Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa ez da denbora galtzen ari. Europako Batzordearekin Ipar Irlandarako Protokoloaz adosturikoaren berri eman ondoren, Komunen Ganberan izan zen herenegun, diputatuak limurtzeko asmoz, eta atzo Belfastera joan zen, alderdi politikoekin, enpresariekin eta herritarrekin biltzera. Sunakek badaki Windsor Esparru Hitzarmena haren agintaldiko lehen lorpen handia izan daitekeela, eta akordio horren balioaz konbentzitzeko kanpaina betean murgildu da. BBC Radio 4ren Today irratsaioari emandako elkarrizketan, itun horren arrakastarako neurgailu bat ezarri zuen, atzo: Ipar Irlandako gobernabidea berreskuratzea, hori delakoan hitzarmenaren arrakastaren benetako froga.
Herenegun, alderdi errepublikanoek eta unionistek ongietorria eman zioten Londresek eta Bruselak negoziaturiko akordioari, baina, oraingoz, ez dute horren inguruko jarrerarik hartu, TUV Ahots Tradizional Unionistak izan ezik —kontra agertu da—. Argudiatu dutenez, denbora pixka bat behar dute ituna sakonki aztertzeko, eta Sunakek esan du ez duela arazorik asmo horrekin. Halere, atzo, Erresuma Batuko lehen ministroak ugaritu egin zituen indar politiko horiei begirako mezuak, eta adierazi zuen Ipar Irlandako herritarrek «funtzionatzen duen gobernu bat merezi eta behar» dutela.
Windsor Esparru Hitzarmenean adosturiko Stormont Galgari ere erreferentzia egin zion Sunakek, batez ere DUP Alderdi Demokratiko Unionista konbentzitzeko. Horren bidez, Ipar Irlandako Asanbleak aukera izango du EB Europako Batasuneko merkatu bakarreko lege berrien aplikazioa blokeatzeko; gutxienez 30 diputaturen babesa beharko luke, eta, praktikan, eskari edo proposamen moduko bat da, Londresek izango duelako betorako eskumena. Hori bai, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek herenegun esan zuen espero duela «premiazko galga bat» izatea, eta Erresuma Batuko Gobernuak gehitu zuen ezingo dela «hutsalkerietarako» erabili.
Edonola ere, Sunakek atzo adierazi zuen mekanismo horren bitartez Ipar Irlandak zeresan handiagoa izango duela EBko legeen aplikazioaren inguruan; hain justu, hori zen DUPen eskarietako bat akordioari baiezkoa eman eta gobernua osatzeari bide emateko. 2021eko uztailean alderdi unionista nagusiak zazpi baldintza jakinarazi zituen Ipar Irlandarako Protokoloa onartzeko, eta, Erresuma Batuko lehen ministroaren ustetan, horietako bat betetzen du Stormont Galgak.
Horrekin batera, DUPen kritiketako bat da Ipar Irlandarako Protokoloak barne muga bat sortu zuela Erresuma Batuan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, azken horretako portuetan produktuen kontrolak egitea adostu baitzuten, Boris Johnson gobernuburu zela. Hori bideratzeko, Londresek eta Bruselak bi bideko mekanismo bat adostu dute hilabeteotako negoziazioetan: Ipar Irlandarentzako produktuak Bide Berdetik joango dira, eta ez dute kontrolik pasatu beharko; EBn sartuko direnak—Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugatik—, aldiz, bai, eta horiek Bide Gorritik joango dira.
Sarbide «pribilegiatua»
Hori kontuan harturik, atzo Sunakek Belfasteko zenbait langileren aurrean argudiatu zuen Ipar Irlanda «munduko eremu ekonomikorik zirraragarriena» dela, Erresuma Batuko eta EBko merkatuetarako sarbide «pribilegiatua» baitu: «Estatus sinestezina da, paregabea. Beste inork ez du hori. Inork ere ez. Zuek bakarrik, soilik hemen».
Printzipioz, Erresuma Batuko lehen ministroarentzat, errazena Bruselarekin ados jartzea izan da, eta zailena izango da batez ere alderdikide tory euroeszeptikoak eta DUP konbentzitzea. Bi horiek ez dute oraindik iritzirik eman Windsor Esparru Hitzarmenaren inguruan, baina horietako ordezkari batzuek ez dute begi onez ikusi akordioa. Kasurako, Ian Paisley eta Sammy Wilson Komunen Ganberako diputatu unionistek, herenegun gauean esan baitzuten itunak ez dituela betetzen haien alderdiak zehazturiko zazpi baldintzetako batzuk.
Jeffrey Donaldson DUPen buruzagiak, ordea, atzo argudiatu zuen ez dagoela barne zatiketarik haren alderdian, eta Londresen eta Bruselaren arteko akordioari buruzko iritzia «erabaki kolektibo bat» izango dela. «Behar den denbora hartuko dugu. Hau ongi egin behar da», adierazi zion BBC Radioren Good Morning Ulster irratsaioari.
Sunakek nahi du Ipar Irlandako gobernabidea datorren apirilaren 10a baino lehen berreskuratzea, Ostiral Santuko Akordioak 25 urte beteko baititu egun horretan —mahai gainean dago Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen bisita—. Michelle O'Neill Sinn Feinen presidenteordea Erresuma Batuko lehen ministroarekin mintzatu zen atzo, telefonoz, eta adierazi zion abiaturiko bideari eutsi behar diotela, Ipar Irlandako Gobernuak eta Asanbleak berriz funtziona dezaten.
Sunakentzat, Ipar Irlandako gobernabideak frogatuko du akordioak arrakasta duen
Erresuma Batuko lehen ministroak iradoki du itunarekin aurrera egingo duela, DUPen erantzuna edozein dela ere. Alderdiaren erabakia «kolektiboa» izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu