Suzko borrokalariak, jihadisten infernuan

Estatu Islamikoko jihadistek, eremu bat galdu aurretik, su ematen diete petrolio putzuei, mendeku gisa, eta inguruko zelaiak minaz josi. Irakeko Al-Qaiaran izan da BERRIA. Mosuldik 55 kilometrora dagoen hiri horretako herritarrek putzu handiena amatatzea lortu berri dute: 'The hole'. Zuloa.

PABLO COBOS.
Al-Qaiara
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Abdulek sekula ez zuen pentsatuko suzko erraldoiei aurre egin beharko zienik egunen batean; ezta txikitan ere, suhiltzaileen taldean sartzearekin amets egiten zuenean, baina gerra etorri zen, eta, gero, are munstro handiago batek menderatu zion herria: EI Estatu Islamikoak. Mosuldik 55 kilometrora dagoAl-Qaiara. Irakeko armadak eta 700 miliziano tribalek askatu zuten iazko abuztuan hiria, baina, erretiratzen ziren bitartean, jihadistek erre eta minaz josi zizkieten petrolio putzuak, «herriko altxorrik handiena». Harrezkero, jo eta ke dabiltza suhiltzaileak sua amatatu nahian.

«Garro handi batzuen modukoak dira», esan dio BERRIAri Abdulek. Zapi batekin eta betaurrekoekin estalia du aurpegi errea. «Gaur, putzu bat amatatu behar dugu, oraindik ere sutan daudenetan handiena; The hole ezizena jarri diogu». Eta erantsi du: «Zuloa».

Alboan du Mohamed, beste suhiltzaile bat, borroka aurretiko otoitzean. Ke adar izugarri baten aurrean belaunikatu, eta xuxurlaka ari da: «Allahu akbar» (Ala da handiena). Gero, jaiki, bere uniforme horia jantzi, eta ur tutu ikaragarri bat koipeztatzen hasi da; azkenik, piezaka ahokatuko dute. Belztuak ditu hatzak. Belztua du aurpegia ere: zimurrez, ebakiondoz eta koipe arrastoz ilundua. Beste hiru suhiltzaile, berriz, mailu kolpeka ari dira estutzen azkoinak. Ongi lotu behar dituzte, suhiltzaileen kamioiak hornitzen hasi aurretik; hola baino ezin baitute garaitu «herensugea». Ezin dute izan isurbiderik.

Mohamed gogoratzen da, hunkituta, nola hasi zen orain amatatu nahian dabilen infernua. «Ez zen erraza izan; jazarraldia baino egun batzuk lehenago, armadako hegazkinek dozenaka mila panfleto jaurti zituzten hirira, bonbardaketak iragartzeko». Airetik jaurtitako mezu haietan «askapen indarrekin» kolaboratzera hertsatu zituzten herritarrak, eta argibideak eman zizkieten,Al-Tina herrixkara eta Al-Qaiara aire basera nola ihes egin.

Odolez blaitutako egun basak izan ziren. Estatu Islamikoak gutxienez 40 bizilagun hil zituen, kalifa herri autoaldarrikaturiko haren kontra kolaboratzen jardutea egotzita. Haietako gehienak, berriz, Irakeko indarrekin eta Ameriketako Estatu Batuak buru dituen nazioarteko koalizioarekin kolaboratzeagatik exekutatu zituzten, hiriko bizilagunei ihes egiten laguntzeagatik, edota Irakeko segurtasun organoetako kide izateagatik. Martiriak dira, tokian tokiko heroiak, zeinen izenak zementu hutsean gogoratzen baitituzte, hiria estaltzen duten harresietan.

Baina armada aurrera egiten hasi zenean, zibilak ezkutu gisa atxikitzen ez ezik, petrolio putzuak erretzen hasi ziren, haietatiko keak Irakeko abiazio militarraren operazioak eragotz zitzan. Atzera egiteko estrategia gisa ere baliatu zuten, porrot umiliagarriaren kontrako mendeku gisa. «Dena suntsitzen dute bidean; animalia amorratuak dira».

Batzuek lortu zuten frankotiratzaileei ihes egitea, baina beste batzuk hil egin ziren, edo zauritu, muturren aurrean zartatu zitzaizkielako muturreko islamistek herriko aldirietan jarri zituzten minak edo bestelako lehergailuak. «Putzu inguruetan daude mina horietako asko. Horrexegatik ematen ari gara hainbeste denbora haietara iristen. Lehenik eta behin, ondo begiratu behar dugu eremua. Ez dakit ziur zenbat putzu dauden sutan; bospaseiren bat edo. Gure kalkuluen arabera, 25 inguru erreko zituzten guztira», erantsi du Mohamedek.

