Mendebaldeko kristau bizitzari buruz gordin hitz egin izan ohi du usu: «Ardoa ez baizik ozpina da, basurdeek suntsitutako mahastia», esan zuen Eliza katolikoko buruzagitza hartu eta gutxira, 2006ko urrian, gotzainen sinodoan. Joseph Ratzingerren figura aztertu duten hainbat adituren arabera, gertutik ezagutu zituen Eliza katolikoaren barruko lohikeriak, Fedearen eta Doktrinaren Kongregazioko buru egin zituen urteetan (1981-2005), eta doilorkeria horien likitsa garbitu ezinik egin ditu Benedikto XVI.aren gisara egin dituen urteak. 2005eko apirilaren 19an hasi zuen agintaldia, Joan Paulo II.aren heriotzaren ostean. Ordurako 78 urte zituen, eta aski jakina zen fedearen irizpide estuenetan gotortutako gizona zela. Alemanian 1927an jaioa, biografian ere baditu erauzi ezin izan dituen pasarte ilunak; nerabetan, esaterako, Hitlerren aldeko gazte taldeetako kide izan zen, sasoi hartako beste milaka gazteren gisan.
«Erlatibismoaren diktadura» huts larritzat jo du Ratzingerrek sarri. Gaztetan joera aurrerakoiekin lotuta egon bazen ere, 60ko hamarkadako errebolten suharrari susmo txarra hartuta, tradizioaren erretenera bueltatu zela diote adituek. Buruzagitza hartu zuenean egin ziren iragarpenak bete egin dira haren doktrinan: Vatikanoko II. Kontzilioan proposatutako bide berritzaileetan sakondu ordez, inboluziora jo du. Sexuarekin eta familia ereduekin lotuta moral hertsia izan du, eta eragilerik atzerakoienek jaun eta jabe jarraitu dute, hazita.
Joan Paulo II.arekin alderatuta, hedabideentzat gizon uzkurragoa izan da Ratzinger. Keinuetan urriagoa, haren hitzei erreparatu behar izan diete. Elizako hainbat erakundetan izandako pederastia kasuen inguruan esandakoei, esaterako, aparteko arreta jarri zaie. «Zenbat lohikeria dagoen Elizan, gure artean... apaizen artean», aitortu zuen 2005. urtean, Benedikto XVI.na izan aurretik. Baina gertaerak argitzeko eta zigortzeko keinu eraginkorrik egin gabe doa.
Azkenaldian berriek Ratzingerren ahultasuna iradoki dute, haren bakardadea ; iaz bere gertuko laguntzaile bat atxilotu zuten hainbat agiri sekretu lapurtzea eta ageriko egitea egotzita. Vatikano barruko botere goseari buruzko albisteak azaldu ziren, erakunde barruko arrakalak. «Suntsitutako mahastiaz» akordatuko zen, akaso, orduan berriz Ratzinger, etxe barruko amildegiaren sakonaz.
Vatikanoa. Benedikto XVI.aren dimisioa. Soslaia. Joseph Ratzinger
«Suntsitutako mahastian»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu