Sussexeko Unibertsitatea, aitzindari klima justiziako ikasketetan

Klima Justiziako Gradua ematen hasiko dira irailean. Sustatzaileetako batek azaldu du ikasketa horietan sakontzeko beharra antzeman zutela, baina horretarako interesa ere.

NETHERLANDS CLIMATE PROTEST ICJ
Hainbat pertsonak iaz egindako protesta bat, Hagako auzitegiaren atarian (Herbehereak). LINA SELG / EFE
inaut matauko rada
2025eko apirilaren 27a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakintzaren alorrak ez dira emanak, naturalki sortuak, bilakaera prozesu baten fruitu baizik. Askotan historiaren aldaketekin bat datoz, eta garai historiko handiek funtsezko aldaketak ekarri dituzte akademiaren mundura. Immanuel Wallersteinek ondo azaldu zuen bilakaera hori Mundu-sistemen Analisia lanean: teologiak ezagutzaren espektro guztia hartzen zueneko garaia nola hautsi zuten filosofoek, eta, aldi berean, zientzia enpirikoago baten aldekoek nola leporatzen zieten filosofoei, teologoei bezala, «egia arbitrario» baten iturri izatea. Ondoren iritsi ziren fisika, kimika eta bestelako diziplinak, baita Frantziako Iraultzaren osteko errealitate soziala ikertzearen beharra ere.

Hari berari jarraituz, eta jakinda zer-nolako garrantzia bereganatu duen klima larrialdiaren kontuak, Ingalaterrako Sussexeko Unibertsitateak Klima Justizia, Jasangarritasuna eta Garapena gradua abiatzea erabaki du. Will Lock irakaslea da sustatzaileetako bat, eta azaldu du unibertsitateak eskaintzen dituen gainontzeko graduak bezalakoa izango dela, hiru urteko ikastaldi bat, alegia. Hala ere, beste ikasketa batzuetan gertatzen den bezala, etenaldi bat egin ahal izango dute, enpresetan edo erakundeetan urtebetez lan egiteko, edo unibertsitateak hitzarmenak dituen atzerriko entitateetan aritzeko.

Etorkizunera begiratzeko

Lockek uste du ikasketa programa berri bat abiatzean «beti» dagoela arrisku bat, bereziki «egonkortutako diziplina bat ez dagoenean atzean»; hala ere, balioko duela uste du, eta ez horrenbeste ikasle asko lortu ditzaketelako, baizik eta programa «baliotsua» izango delako. Azaldu duenez, «oso gogor» aritu dira lanean «hainbat diziplinaren arteko ikasketa programa zehatz bat garatzeko», eta gogoz daude ikasturte berria hasteko.

«Ikerketa askotan diote gazteek gehiago jakin nahi dutela klima aldaketaren inguruko politikei buruz»

Will LockSussexeko Unibertsitateko irakaslea

Hainbat gauzarengatik erabaki zuten gradu berri hori eskaintzeko abenturari ekitea. Lehenik eta behin, «garbi» ikusi dute hazten ari dela klima aldaketa ikertzeko interesa, batez ere klima larrialdia lantzen duten diziplinarteko masterrak ikasten ari diren ikasleen artean. «Ikerketa askoktan diote mundu osoko gazteek, eta bereziki Erresuma Batukoek, gehiago jakin nahi dutela, ez soilik klima aldaketaren inguruan, baizik eta klima aldaketaren inguruko politikei buruz».

Egun unibertsitateetan dagoen jakintza martxan diren aldaketekin eta ikasleek ikasi nahi dutenarekin konbinatzeko saiakera da, beraz, gradu horren abiapuntua, Lockek azaldu duenez: «Unibertsitatearen mundua eta hezkuntza berotzen ari den mundu batera moldatu nahi ditugu». Horregatik, orain arte eskaintzen zituzten ikasketak birpentsatu dituzte, eta klima justizian eta klima aldaketari buruzko politiketan oinarrituko den gradua garatu dute.

Diziplinarteko ikasketa

Hiru urteko gradu horren curriculuma unibertsitateko nazioarteko garapen departamentuak garatu du. Departamentu horrek, Locken esanetan, harreman handia du beste sail batzuekin, oso diziplinartekoa baita: «Irakaskuntza programak natura zientzia, nazioarteko harremanak, antropologia eta giza geografia eta halako jakintzen gaiak bilduko ditu, eta helburua horiek uztartzea izango da. Beraz, teoria politikoaren ideia garbia izango dute ikasleek, baita hura aplikatzeari buruzko jakintza ere». Bestalde, nabarmendu du nazioarteko garapenaren alorreko ikasketek garrantzi handia izango dutela, Sussexeko Unibertsitatearen espezializazio onenetako bat baita: «Sussex munduko lehen unibertsitatea da garapen ikasketen sailkapenean. Horrek modua ematen digu diziplina askotako jakintza uztartzeko eta hezkuntza oso zorrotza lortzeko, ostera erronka globaletan aplikatzeko».

«Ikasleen espektatibak aldatzen ari dira, eta hezkuntzari buruz dugun pentsaera zaharra diziplina bakarrean ardazten da»

Will LockSussexeko Unibertsitateko irakaslea

Gainera, uste du diziplinartekotasun horrek aukera emango duela klima krisia eta gizartearen gainontzeko krisiak uztartzeko: «Ingurumenaren krisia, bioaniztasunaren krisia eta krisi soziala».

Enpleguaren munduan ere aldaketak gertatzen ari direla uste du Lockek, bai enplegatzaileen aldetik, baita ikasleen aldetik ere. Izan ere, ikasleek ikasketa programa bat aukeratu ohi dute lan bat lortzeko asmoz. «Ikasleen espektatibak aldatzen ari dira, eta hezkuntzari buruz dugun pentsaera zaharra diziplina bakarrean ardazten da, lanpostu bakarrera murrizten da. Uste dut sistema hori hausten ari dela, zaila baita ikasle batek bermatua izatea ikasiko duen horrek lanpostu bat emango diola. Inoiz baino garrantzitsuagoa da ikasleek trebetasun asko lortzea. Uste dut programa garatu dugula ideia hori buruan izanda, ekonomia aldakorrerako beharrezkoak diren trebetasun ekologikoak lortu ditzaten».

Hala, uste du gradu berriko etorkizuneko ikasleek sektore askotan lan egiteko aukera izango dutela; ez soilik gobernuz kanpoko erakundeetan edo irabazi asmorik gabeko elkarteetan, baita enpresaren munduan ere. Politikan ere lekua izango dutela gehitu du: «Politikak garatzen dituztenek gero eta gehiago jardun behar dute klima aldaketarekin zerikusia duten gaiekin. Klima finantzaketan, klima komunikazioan eta kazetaritzan ere lekua egongo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.