Bada, 50 pertsona hil ziren, haurrak eta adinekoak gehienak, sute horiei darien gas toxikoek itota. Egun batzuetan, pozoitu egin zen airea. Pozoitze horiez gainera, EIk petrolio gordina isuri zuen Tigris ibaira Naymaren hobietatik; ingurumenari kalte izugarria ekarri dio horrek.

Amildegia

Hainbat probintziatako unitate batzuek soinez soin dihardute «zuloa» estaltzen: ingeniariak, teknikariak… Polizia batzuk ere badabiltza haien lana jagoten. Errekrutatu zutenean, obra batean ari zen lanean Abdul. Hauxe esan zioten: «Piztia gidatzeko behar zaitugu». Orain, burdinaz sendoturiko hondeamakina bat gidatzen du, eta bere bizia arriskatzen putzuraino gerturatzen den bakoitzean; amildegi horretan, «laba» bihurtzen da petrolio gordina. Halako sugar handiak ez dira urez eta ausardiaz bakarrik amatatzen: makinak, lurra eta zulagailuak behar dira.

Alde banatan, suhiltzaile talde bi ditu, eskolta emanez. Talde bakoitza bost suhiltzailek osatzen dute; indar betean eusten diote suteetako mahukari. Ezkerreko aldean, palaren sugarrak amatatzen dihardute; izan ere, suzko bihurtzen da putzura harea jaurtitzen duen aldiro. Eskuineko aldean, gelditu gabe dabiltza, Abdul dagoen kabina urez zipriztintzen; estoikoki eusten dio hantxe suaren sapari. Labe gori bat da. Lurruna dario Piztia-ri.

Hondeamakinak bazterrera egin du. Zulagailuaren txanda da. Zulatzea ez du bere egiteko nagusia, baina zulatzeko gailu deritzo. Langile bat azkeneko ukituak ematen ari da, eta keinuka ari zaio Aimani, azkeneko ukituak ematen ari da titan blindatua mendean hartu nahian. Zulagailuari borborka dario ura, sakoneraino hondoratzen ari dela; petrolioaren isurbidea aurkitu nahi du, eta behingoz itxi. Sugarrak amatatuz doaz, pixkanaka. Kolosoa amatatu egin da azkenean.

Ilunpetako hiria

Handik kilometro eskasera, artean estalki gris baten pean dirau hiriak. Zerumugan, ke adar itzelak, amesgaiztoaren oroigarri. Zubia txiki-txiki eginda, muturreko islamistek leherrarazi eta gero. Danteskoa da gertalekua, apokaliptikoa postala. Familia nahigabetu bat, belauniko, klaneko kide baten hilobi baten aurrez aurre. Jihadistek herriko kanposantuko hilarriak suntsitu zituzten, eta bizilagunei esan zieten debekatuta zeudela, halakorik ez zela-eta profetaren bizialdian. Herrira iritsi orduko, beren legeak inposatu zituzten, xaria islamiarrean oinarriturikoak, baita «zigor erlijiosoak» ezarri ere. Homosexualitatea, adulterioa, biraoak, iruzur egitea, lapurretak, zigarroak erretzea, edota alkohola edatea zigortzeko, jipoitu egiten zuten jendea, eskuineko esku-oinak mozten zizkieten, erbesteratu egiten zituzten, gurutziltzatu, harrika hil, edota burua mozten zieten. «Hori ez da islamaren legea, terrorearen legea baizik», esan du, irmo, beste merkatari batek.

Kartzelan, jihadistez mukuru daude ziegak. Handik iragatean ikus daitezke, kartzelako atetik bertatik, baina ezin barrura sartu. «Ezin gara fio, oraindik ere badira zelula zenbait lozorroan, baitaEIren aldeko jarraitzaileak ere; horren erakusgarri, atentatu suizidak jasan behar izaten ditugu oraindik», esan du bazarreko saltzaile kurdu batek —olibak saltzen ditu—. Baimen berezirik gabe, inork ezin du alde egin hiritik; nortasun guztiak egiaztatzen dituzte. Hasia da ehizaldia. Etenik gabeak dira etxe miaketak, atxiloketak eta sarekadak.

