Hirugarren gobernuburua da urtebete pasatxoko epean. Eta hori, ezinbestean, oraingoz bada ere, garai politiko baten erakusle bainoago, alderdi baten barne arazoen adibide bilakatu da. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren primarioen prozesua azkarra izan da, ezustekorik gabekoa eta batasun figura baten ingurukoa. Albiste ona SNPrentzat, baina, aldi berean, irudipen moduko bat, erronkak eta tentsioak bere horretan baitaude. Hori da diagnostikoa, John Swinneyk berak partekatzen duena.
Modu batera edo bestera, Swinney nahi gabe bilakatu da, gaur, Eskoziako lehen ministro —Eskoziako Alderdi Berdea abstenitu egin da, eta Alba Alderdiaren diputatuak alde bozkatu du—. Eta zer esanik ez SNPko buruzagi. 2000 eta 2004 bitartean alderdiko lider izan zen, eta horren ondoren jakinarazi zuen ez zuela inola ere asmorik postu horretara itzultzeko —izan zuen esperientzia txarragatik—; azkenean, ordea, hori egin behar izan du. Eta 2007tik iaz arte hainbat ministeriotan izan zen arren, epe horretan birritan eskatu zuen gobernutik ateratzeko —Nicola Sturgeonek ez zion utzi—. Orain, ordea, itzuli bakarrik ez, eta kabinetearen burua ere izango da.
Horrek guztiak agerian utzi du Swinneyk alderdiaren hobe beharrez eta betebeharraren zentzuak bultzatuta —eta alderdikideen presioagatik— eman duela pausoa, bere ibilbide politikoko handiena eta garrantzitsuena. Eta ez, preseski, unerik errazenean: SNP zatituta dago; gutxiengoan gobernatu beharko du; arazo eta galdera asko daude lege proiektu batzuei buruz —justiziak blokeaturiko trans legea, kasurako—; bigarren independentzia erreferendumerako bideaz ez dago berritasunik; eta Eskoziako Alderdi Laboristaren aldeko babesa handitzen ari da, inkesten arabera.
«Eskoziarentzat, aurrera egiteko modu egokia bere burua gobernatzea da», esan du Swinneyk parlamentuan, bozketaren aurretik. Esaldi horrekin laburbildu du nola gobernatu nahi duen arlo guztietan. Baina oposizioko alderdiek, bakoitzak bere modura, salatu dute «jarraipenak» ez duela ezer konponduko.
Hau da, finean, aurpegia aldatu da, baina arazoak ez dira konpondu. Hortaz, soilik denborak eta hauteskundeetako emaitzek argituko dute Eskoziako lehen ministro berria gai izango den erronka guztiak kudeatzeko eta politikoki bizirik irauteko. Herrialdeko politika SNPren inguruan mugitu eta moldatu da, batez ere 2011ko Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetatik —gehiengo osoa lortu duen une bakarra izan da—, eta hori datozen urteetan ere segurtatzen saiatu beharko da Swinney, arrakasta izate aldera.
Orekaren bila
Hasieran, behintzat, diputatu guztiak harekin lerrokatuta izango ditu, Kate Forbes Finantza eta Ekonomia ministro ohiaren (2020-2023) babesa jaso duelako; Forbesek, gainera, «postu nabarmen bat» izango du gobernuan. Eta hor izango du mantendu behar duen oreka, alderdikideak ados izan beharko baititu, eta, aldi berean, oposizioko alderdiekin lan egin beharko du, lege proiektuak onarrarazteko; baten aurrean amore emateak, noski, bestearen haserrea eragin lezake, eta, beraz, blokeo eta desegonkortasun mehatxua, berriz ere.
Aurreko hamarkadan erreferenduma lortzeko borroka zen SNP eta, oro har, mugimendu independentista elkartuta mantentzen zuen aldagaia. Baina bigarren galdeketa lortzeko ezintasunak urtu egin du itsasgarria, eta horrek zatiketak eragin ditu; edo, aldiz, jada existitzen ziren desadostasunak agerian utzi ditu. Horren jakitun da Swinney, eta horregatik esan du «atal berri bat» hasi nahi duela, «une gogor bat» pasatu ondoren. Negoziazioak ezinbestekoak izango dira, hark dioen modura, «elkarrekin jarduteko»; bai alderdian, baita oposizioko indarrekin ere.