Eszena nahiko dramatikoa izan da. Hautagaitzak aurkezteko egun bat falta zela, Taiwango oposizioko Kuomintang alderdia eta TPP Taiwango Alderdi Popularra presidentegai komuna adosteko azken orduko negoziazioetan zeuden murgilduta atzo. Taipeiko hotel batean elkartu ziren, eta hasiera-hasieratik agerian geratu zen egoerak eztanda egingo zuela; are gehiago bilkura egiten ari ziren gelara kazetariak gonbidatu zituztenean. Orduan lehertu zen dena: eztabaida sutsu batean murgildu ziren, eta TPPren hautagai Ko Wen-jek bidali zizkion mezu pribatuak irakurtzen hasi zen Kuomintangen presidentegai Hou Yu-ih, kamerak parean zituztela eta dena zuzenean ematen ari zirela. Zalaparta horren guztiaren ondoren, bi alderdiek gaur erregistratu dituzte hautagaitzak; ez dira elkarrekin aurkeztuko, noski.
Txinaren eta Taiwanen arteko tentsio militar eta diplomatikoa handitzen ari den honetan, uhartean datorren urtarrilaren 13an egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeen emaitzek eragin handia izango dute Pekinen eta Taipeiren arteko harremanean. Inkesten arabera, DPP Alderdi Demokratiko Progresista independentistaren hautagai eta uharteko egungo presidenteorde Lai Ching-te da boz horietako faboritoa —botoen %30 bilduko lituzke—, eta garaipenerako aukerak handitu egin zaizkio Kuomintangen eta TPPren zatiketaren ondoren.
DPPk, hortaz, aukera gehiago izango ditu garaipena lortzeko hirugarren aldiz jarraian. 2016an berriz lortu zituen uharteko presidentetza —Tsai Ing-wen da gobernuburua harrezkeroztik— eta parlamentuko aulkien gehiengo osoa, eta, ondorioz, Txinak eten egin zuen bien arteko harremana. Hori ikusirik, eta aintzat hartuta Taiwanekin geroz eta eztabaida eta talka gehiago izan dituela, Txinarentzat aukera ona zen Kuomintang eta TPP elkarrekin aurkeztea bozetara, horiekin harreman askoz ere hobea baitu, eta ez baitira independentistak. Baina ez da hala gertatu.
Foxconn enpresaren sortzaile milioiduna ere hautagaitza aurkeztekoa zen, baina azkenean atzera egin du.
Oposizioko bi alderdi horiek joan den azaroaren 15ean jakinarazi zuten koalizio bat osatu zutela, eta negoziatzeko falta zen gauza bakarra hautagai komuna aukeratzea zela. Horretarako, boto intentzioei buruzko inkesta sistema bat erabiltzea adostu zuten, argitzeko Houren eta Koren artean nor izango zen presidentegaia eta, beraz, nor presidenteordegaia. Berez, joan den larunbatean ziren hautagaitzaren ordenaren berri ematekoak, baina ez ziren ados jarri inkesta horien interpretazioaren eta errakuntza tartearen inguruan; Kuomintangek adierazi zuen bere presidentegaiak irabazi zuela, eta TPPk argudiatu zuen berdinketa bat izan zela. Talka horren eraginez, bi alderdien arteko negoziazioak gaur goizaldera arte luzatu dira, baina Houren eta Koren arteko zuzeneko borrokak erabat lurperatu du hautagaitza komunaren formula.
Gainera, Foxconn enpresaren sortzaile milioidun Terry Gou ere presidentetzarako hauteskundeetan lehiatzekoa zen, baina azken orduan ez aurkeztea erabaki du; DPPri eta Tsairi leporatu izan die Taiwan «Txinarekiko gerraren atarira» eramatea, baina jarrera horrek ez ditu herritar asko erakarri. Ez, behintzat, hilabeteotan argitaraturiko inkesten arabera, jaso baitute azkena izango litzatekeela bozetan.
DPP, garai erabakigarrian
Oposizioaren zalaparta ikusita, DPP, agintean dagoen alderdia, batasun irudia erakusten ari da. Garai erabakigarri batean dago, Tsai ezin baita hirugarren agintaldira aurkeztu eta, beraz, beste hautagai bat aurkeztu behar baitu.
Lairekin batera, Hsiao Bi-khim aurkeztuko da datorren urtarrileko bozetan uharteko presidenteorde bilakatzeko. Atzo egindako agerraldi batean, Hsiao hilabeteotako aferarik garrantzitsuenetako batez mintzatu zen, Txinarekiko gatazkaz, eta esan zuen gerra ez dela «aukera bat», eta bere alderdia statu quo-ari eustearen alde dagoela. «Garrantzitsua da nazioarteko komunitateak gure [Txinako] homologoei esatea elkarrizketa dela bide bakarra gure arteko desberdintasunak konpontzeko».