Erresistentzia mugimenduen erreferentzia bihurtu da BBG gune autogestionatua Europan. Hura eraitsiko zuela iragarria zuen Frantziako Gobernuak, eta gaur gauean sartzeko agindu dio Poliziari. Tentsio handiko uneak izaten ari dira Poliziaren eta manifestarien artean.
Goizaldeko hirurak aldera sartu da polizia BBGan. Ekologistek salatu dute negar gasa eta zorabiatzeko granadak erabili dituztela haien aurka. Ekintzaileak Poliziari aurre egiteko antolatu dira, eta hainbat barrikada eraiki dituzte. Istiluak izan dira, eta molotov koktelak eta harriak jaurti dizkiete poliziei.
BBGko ekintzaileek prentsaurrekoa egin dute polizia operazioa salatzeko. "Suminduta" agertu dira, etxebizitza eta eremu komunitarioen suntsitzea dela eta. Gobernuari ohartarazi diote nahiko indar badutela Poliziak suntsitutako guztia berriz ere eraikitzeko, eta hala egingo dutela iragarri dute. BBGko kideek gizartea deitu dute gunera joatera, "proiektua babesten laguntzeko".
Frantziako Barne ministro Gerard Collombek, berriz, adierazi du BBGan bizi direnek eremua uzteko "gonbita" jaso zutela. Nabarmendu duenez, ekologista batzuek prefeturarekin elkarrizketa abiatzea onartu dute, eta "legediaren araberako nekazaritza proiektu bat" garatzen ari dira. "Horiek gobernuaren babesa dute", ziurtatu du.
Bretainiako Notre-Dame-des-Landesen aireportua eraikitzeko proiektuaren aurka sortu zen BBG gunea. Proiektuak ingurumenean sortuko zuen kaltea eragozteko, landa eremua okupatzera deitu zuten hainbat elkarte ekologistak. Egun, 300 ekintzaile baino gehiago bizi dira han.
Macronek urte hasieran jakinarazi zuen Notre-Dame-des-Landesen aireportua egiteko proiektuari uko egin ziola. Berrogei urte baino gehiagoko borroka baten garaipena izan zen BBG guneko ekologistentzat.
Frantziak 1970eko hamarkadaren erdialdean jakinarazi zuen asmoa zuela 2.000 hektareako eremu hartan aireportu bat egiteko. Nekazariek, baina, protestari ekin zioten, eta, gerora, 2009tik apalago eta 2012tik sendoago, erresistentzia mugimendu zabal baten babesa izan zuten.
BBG gunearen aurkako polizia operazioa salatzeko, mobilizazio batera deitu dute Baionan. Elkarretaratzea egingo dute 18:30ean, herriko etxearen parean.