Indiako Gobernuak baieztatu du 26 turista hil zituztela atzo herrialdeko Kaxmir eskualdean. Indian Express egunkariak iturri ofizialak aipatuz gaur kaleratu duenez, «bizpahiru pertsona tiroka» hasi ziren; segurtasun indarrek, berriz, jakinarazi dute hogei minutu inguruz egin zutela tiro errifle automatikoekin. Tiroketa egin eta ordu batzuk geroago, Erresistentzia Fronteatalde armatuak bere gain hartu zuen erasoaren erantzukizuna, sare sozialetan argitaratutako komunikatu baten bidez. Mezu horretan, taldeak «atsekabea» adierazi zuen eskualdean «85.000 kanpotar baino gehiago» kokatu direlako, eta horrek «aldaketa demografikoa» eraginen duelako. Erresistentzia Frontea Pakistango Lashkar-e-Taiba (Aratzen armada) talde islamistaren adar bat da, Asia Hegoaldeko Terrorismoaren Atariaren arabera.
Indiako Poliziak 1.500 lagun atxilotu ditu dagoeneko Jammu eta Kaxmir eskualdeetan, eta agintarien erantzuna berehalakoa izan da: Indiara sartzea debekatu die Hego Asiako Eskualdeen Lankidetzarako Elkarteak emandako bisa berezia duten pakistandarrei —goi funtzionario, epaile, enpresa eta kazetari batzuei eragiten die, besteak beste—, 48 orduko epea eman die halakorik duten pakistandarrei India uzteko, eta Wagah (Pakistan) eta Attari (India) herrien arteko pasabidea ixteko agindu du. Are gehiago, muga hori baimenarekin igaro dutenei maiatzaren 1era arteko epea eman die Pakistanera itzultzeko.
Indiako Atzerri Zerbitzuetako idazkari Vikram Misrik, gainera, persona non grata izendatu ditu Pakistanek New Delhin duen goi ordezkaritzan lan egiten duten armadako aholkulariak, eta astebeteko epea eman die Indiatik joateko; halaber, Indiak Islamabad hirian (Pakistan) duen goi ordezkaritzan dituen armadako aholkulariak itzularaziko ditu. Bestalde, Indus ibaiko urak banatzeko bi herrialdeen arteko hitzarmena bertan behera utzi du Indiak.
Ani Indiako albiste agentziak jakinarazi duenez, gobernuak bilkurara deitu ditu biharko parlamentuan ordezkaritza duten alderdiak, eta Rajnath Singh Indiako Defentsa ministroak zuzenduko du bilera. Pakistango lehen ministro Xhehbaz Xarifek, berriz, herrialdeko Segurtasun Kontseilua biltzera deitu du, Indiako Gobernuak hartutako erabakiei nola erantzun aztertzeko.
Azkenaldiko «erasorik handiena»
Atzoko tiroketan hil zituzten 26 turistak —indiarrak ziren guztiak, nepaldar bat izan ezik— Pahalgam hiria bisitatzen ari ziren, Indiako ipar-mendebaldean. Handik bost bat kilometrora zeudela hasi zen tiroketa, belardi batean. Pahalgam —Himalaiako Suitza ere deitua— Kaxmirko gune turistiko bat da, eta, Pakistango mugan dagoenez, bi herrialdeen arteko gatazka jasan du urte luzez. Atzoko erasotik bizirik atera ziren zenbait bisitarik India Today egunkariari erran diotenez, erasotzaileak haiengana hurbildu ziren eta tiroka hasi zitzaizkien, elkarrengandik «hurbil» zeudela. Eremu horretara iristeko autoentzako errepiderik ez dagoenez, helikopteroz eraman behar izan zituzten zaurituak ospitalera.
«Azken urteetan zibilen aurka egin den erasorik handiena izan da», erran zuen Omar Abdullah Kaxmir eta Jammu eskualdeetako gobernuaren ordezkariak, eta Sakina Itoo Estatuko Osasun ministroak jakinarazi zuen egoera larrian ziren zaurituak bertze osasun zentro batera eraman behar izan zituztela, Srinagarrera, eta gainerakoak inguruko herrietako ospitale publikoetan direla.
Narendra Modi Indiako lehen ministroak «eraso terrorista bat» izan zela erran zuen, eta gaineratu eraso horren gibelean daudenek «justiziaren aitzinera» joan beharko dutela. «Terrorismoaren aurka borrokatzeko determinazioa ezin da hautsi, eta are gehiago indartuko da hemendik aitzinera», azaldu zuen. Era berean, Amit Xah Indiako Barne ministroa eskualdera joan zen atzo, armadarekin, paramilitarrekin eta Poliziarekin bildu eta erantzun bateratu bat emateko.