Tahrir plaza, Bagdadekoa

Karlos Zurutuza Zuwarako amazig miliziarekin, Libian. BERRIA.
2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bagdaden nengoen Arabiar Udaberria deiturikoa piztu zenean. Kairon bezala, Irakeko hiriburuan Tahrir izeneko plaza dago, eta herriak hura ere hartu zuen, baina apustu makala zen nazioarteko prentsa Ipar Afrikari begira zegoela. Irak atzean utzi eta Libiara joatea erabaki nuen.

«Tunisian eta Egipton bukatu da, eta Libia kazetariz gainezka dago jada», bota zidan batek.

Berandutze horrek baino gehiago, beste zerbaitek ematen zidan bertigoa. Zilegi al da kazetaritza egitea erabat ezezaguna egiten zaizun herrialde batean? Libia betidanik herrialde hermetikoa izana zen, antolatutako bidaia garesti horietan baino bisitatu ezin zena. «Libian denok gara paraxutistak», esan nion neure buruari; huraxe kontsolamendu etiko bakarra.

Kazetari andanak Egiptotik Bengazira jo zuenez, nik Tunisiako sarbidea hautatu nuen. Libiako mendietan amazig herriarekin egin nuen topo, ustekabean. Tripolin, Misratan, Tawarghan… Libia zen misterio hura deskubritzen jarraitu nuen.

Bitartean, begi oker bat neukan Siriari begira. 2008an izan nintzen Rojavan lehendabizikoz, eta irrikan nengoen Siriako kurduak zertan ari ziren jakiteko. Euren lurraldea askatu bezain laster bueltatu nintzen, 2012ko udan. Libian egin bezala, orri hauetantxe kontatu nuen han ikusitakoa: Siriako kurduerazko lehen eskolak, gizarte zentroak, emakume kolektiboak, indar armatuak... Hamaika altxamendu armaturen lekuko izan naiz, baina, zalantzarik gabe, Siriako kurduena izan da ezagutu dudan iraultza bakarra.

Egun, Libia lurretik zeharkatzea gero eta arriskutsuagoa da. Bestalde, Damaskorako bisa hirutan eskatu dut 2011z geroztik, alferrik. Egoerak behartuta, eta gogoak bultzatuta, jarraitzen dut Libiako amazig herrietan sartzen Tunisiatik, eta Rojavan Irakeko Kurdistandik. Bidaia bakoitzean, amazigek kurduez galdetzen didate, eta alderantziz. Pasa den hilean, esaterako, Rojavari buruzko aurkezpen bat egitea eskatu zidan Libiako Amazig Kontseiluak.

Ohituta nago nire irakurleei errealitate bat helarazten, baina hura desberdina zen. Istorioan eragiteko, aktore bilakatzeko arriskua zegoen: nik emandako azalpenak amazigen erabakitze prozesuan eragin zezakeela pentsatu nuen. Aldi berean, ez al zuten amazigek informazioa jasotzeko nire irakurleek duten eskubide bera? Oso desberdina izango zen Rojavari buruzko nire artikulu bat BERRIAn, edo Libiako egunkari batean?

Ez zen zaila izan, agerikoa baita bi herrion arteko parekotasuna: bakoitzak bereari eutsi dio anabasaren erdian, dela proiektu politikoa, dela gizarte zibila, dela hizkuntza… Oztopoak oztopo, abian dira arabiarrak ez diren udaberrizale-ak. Nik ibilbide horren lekuko izaten jarraitu nahi dut.

Chesterton handiak zioen kazetariok istorio bat kontatzen dugula beti, baina inoiz ez hori nola hasi den, ez eta nola bukatu den ere. Joera hori haustekotan, berehala jabetzen zara zein zaila den istorio bat amaitutzat ematea, areago hainbat urtez jarraitu baduzu. Lerro hauek idazten ari naizela, hain juxtu, Bagdadeko Tahrir plazan protestak egon direla jakin dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.