia eskualdean 35 lagun hil eta 20 zauritu ziren ekintzaile taliban batzuek egindako eraso baten ondorioz. Eraikuntza enpresa bateko langileak ziren, batzuk beharginak eta besteak segurtasunaren arduradunak. Errepide bateko berritze lanetan ari zirela, taliban talde bat gerturatu eta tiroka hasi zitzaizkien. Segurtasuneko langileek erantzun, eta elkarren aurka tiroka aritu ziren bi orduan. Zortzi ekintzaile ere hil ziren.

Talibanek bere gain hartu dute erasoa, eta 40 pertsona hil dituztela diote beraien web orrian. Gainera, ekintzaileen bozeramaile Zabiula Mujahid-ek esan duenez, enpresa pribatuaren kamioi eta arma ugari hartu zituzten.

NATOko soldaduek ere hainbat pertsona hil dituzte azken egunotan egin dituzten operazioetan. Atzo, Gazni eskualdean egin zuten operazio batean hamabost ekintzaile hil zituztela jakinarazi du bertako Poliziak. Atzo arratsaldean, beste operazio bat irekita zeukaten Naua eremuan, eta inguruko ekintzaileen bila aritu ziren, Mohammad Hussain eskualdeko Poliziako zuzendariordearen arabera.

Atzo jakinarazi zutenez, ostiralean ere ekin zioten NATOko militarrek beste operazio bati, Fariab eskualdeko Kasar eremuan. Hiru egun iraun zuen operazio hark, eta 60 ekintzaile hil zituzten, haien esanetan. Nazioarteko eta Afganistango soldaduak Gutxgar herrian sartu ziren, inguruetan ekintzaileak zebiltzala jakin zutelako. Talibanak hiltzeaz gain, ustezko ekintzaileen 23 moto suntsitu ere egin zituztela diote, baita hainbat granada-jaurtigailu, metraileta, fusil eta munizio indargabetu zituztela ere.

Azpiegiturak helburu

Eraso ugari ari dira egiten azpiegitura lanen aurka ekintzaile islamistak. Hiri nagusiak lotzen dituzten errepideei ekiten diete batez ere. Besteak beste, lanen arduradun diren enpresariei dirua eskatzeko eta atzerriko tropen mugimenduak eragozteko egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.