Suniten indar erakustaldia

Herrialde arabiarrek armada bateratu bat sortuko dutela iragarri ondotik, tentsioak gora egin du, eragile xiitekiko bereziki

Sabah al-Sabah al-Ahmad Kuwaiteko emirra Abdel Fata al-Sisi Egiptoko presidentearekin, Xarm el-Xeikhen. EFE.
Ane irazabal
Kairo
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Egiptoko abioi militarren zarata burrunbatsua etengabekoa da Kairoko zeruan. Armadaren hegazkinak hiriburuaren gainetik hegan egiten hasi dira, eta, egun batetik bestera, borroka armatu baten mamua berpiztu dute. Egiptok ez du gerra deklaraziorik egin, baina entrenamendu horiek argi utzi dute estrategia militarra gogortzeko prest dagoela Abdel Fata al-Sisi presidentea.

Izan ere, Arabiar Ligak armada bateratu baten sorrera iragarri berri du, eta Egiptoko Gobernuak ez du ezkutatzen Al-Sisiren ekimenez eztabaidatu eta onartu dela erabakia. «Libian eta Sinai penintsulan, talde jihadisten presentziak biziki arduratzen du Al-Sisi; horregatik, aspalditik ari da indarrak koordinatu nahian», irizten dio Hassan Nafah politologoak. Nafaheren aburuz, Al-Sisik lortu du Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidente ohi eta buruzagi arabiar ospetsuaren ametsa betetzea: «Indar militar bateratu bat sortzea zen Nasserren eta panarabismoaren helburu nagusia, eta, 60 urteren ostean, errealitate bihurtuko da».

Aurrerantzean, beraz, Ekialde Hurbileko herrialde sunitek operazio militar bateratuak egingo dituzte «eskualdeko mehatxuen aurka». Nafaheren iritziz, amaitu dira koordinaziorik gabeko esku hartzeak. «Iragan otsailean, Egiptok Libiako Estatu Islamikoaren posizioak bonbardatu zituenean, argi geratu zen Al-Sisik operazio militar bat hasi nahi zuela, baina ez bakarrik». Hedabide egiptoarren arabera, Arabiar Liga osatzen duten 22 herrialdeek elkarrizketa frenetikoak izan dituzte akordio bat lortzeko.

Oinarriak

Iragarpen horren atze-oihalean Yemen dago. Iragan astetik, bederatzi herrialde sunitez osaturiko koalizio batek huthi matxinatu xiiten aurkako erasoaldi bat hasi du Yemenen. Saudi Arabiak gidaturiko operazio militarrak hainbat gune estrategiko bonbardatu eta gutxienez ehun pertsona hil ditu.

Halaber, Nabil el-Arabi Arabiar Ligako buruak ozen adierazi du erasoaldiak aurrera jarraituko duela huthiek armak utzi arte. Koalizioak, ordea, ez du argitu airezko erasoez gain lurreko operazio bat ere abiaraziko duen.

Hori horrela, Yemengo huthien kontrako erasoaldia proba bat da armada bateratu berria egituratu nahi duten gobernuentzat. «Gure erabakia ez da herrialde baten aurkakoa, baina Ekialde Hurbileko anaia arabiarrok erakutsi nahi dugu geure burua defendatzeko gai garela», esan dio Egiptoko Atzerri ministro Sameh Xukrik telebista publikoari.

Edonola ere, iragarpenak galdera asko pizten ditu. Arabiar Ligak ez du argitu armada berria nola egituratuko duen. Erakundeko kideek eman duten informazio bakarra da lau hilabetean sortuko dutela armada eta eliteko 40.000 soldaduk osatuko dutela. Hegazkinak eta gerraontziak izango ditu, eta armada bakoitzeko buru nagusiek gidatuko dute. «Erronka zaila da; izan ere, gobernu guztiek indarrak batu beharko dituzte bakoitzak bere subiranotasuna galdu gabe», erantsi du Nafahek.

Denak Iranen kontra

Arabiar Ligak era bateratuan hitz egin du iragan asteburuan, eta armada berria sortzearen alde agertu dira kide gehienak. Egitasmoa zuzentzen ibili direnek, Saudi Arabiak eta Egiptok, ahaide suniten babesa jaso dute: besteak beste, Jordaniaren, Arabiar Emirerri Batuen, Marokoren, Kuwaiten eta Palestinako Aginte Nazionalaren berme osoa. Hamasek ere Yemengo huthien kontrako operazioa txalotu du; izan ere, Saudi Arabiako presioen ondorioz, Egiptok atzera egin du mugimendu islamista talde terroristen zerrendan sartzeko erabakian. Trukean, koalizioari sostengua eskaini dio Hamasek, eta agerian utzi du Iran-Siria-Hezbollah ardatzetik gero eta urrunago dagoela.

Baina erakunde panarabiarreko herrialde batzuek susmo handiz jaso dute indar bateratua sortzeko egitasmoa. Arrazoi ezberdinengatik, hori bai. Qatarrek, adibidez, Yemengo bonbardaketak babestu ditu, baina Libian esku hartzearen kontra agertu da. Irakeko Gobernuak, berriz, hitz gogorragoak erabili ditu, eta gaitzetsi egin du Yemengo operazioa. Bagdadeko gobernu xiitak ezin du ahaztu Iran dela bere hurbileko aliatua. Siria, berriz, Arabiar Ligatik kanpo dago 2011tik, eta Baxar al-Assad presidentearen aurkako oposizio ofiziala ez dute gonbidatu biltzarrera.

Hala ere, Arabiar Ligaren erabakiaren atzean Iranen itzala ikusten dute askok. «Ez da kasualitatea armada bateratuaren iragarpenak eta Yemenen kontrako bonbardaketak Iranen gaineko akordio nuklear posiblearekin bat egitea», uste du Nafahek. Politologoaren aburuz, Ekialde Hurbileko herrialde sunitak prest daude Estatu Islamikoari aurre egiteko, baina, aldi berean, argi utzi dute beraien kontrako mehatxurik handiena Iran ikusten dutela: «Huthiei erasoz, Teheranen hedapen militarra geratu nahi du koalizioak, Golkoko eremura irits ez dadin». Hala, Salman bin Abdulaziz al-Saud Saudi Arabiako errege berriak martxan jarri du hainbeste iragarritako fronte sunita berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.