Poliziek ez dute nahi putzuei buruz galdetzea. Ddragunov fusila dauka eskuetan —Errusian egindako arma bat da—. Armadako kideak ere urduri dabiltza kaleetan patruilari. Halako batean, adinean sartua den gizon bat agertu da, baliza baterantz doala bizikleta eskuan; ez du geratu nahi, eta garrasika ekin diote, hura tokian bertan gerarazteraino; jaka zabaldu behar izan die adinekoak, lehergairik ez daramala ikus dezaten.

Metro gutxi batzuk aurrerago, haur batzuk daude. Gezurrezko kontrolgune bat eratua dute, eta jolasean dabiltza: harea zakuak eta egurrezko armak erabiliz, handik pasatzen diren autoak kontrolatzen ari direlako plantak eginez ari dira. Inguruko auto gidariei jostagarria iruditzen zaie, eta jolasean parte hartzen dute. Mutiko izoztuek, berriz, zoriontsu egiten dute irribarre, beren egitekoa betea dutelakoan.

Eremua galtzen

EI 2014ko ekainean sartu zen eskualdean, eta bere gain hartu zuen petrolio instalazio garrantzitsuen kontrola; horiek ustiatuz, erregai eta irabazi ugari lortu du, baina, oraindik orain, horietako asko kendu egin dizkiete gobernuko indarrek.

EIren Banku Zentralaren adar bat ere suntsitu berri da, eta horrek inoizko krisialdirik handiena ekarri dio talde islamistari. Horren eraginez, pixkanaka, gero eta gehiago jaitsi diete soldata borrokalariei. Murrizketak gertatu baino lehen, tokiko erdi mailako borrokalari batek 350 dolar irabazten zituen hilean —bi ordainalditan—. Europatik eta Ipar Amerikatik etorritako mujahidinek mailarik gorenetan dihardute; haiexek dute soldatarik handiena: baita milaka dolarretik gorakoak ere. Horrez gainera, batzuei familia laguntza bat eman ohi diote borrokalari bakoitzeko, kontuan izanik haiek beren kontura zenbat emazte —legezkoa da poligamia— eta seme-alaba dituzten. Gaur egun, hainbat energia baliabide galdu berri dituztelarik —hala nola Al-Qaiarako putzuak—, soldatarik gabe borroka egiten dute jihadista askok; beste batzuei, berriz, erdira murriztua diete ordainsaria.

Al-Qaiara hiria terroristen kontrolpean zegoen 2014ko ekainetik, eta, Mosul berreskuratuko bazuten, hura berriro konkistatu behar izan zuten, Irakeko Gobernuaren erasoaldia baliaturik; Mosul dute gotorleku Daexeko jihadistek. Oraindik orain, aurrerabide handiak egin dituzte armadak eta Irakeko herri indarrek.

Mosulen ekialdea konkistatuko duela iragarria du Golden Division-ek, AEBek entrenaturiko gudaroste elitekoak. Bukatua da Irakeko hiririk handienetan bigarrenetik Estatu Islamikoa egozteko gerraren lehen fasea. Orain, alderik zailenari ekin behar diote, ekialdekoari. Tigris ibaiaren beste ertzean, 650.000 pertsona baino gehiago bizi dira. Gerrillen gerra bat da.

Eguzkia sartzen da petrolio putzuetara. Hilzorian dago «zuloa», txingar hautsa baino ez da geratzen lurperatzeko zain. Inguruan, ilunpea da nagusi, ke laino trinko itogarri bat, ez arnasa hartzen, ez ikusten uzten ez duena. Otoitzaldia da berriro. Abdulek, Mohamedek eta Aimanek eskuak garbitu dituzte, tutu malguari darion ur xirripaz, eta fardeletatik manta saretu batzuk atera, eta belauniko jarri dira. Aurrez aurre, ke adar gris ikusgarriak dituzte mehatxari. Ez dute beldurrik, amorru biziaren aztarrena baino ez da. Suhiltzaileek, beren borroka partikularrena aurrera egin izanaz kontent, Alari eskaini diote beren burua. Bedeinkatua dute buru arratseko otoitzaldian; Salat deritzo. Gur egiten diote beren jainkoari, buruak lurreraino makurtuz. Urrutira, surak aditzen dira —hala deritzo Koraneko atal bakoitzari—: «Jainko gure jauna, emaguzu onena mundu honetan zein beste munduan, eta libra gaitzazu suaren zigorretik». Horiek ere mujahidinak dira, beren jihad —gerra santu— propioa borrokatzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.