Tahrir plaza isildu da

Mubarak agintetik bota eta bost urtera, plataforma politiko bat eratzeko asmoa agertu dute oposizioko 11 alderdik.Demokrazia eta askatasuna eskatu dute

Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentearen jarraitzaile bat, iragan urtarrilaren 21ean, protestak piztu zirenean, Tahrir plazan, Kairon. OLIVER WEIKEN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Kairoko Tahrir plazari muturrekoa jarri diote. Hosni Mubarak diktadoreak herrialdetik alde egin eta biharamunean, oihu ozen eta bakar batean lehertu zen plaza garai berri bati ongietorria emateko. Bost urte geroago, baina, protesten sinbolo eta epizentroa izan zen plaza isilik da. Egiptoko bandera erraldoia haga luze baten ertzean. Eta, inguruan, autoak eta poliziak baino ez. Oposizioko ahots disidenteak isilarazi ditu diktaduraren lekukoa hartu duen erregimen militarrak. Abdel Fata al-Sisik 2013ko uztailaren 3an emandako estatu kolpeaz geroztik, herrialdearen egoera ankerragoa da iraultza arabiarra piztu aurretik baino.

Hemezortzi egunez plazan elkartutako lagunek bazekiten trantsizioa ez zela erraza izango, baina litekeena da irudikatu ere ez zutela egingo gaur egungo panorama beltza. Tarek Shalabi da plazan haima jarri eta gau eta egunez «ogia, askatasuna, justizia eta duintasuna» aldarrikatu zutenetako bat. Haren hitzek ondo erakusten dute etsipena : «Denok pentsatu genuen herrialdea behingoz gurea izango zela eta diktadura amaitu genuela, baina iragana baino latzagoa da oraina: 50.000 preso politiko daude kartzelan».

Al Sisik Mubaraken lekua hartu duela uste du oposizioko buruak ere. Tamer Gumaa Al Dustur alderdiko buruak metafora batekin azaldu du: «Mubaraken garroek kontrolatzen dute dena; ustelkeria eta tiraniaren burua zen, eta, burua kendu arren, hor jarraitzen dute besoek eta hankek». Kairon ezkerreko 11 alderdik atzo bertan egindako foroan egin zituen adierazpen horiek Gumaak.Mubaraken besoak «erauzi» nahi dituzte, eta horretarako plataforma politiko bat eratzeko asmoa agertu dute: Askatasunak Defendatzeko Frontea. Ildo Demokratikoaren Koalizioarekin bat egiten duten bederatzi alderdiek osatuko lukete plataforma; baita Alderdi Sozialdemokratak eta Ogia eta Askatasuna alderdiak ere.

Desagertuak

Gobernuz kanpoko erakundeek ere iraultzaren urtemuga baliatu dute giza eskubideen urraketa salatzeko. Hisham Mubarak Zentrokoak jakitera eman du 1.500 lagun desagerrarazita daudela egun. Usama Nasif Eskubideen eta Askatasunen Koordinakundeko abokatuak salatu du azken hilabeteotan zabaldu egin dela «praktika» hori, besteak beste, «zigorgabetasunak babesten duelako».

Amnesty Internationalen azken txostenak ere kritika latza egiten dio erregimenari. Adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubideak mugatuta daudela dio, eta giza eskubideen urraketak «sistematikoak» direla; «atxiloketa arbitrarioak, desagerrarazteak, torturak eta exekuzioak ohiko praktikak dira, eta zigorgabetasuna erabatekoa da».

Egipton 2012an egin ziren aurreneko hauteskunde demokratikoak; Mohammed Mursi Anaia Musulmanen hautagaia nagusitu zen, antolatuta zegoen bakarra zelako —klandestinitatean ari ziren besteak— eta erregimenak ematen ez zituen zerbitzuak eskaintzen zituelako —hezkuntza, osasuna, elikagaiak—, baina, estatu autoritarioa eta islamista sortzen ari zela ikusita, protestak abiatu ziren, eta, egoera gaiztotu zenean, estatu kolpea emateko baliatu zuen Al-Sisik. Haren kontrako protestak, aldiz, indarkeriaz isildu zituen. Rabaa el Adauiya kanpalekuan, egun bakar batez 817 lagun hil zituzten —2013ko abuztuaren 14ean—; Tahrir plazan hemezortzi egun iraun zuten protestetan hildako kopuru bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.