Taiwango presidentetzarako bozak irabazi zituen Lai Ching-te independentistak joan den urtarrilean, baina haren alderdiak, DPP Alderdi Demokratiko Progresistak, gehiengoa galdu zuen parlamentuan egun horretan, eta galera hori nozitzen hasi da uharteko presidentea. Izan ere, gobernabidea areago kontrolatu ahal izateko erreforma sorta bat berretsi du gaur parlamentuak. Oposizioko alderdiek, hau da, Txinarekin lerratutako TPP Taiwango Alderdi Popularrak eta Kuomintang alderdiak, gehiengoa dute ganberan, eta hori baliatu dute.
Finean, lehen ez zeuzkan tresnak edukiko ditu parlamentuak gobernabidea gainbegiratzeko, eta presidentea azalpenak ematera behartu ahal izango du. Presidentearen alderdiaren ustez, Pekin dago oposizioak bultzatutako erreformaren atzean: «Mintzatzen direnak ez dira ez Kuomitangekoak, ez TPPkoak. Xi Jinping da [Txinako presidentea]», adierazi zuen DPPren talde parlamentarioaren buru Ker Chien-mingek maiatzaren 21ean, erreformez eztabaidatzeko saio batean. Aintzat hartu behar da Txinaren ustez bere lurraldearen parte dela Taiwan, haren kontrolik ez duen arren. Horrek tentsio militar diplomatiko eta militar handia eragiten du.
Azkeneko 24 urteotan, 2008 eta 2012 artean salbu, independentistak egon dira gobernuan. Gaurko bozketa egin aurretik, TPPren talde parlamentarioaren koordinatzaile Huang Kuo-changek adierazi du erreformak ekarriko duen «ikerketarako eskubidea» baliatuko dutela, hain justu, DPPk «iraganeko ustelkeria kasuei buruzko azalpenak» eman ditzan. 113 eserleku ditu ganberak, eta Kuomitangen (52) eta DPPren (8) artean 60 batzen dituzte. 51 dauzka DPPk.
Protestak eragin ditu erreforma sortaren tramitazioak. Maiatzaren 28an, parlamentuak aurrenekoz onartu zuenean, 70.000 bat pertsonak —mobilizazioen deitzaileen datuen arabera— ganberaren eraikinaren kanpoaldean protesta egin zuten. Gaur ere ehunka herritar bildu dira han. Gainera, erreformari buruzko osoko bilkuretan elkar iraindu dute parlamentariek; are, mutur joka ere hasi ziren maiatzaren 18an.
36Taiwanen ibili diren aireontziak. Taiwango Defentsa Nazionaleko Ministerioak gaur jakinarazi duenez, azkeneko 24 orduetan Txinako 36 aireontzi ibili dira hegan hango zeruan. Aintzat hartu behar da asteon AEBek onartu dutela uharteari drone eta misil sistema bat saltzea.
Parlamentuak berretsitakoa sinatzera behartuta dago Lai presidentea. Baina gobernuak agertua du Auzitegi Konstituzionalari erreformen konstituzionaltasunaz galdetzeko asmoa. Hori iradoki zuen Cho Jung-tai lehen ministroak atzo, parlamentuan. Iruditzen zaio aldaketen bidez «inoiz» izan ez duen boterea edukiko duela parlamentuak, eta «auzitegi baten moduan» jokatu ahal izango duela. Horren harira, Chok nabarmendu zuen botere banaketa urratzea ekarriko lukeela.
Zigor heriotza, mehatxu
Txinako Gobernuak agindu die auzitegiei, fiskalei eta estatu indarrei «gogor» zigor ditzatela Taiwanen independentziaren aldekoak, «herrialdea banatzeagatik eta legearen kontrako sezesio delituak egitera bultzatzeagatik». Hori jaso du Xinhua albiste agentziak, Txinako Segurtasun Publikoko Ministerioaren iturriak aipatuz. Informazio horren arabera, arau berriek 2005eko sezesioaren kontrako legea dute oinarri. Hain zuzen, lege horretan jasota dago Txinak militarki jo ahal izango lukeela Taiwanen kontra hark independentzia hartuz gero, edo hori egitear egonez gero.
Laik esan izan du lankidetza eta elkarrizketa sustatu nahi dituela Txinarekin, iruditzen zaiolako, haren hitzetan, «onuragarria» izango litzatekeela bi aldeentzat. Pekinek, baina, ez du harekin hitz egiteko asmorik. Horren guztiaren harira, gaur, Txinako Segurtasun Publikoko Ministerioaren funtzionario batek kazetariei esan die «sezesioaren krimena» egiten dutenei heriotza zigorra ezarri ahal izango dietela.
AEB-ak eta Txina, armA nuklearrez mintzo
Azken bost urteetan aurreneko aldiz, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak arma nuklearren inguruko elkarrizketei berrekin zieten iragan martxoan, elkarrizketa horietan izan ziren bi ordezkari estatubatuar aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu duenez. Horien arabera, bilkura hartan Pekinek hitzeman zion Washingtoni ez duela Taiwani arma nuklearrekin mehatxu edo eraso egiteko asmorik.
AEBen kezkak baretze aldera, Txinako ordezkariek ziurtatu zuten «modu konbentzionalean» egingo luketela borrokan uhartediarekin gatazka armatu bat hastekoak balira. Nolanahi ere, aintzat hartzekoa da eztabaida horietan ez zuela gobernuko goi kargudun batek ere parte hartu, eta bai, ordea, horien estrategien eta asmoen inguruko gertuko informazioa duten adituek eta ordezkariek.
AEBetako Defentsa Departamentuaren arabera, Txinak 500 buru nuklear ditu erabilgarri, eta litekeena da 2030erako mila inguru izatea. AEBek eta Errusiak, berriz, 1.770 eta 1.710 buru nuklear dituzte, hurrenez hurren.