Sunakek uztailaren 4ra aurreratu ditu hauteskundeak

Alderdi Kontserbadoreko buruak ezohiko bilkura batera deitu du kabinetea, eta horren ondoren eman du erabakiaren berri; datorren astean desegingo dute parlamentua. Alderdi Laboristako buru Keir Starmerren arabera, «aldaketarako» ordua da.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Londresen. NEIL HALL / EFE
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Londresen. NEIL HALL / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 22a
18:15
Entzun

Zurrumurruak baino ez zirenak baieztatu ditu Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak: uztailaren 4ra aurreratu dituzte Komunen Ganberarako hauteskundeak. Kabinetea ezohiko bilera batean elkartu da han 16:15ak zirenean —Euskal Herrian 17:15etan—, eta horren ondoren eman du lehen ministroak erabakiaren berri, Downing Streeteko atarian. «Erregearekin [Charles III.a] hitz egin dut gaur goizean, parlamentua desegiteko baimena eskatu diot, eta, haren onespenarekin, uztailaren 4an egingo ditugu bozak». Sunaken arabera, orain herritarrei dagokie hautatzea «noren esku» egongo den etorkizuneko erabakiak hartzea.

Goizean goizetik giro bereziki mugitua nabaritu da gaur Downing Street inguruan, Sunakek egindako adierazpen batzuen harira. Lehen ministroak ziurtatu du Komunen Ganberarako hauteskundeak urte honetako bigarren erdian egingo dituztela; hau da, uztailetik aurrera, baina ez du egunik zehaztu. Adierazpen horiek egin ondoren, ezohiko bilera batera deitu du kabinetea, eta horrek alarma guztiak piztu ditu. Zeresana eman du, gainera, gobernuko zenbait ministrok euren agenda eten izanak Sunakek deitutako bilerara joan ahal izateko. Besteak beste, David Cameron Atzerri ministroak bertan behera utzi du Albanian zuen bilkura bat, eta Grant Shapps Defentsako idazkariak atzeratu egin du Lituaniara egitekoa zuen bidaia.

Egutegiari erreparatuta, beranduenez 2025eko urtarrilaren 18an ziren egitekoak hauteskundeak, eta, Erresuma Batuko hedabideen arabera, litekeena zen boz horiek urrian edo azaroan egitea. Baina, bozak aurreratuta, bestelako norabide bat hartu du herrialde horretako agenda politikoak, eta datorren astean desegin beharko dute parlamentua. 

«Uztailaren 5ean, biotako bat izango da lehen ministroa: Keir Starmer edo ni neu».

 RISHI SUNAKErresuma Batuko lehen ministroa

Bozen albistea emateaz gain, agintaldiko «erronkak eta lorpenak» labur azaltzeko probestu du Sunakek hitzaldia. Esan du Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Erresuma Batuak bizi izan dituen «bost urterik gogorrenak» izan direla, baina kontserbadoreek asmatu dutela horiei «aurre» egiten, eta herritarrek badakitela zertarako gauza diren. «Ezin dut gauza bera esan Alderdi Laboristaren inguruan, ez baitute planik, ez ekintza ausartik; eta, hortaz, etorkizuna ezegonkorra baino ezin da izan haiekin».

Lehiarako prest

Askotariko erreakzioak ekarri ditu Sunaken iragarpenak; hori bai, haren alderdiaren barruan piztu ditu kritika gehien. BBC hedabideak toryen gertuko iturriak aipatuz kaleratu duenez, «ikarak» hartu ditu Alderdi Kontserbadoreko hainbat parlamentari, eta horietako zenbaitek adierazi dute Sunaken aurkako konfiantza mozio batera deitzeko asmoa dutela.

Bestela hartu du albistea Alderdi Laboristak. Sunakek iragarpena egin eta minutu gutxira, laboristen buru Keir Starmerrek bideo bat zabaldu du. Bideo horretan, argi esan du: «Eman toryei bost urte gehiago, eta gauzek okerrera baino ez dute egingo». Are, aldaketarako garaia dela azpimarratu du, eta, haren arabera, «laboristen eskutik» iritsiko da aldaketa hori.

Liberal Demokraten lider Ed Davey ere aldaketaren alde lerratu da. «Herrialde osoan, herritarrak aldaketa eskatzen ari dira, eta hauteskunde hauek hori egia bihurtzeko aukera dira». Eta Eskoziako lehen ministro eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru John Swinneyk esan du «toryak gobernutik kentzeko eta Eskozia lehenesteko» garaia dela.

Aintzat hartzekoa da 2021etik hona egindako inkestetan laboristek hogei puntu ingururen aldea atera dietela kontserbadoreei; eta, hortaz, aukera handiak izango lituzketela datorren bozetan lehen indarra izateko, azken hamalau urteetan lehen aldiz. Indar aldaketa horren iragarletzat jo litezke hilabete hasieran egin zituzten udal hauteskundeak. Hain zuzen ere, kontserbadoreek nabarmen egin zuten behera boz horietan: hirugarren egin zuten, eta, kontrara, laboristek aspaldiko emaitzarik onenak lortu zituzten. «Uztailaren 5ean, biotako bat izango da lehen ministroa: Keir Starmer edo ni neu», esan du Sunakek.

Hilabete gorabeheratsuak

Aldaketa, eztabaida, liskar eta gorabehera handiko agintaldia izan dute toryek. Horren adierazgarri da, kasurako, 2019tik hona hiru lehen ministro izendatu izana: Boris Johnson lehenbizi (2019-2022); Liz Truss  ondoren —49 egun eman zituen karguan—; eta Rishi Sunak azkenik, 2022ko urritik hona.

Hein handi batean, Ruandako deportazio planak baldintzatu du Sunaken agintaldia. Horren harira, kontserbadoreen arteko muturrekoenek buru egin zioten lehen ministroari, eta denetik izan zen alderdi barruan: krisi bilkurak, matxinada ohartarazpenak eta konfiantza mozioa aurkezteko mehatxuak. Esaterako, agertoki horretan kendu zuten kargutik orduko Barne ministroa, Suella Braverman, zeinak Sunaken deportazio plana birritan kritikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.